Klima aldaketaren mehatxuari erantzungo diogu, hori egin ezean etorkizuneko belaunaldiei traizio egiten diegula jakinda». Barack Obama AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak klima aldaketa mahai gainean jarri zuen karguaz jabetzeko ekitaldian. Washingtonen. Noiz, eta urtarrilaren 21ean, AEBko ordezkariek Dohako (Qatar) klima aldaketari buruzko goi bileran akordioak zaildu eta hilabete eta erdi geroago. Berretsi ez duen Kyotoko Protokoloaren lehen fasea bukatu eta hiru astera.
Klima aldaketak gobernu gehienen mahai gainean jarraitzen du, baina ez beharko lukeen indarrarekin, elkarte ekologista eta zientzialari askoren ustez. «Erabakiak hartzeko garaia epe laburrean atzeratzen ari dira; ematen du inoiz ez dela une egokia serio jartzeko», kritikatu du Julio Bareak, Klima Aldaketaren Kanpainako Greenpeaceko arduradunak.
Dohako klima aldaketari buruzko goi bilerak hori islatzen duela gaineratu du; hala, aurrerapauso «txikiak» aitortu arren, Barearen ustez, ez datoz bat unearen larritasunak eskatzen duenarekin. Erantzukizunez jokatu eta politika «hipokritei» mugak jartzeko eskatu du Bareak. Australia jokabide horren adibidetzat erabili du: «Ikatzaren meatzaritza eta merkataritza sustatzen ari da etengabe, eta, aldi berean, lehen ministroak klima aldaketari leporatu dio azken asteotan jasan dituzten suteak eta muturreko tenperaturak».
Dohan gertatutakoa ulertzeko, Kyotoko Protokoloaren lehen konpromiso aldia aztertzea komeni da; hain zuzen ere, bost urteren buruan amaitu zen aldia, 2012ko abenduaren 31n. «Kyotoko Protokoloa azken bi hamarkadetan nazioarteko diplomaziak lortu duen akordio nagusietako bat da», gogorarazi du Iñaki Barcenak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta Ekologistak Martxan-eko kideak. Dena den, hitzarmen horrek arazo bat izan duela gaineratu du: «Ez da baliagarria izan klima aldaketaren iturriak zehazteko eta, batez ere, horien ardurak zehazteko».
Ingurumen Justizia mugimenduak herrialde industrializatu aberatsak erantzuletzat jo zituen Kopenhageko klima aldaketari buruzko goi bileran. Ordea, Barcenak salatu du herrialde horiek ez dituztela zegozkien konpromisoak bete. Hori egin beharrean, Kyotoko Protokoloaren Mekanismo Malguak baliatzen saiatu direla salatu du. «Isurtzeko baimenak eskubide bihurtzen saiatu dira, eta titulu horiek merkantilizatzen, herrialde txirotuei saldu ahal izateko».
Horrez gain, zenbait herrialdek, gas isuriak murriztu beharrean, gehiago kutsatzeko eskubideak erosi besterik ez dutela egin salatu dute talde ekologistek. Espainia izan da salerosketa horretaz gehien baliatu den herrialdeetako bat. 2012ko urriaren 4an, konpromisoak betetzeko mugatik hiru hilabetera, Poloniari 100 milioi tona inguru CO2 isurtzeko eskubidea erosi zion, 40 milioi eurotan. Horrenbestez, Kyotok agintzen zion baino gehiago isuri arren, gehiegizko isurpen horiek egiteko eskubideak erosita, konpromisoa bete du. Hau da, Kyotoko helburuak desitxuratu dituzten zenbait eragile agertu dira.
EAEko isuriak, Kyoto barruan
Pilar Unzalu Ingurumen sailburu ohiak azaldu zuen 2010ean klima aldaketa eragiten duten gas isuriak %2 jaitsi zirela, 1990. urtearekiko alderatuta. Kyotoko Protokoloaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoak 1990ean baino %14 gehiago isurtzeko baimena zutenez, helburua lortutzat jo zuen.
Ordea, Eusko Jaurlaritzak badu zer hobetu klima aldaketarako borrokan. II. Ingurumen Esparruko Planean energia kontsumo eta ekoizpen helburu gehienak ez zituzteen bete hiru herrialde horietan: kontsumoa 975.000 petrolio tonaren baliokide jaistea, kontsumoaren %29 energia berriztagarrien bidezkoa izatea, garraioan 177.000 petrolio tonaren baliokide bioerregai erabiltzea...
Doha, aukera galdua
Kyotoko oinarriaren gainean, Dohako klima aldaketari buruzko goi bileran gutxieneko akordioak lortu zituzten. Oso gutxienekoak. Kyotoko Protokoloaren bigarren konpromiso fasea abiarazi zuten 2013-2020 eperako —1990. urtearekiko, %18ko murrizketa—, eta 2015erako nazioarteko beste akordio baterako gutxienekoak finkatzeko helburua zehaztu zuten.
Murrizketa zientzialari askok eskatzen dutenaren azpitik dago; bestalde, Greenpeacek salatu du, interes ekonomiko ugari direla medio eztabaidagai askoren gainetik pasatu zirela, edo gai batzuetan geldiuneak zeudela aitortu zutela: gasak isurtzeko baimenen luzapena, bestelako mekanismo malguen erabilera, klima aldaketaren eragin handiena jasaten duten herrialdeei laguntzeko funtsa... Ordea, gehien kutsatzen duten herrialdeak akordio horretatik kanpo geratu ziren.
Barcenaren ustez, NBE Nazio Batuen Erakundearen ezintasuna «nabarmena» izan da. Azken bi hamarkadetako joera hori izan dela gogorarazi du, erabakiak G-8an edo G-20an hartu direlako; herrialde boteretsuenen bileretan, alegia. «Dohan erantzukizun klimatikoak ondo banatzeko zuzentasun printzipioa, eta galeren eta kalteen neurketak eztabaidatu dituzte, baina oso herrialde gutxik parte hartu dute akordioan», gogorarazi du Barcenak.
Bestetik, Bareak nabarmendu du gehien kutsatzen duten herrialdeen artetik askok ez dutela sinatu nahi izan bete beharreko akordiorik. Ordea, 2015. urterako akordioa sinatu beharko dutela sinetsita dago Greenpeace. Elkarte ekologistak lanean jarraitzearen garrantziaz ohartarazi du, urte horretan akordio egokia lortu ahal izateko. Atzo esandako hitzek bihar CO2ak eraman ez ditzan.
Ingurumena. Klima aldaketaren inguruko konpromisoak
Hitza eman, CO2ak eraman
Nazioartean mugarritzat jo daitekeen Kyotoko Protokoloaren lehen zatia bete ostean, ekonomikoki indartsuen diren herrialdeen konpromisoa lortzeko ezintasuna agerian geratu da klima aldaketari buruzko goi bileretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu