Transformazio digitalarekin ezinbesteko bihurtu da hizkuntza teknologien ikerketan sakontzea, eta helburu horretan laguntzeko sortu dute Hitz ikerketa zentroa. Gaur egin dute zentroaren aurkezpena, Donostian. Gizartean, enpresetan eta erakundeetan «hizkuntza-teknologiaren transferentzia masiboa aktibatzeko» sortu dute zentroa, Eneko Agirre zentroko zuzendariak azaldu duenez. Haren hitzetan, EHUko ikerketa zentro berriak «teknologiaren transferentzian, kulturgintzan, gizarte garapenean eta formakuntzan» lan egingo du, eta hizkuntzaren teknologietan eta euskararen «tratamendu konputazionalean» erreferente bilakatu nahi du. «Inguruko ikerkuntza zentro, zentro teknologiko, enpresa eta erakundeekin elkarlanean, Euskal Herria Europako hizkuntza teknologia eta adimen artifizialaren gune bihurtu nahi dugu».
Gaurko aurkezpenean, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Nekane Balluerka EHUko errektoreak ere parte hartu dute. Bildarratzek azpimarratu du Hitz zentroak bat egiten duela «egungo hizkuntza teknologia beharrekin eta etorkizuneko erronka eta aukerekin». Haren esanetan, hiru ezaugarrik bat egiten dute zentro berrian: hedapenak, bikaintasunak eta internazionalizazioak.
Balluerkaren esanetan, berriz, «oso pozgarria» da unibertsitatearentzat horrelako zentro bat sortu izana. Nabarmendu du Hitzen ekarpenak «estrategikoak» izango direla adimen artifiziala garatzeko, eta zientzia aplikatuen eta esperimentalen prozesatzeetan aurrerapenak egiteko balio izango dutela haren lanek.