Bidegurutzean, bi tentsioren elkargunean, eta bi gorputzek bat egin dezaketen tokian, hor topatzen dira euskara eta feminismoa, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre antropologo eta kazetarientzat. Are gehiago, topagune hori euskara da, Agirreren ustez: «Hizkuntza sozializazioak eta genero sozializazioak bat egiten duten lekua». Hain justu, talaia horretatik aletu zituzten atzo Agirrek eta Eskisabelek euskararen eta feminismoaren arteko loturak, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Genero Batzordeak antolatutako Euskara eta feminismoa zikloko lehen mahai inguruan. Azaroko hurrengo astearteetan izango du segida jardunaldiak, eta atzokoa gaiari «gorputza» jartzeko lehen urratsa izan zen. Elhuyarreko Eider Olazar izan zen aurkezle lanetan, Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat hitzaldian.
Pandemia aroak baldintzatu ditu saioak, eta online segitu zuten entzuleek solasaldia. Saioa hasterako, 200 lagunetik gora zeuden konektatuta, eta hitzaldiak iraun bitartean 300 pertsona ere batu ziren. Olazarrek, dena dela, jakinarazi zuen 482 lagunek izen eman dutela jardunaldietan. Horietatik gehienak irakasleak dira —98—; beste asko, euskara teknikariak —77—; 38, berdintasun teknikariak, eta beste 38, euskalgintzako langileak. Aletu zituen beste datu batzuk ere: entzule gisa izena eman dutenen %88 andreak dira, %2 ez-binarioak, eta %10 besterik ez gizonak. Gainera, herri mugimenduetan dabiltzan parte hartzaile gehienak mugimendu feministako kide dira.
Ez dira datu hutsak. Nolabait, Eskisabelek eta Agirrek ordu eta erdiko hitzaldian harilkatu zutena gorpuzten baitute datuok: hizkuntza hautuak eta horrekiko engaiamenduak sexu-genero sistemarekin harreman estua duela, hizkuntza ez dela komunikaziotresna hutsa, hitzen bidez ekintzak egiten direla, eta, hortaz, emakumea ez ezik, euskalduna ere egin egiten dela. Eta egiteko eta ekiteko manera horrek sexu-genero sistemaren araberako joera duela, azken finean.
Hizkuntza feminizatua
Parte hartzaileen profilaz gain, bestelako datu batzuk ere jarri ditu mahai gainean Eskisabelek. Besteak beste, nabarmendu du joan den Euskaraldian izena emandakoen %62 emakumeak direla, euskaltegietako ikasleen ia %70 ere bai, eta Soziolinguistika Klusterraren hizkuntz erabileraren inkesten arabera emakumeek gehiago erabiltzen dutela euskara, adinez nagusiagoak direnen taldean izan ezik. Horren harira gogoetarako hainbat galdera proposatu ditu: «Non eta zertarako eskatzen da euskara? Nor dago ahalegina egiteko prest?».
Euskararen erabilera, beraz, feminizatuta dagoela esan du Eskisabelek. Ez, ordea, eremu guztietan: «Euskara nagusi den herrietan, askotan eredutzat ditugunetan, herritar eta euskaldun jatorraren irudian euskararen erabilerak eragina duen horietan, maskulinitatearekin lotura du», ohartarazi du Agirrek. «Interesgarria litzateke horri ikuspegi kritikoz begiratzea, guztientzako bizigarriagoa eta justuagoa den gizarte bat sortzeko».
Gainontzean bai, sexu-genero sistemaren arabera osatutako rol eta estereotipoetatik abiatuta bi kategoriatan bereiz liteke andreek euskararekin izan duten harremana, Eskisabelek azaldu duenez: «Batetik, ama zaindariaren rola dago, euskararen biziberritzearen eta gordailu lanean aritutakoena. Eta, bestetik, txoriburukeriagatik edo modagatik euskara ukatu duen horrena». Bi kategoriek, edonola ere, zokoan uzten dute bai hizkuntza eta bai emakumea, haren arabera. Eskisabelek gogora ekarri du Teresa del Valle antropologoak iruditeria hori hausteko egindako lana.
«Zaintzaren ideologiarekin» lotu du hori Agirrek: «Euskara ez da gatazkarako edo politikarako gauza... Izan behar da atsegina, babeskorra, erasango ez duena. Kuriosoki, sexu-genero sistemaren arabera emakumeei esleitzen zaizkien balore berak dira. Horregatik diogu euskaldun izateko era feminizatu bat eraiki dugula, eta euskararen atxikimendua ere feminizaziotik egin dugula».
Azpiratze eta bateratzeak
Hain zuzen ere, euskalduna eta emakumea, biak menperatzeko moduak bertsuak direla diote bi antropologoek. Naturalizazioa aipatu du Agirrek mekanismo gisa: «Berdin menperatzen da hizkuntza gutxitua, berdin emakumea. Metodo berdinekin eta ezaugarri berdinekin: emakumea baldin bada goxoa, etxea, zaintzara emana, ez politikara emana, ez gatazkara... euskarari dagokionez, berdin esaten dugu».
Era berean, hizkuntzak duen balioa azpimarratu du Agirrek. Haren esanetan, hizkuntza ez da komunikazio tresna hutsa. Aitzitik, diskurtsoak eraikitzea ekintzak egitea da, antropologoaren arabera. Alegia, hizkuntza islatu egiten da «bizitza materialean», genero sistema bezainbeste: «Generoa hitzaren eta ekintzaren bitartez gauzatzen da. Ez da abstraktua: erabileran eta eguneroko praktiketan agertzen da genero desberdintasuna eta botererik eza». Euskara, hizkuntza gutxitua izanda, bidegurutze horretan topatzen da, hain justu.
Eta, horregatik, biek —euskalgintzak eta feminismoak— elkarri ikasteko dituztenak eta elkarrekin bidea egiteko dituzten aukerak nabarmendu ditu Eskisabelek: «Identitateari lotutako diskurtsoa justizia sozialaren auzi bilakatu du feminismoak, eta horrek balio du euskalgintzarako; euskalgintzak, berriz, hainbat egitasmo eta erakunde sortzeko gaitasuna izan du urteetan, eta interesgarria da feminismorako».
Bidegurutzean aurrera segituko dute datorren astearteko saioan Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunak eta Lutxo Egia idazleak, Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara hitzaldian.
Hitza eta ekintza gorpuztean
Euskarari eta feminismoari buruz gogoetatzeko lau saio antolatu dituzte Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak. Lehen saioan, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirre aritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu