'Hitza'-k eta BERRIAk harpidetza kanpaina eginen dute Iparraldean, EEPk lagunduta

Ipar Euskal Herriko Hitzako urteko harpidetza sei euroan egiten ahalko dute herritarrek, eta BERRIAlagun izaten ahalko dira urtean 25 euroren truke.

Hitzaren harpidetza kanpainaren aurkezpena, EEP, Baiona, 2023ko azaroaren 20an
Iñaki Etxeleku eta Maider Behotegi EEPren egoitzan, arratsaldean. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2023ko azaroaren 20a
16:22
Entzun

Ipar Euskal Herriko Hitza-k eta BERRIAk harpidetza kanpaina berezia eginen dute Euskararen Erakunde Publikoarekin partaidetzan. Egun aurkeztu dute egitasmoa Iñaki Etxeleku Ipar Euskal Herriko Hitza-ko kazetariak eta Maider Behotegi EEPko lehendariak. Harpidedun berriak erakartzeko diru laguntza emanen die EEPk: Ipar Euskal Herriko Hitza-ko urteko harpidetza sei euroren truke egiten ahalko dute herritarek 2024ko ekainera arte. Egun, 24 euroko kostua du urteko harpidetzak, baina datozen hilabeteetan EEPk bere gain hartuko du harpidetzaren kostuaren %75. Denbora berean, BERRIAlagun izateko kanpaina ere eginen dute Ipar Euskal Herrian; urteko harpidetza 25 eurokoa izanen da 100 euroren ordez, EEPk gainerako 75 euroak bere gain hartuko baititu. Zehaztu dute BERRIA Lagun bilakatuz gero Ipar Euskal Herriko Hitza-ko harpidetza barne izanen dela.

Etxelekuren ustez, «euskararen egoera ikusirik» euskarazko hedabideen lana «funtsezkoa» da. Bide horretan, erran du kanpainaren helburua dela gero eta herritar gehiago «euskaraz irakurtzera bultzatzea egunerokoan». Haren arabera, euskarazko hedabideek «ezinbesteko betekizuna» dute euskararen normalizazioan eta biziberritzean.

Maider Behotegi EEPko lehendakariak ere uste du «ezinbestekoa» dela egunerokoan euskarazko hedabideen presentzia «sustatzea». Erran duenez, 2022ko inkesta soziolinguistikoak erakutsi du «euskararen erabilerari begira erronka handia» zela, eta, alde horretatik, EEPk euskarazko hedabideak laguntzeko duen borondatea berretsi du.

Leku publikoak helburu

Harpidetza kopurua emendatzeko xedez, espazio publikoetan, merkataritzan eta harrera tokia duten guneetan, «bereziki» landuko dute Ipar Euskal Herriko Hitza-ren harpidetzaren hedatzea. «Euskarazko prentsari ikusgarritasuna emateko eta espazio horietako erabiltzaile edo bezero euskaldunei zerbitzu hobea eskaintzeko sakonduko dugu espazio hauetan Hitza-ren presentzia». Behotegiren arabera, gaur egun, leku publikoetan euskararen presentzia ez da «nahikoa», eta uste du kanpaina hori hobetzeko urrats bat izan daitekeela.

Etxelekuren ustez, leku publikoek herritarrei parada ematen diete ezagutzen ez duten astekari bat ezagutzeko, irakurtzeko, «eta, zergatik ez, harpidetzeko». Horiek horrela, kanpaina Ipar Euskal Herriko «eragile eta komunitate engaiatuari» buruz zuzenduko dute, nagusiki.

Jauzi bat

Kanpaina, bestalde, BERRIAk egin duen aldaketaren baitan kokatu dute. Izan ere, BERRIAk hogei urte bete ditu aurten, eta, zuzendari aldaketarekin batera, «jauzi digital sendoa eta sakona» iragarri zuen. Bada, egun egin du «jauzi» hori. «Helburu nagusia da kazetaritzak, munduak eta, batez ere, euskarak dituen erronkei aurre egiteko, garaiari behar bezala erantzungo dion egunkari sendo eta modernoa egitea, kazetaritza propioa landuz eta jendearen kezkak erdigunean jarrita».

Hala, aldaketa horren baitan, Ipar Euskal Herriko Hitza ere berritu dela erran dute, «irakurleei edukietan eta diseinuan zerbitzu hobea» eskaintzeko asmoarekin.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.