Hitz egiten duten harriak ulertzen

Geologia aitzakia hartuta, Plentzian egunpasa egin dute Gorabideko hamabi erabiltzailek eta lau begirale boluntariok. Bertan, fosilak ikusi, flyschari eta dunei buruz ikasi, eta klima aldaketaren inguruan mintzatu dira.

Ibilbide geologikoa atzo, Plentzian. JON URBE / FOKU
Ibilbide geologikoa atzo, Plentzian. JON URBE / FOKU
irene baranano
2024ko abuztuaren 7a
05:00
Entzun

Bizkaiko zubitik Gaztelugatxera doan kostaldeak Bizkaiko flyscharen parke geologikoa bustitzen du. Plentziako hondartzak ere badu flysch formazio geologiko bitxiaren zati bat, eta bertara joan dira adimen urritasuna duten hamabi kide, artatzen dituzten Gorabide elkarteko lau begiralerekin. «Gauza asko ikasiko dituzue: geologia, historia, kultura…», motibatu ditu Imanol Lopezek, bisitaren gidaria izango den geologoak, Plentziako metro geltokian harrera egin dienean. Ekobideak geoturismoari eta ingurumen hezkuntzari buruzko enpresako kudeatzailea da, eta nabari zaio eskarmentua duela geologiaren fenomenoak publikoari ahalik eta modurik ulerterrazenean azaltzen.

Gorabideko erabiltzaileei, metroan egin duten bidaia berritsuaren ostean, entzuteko garaia heldu zaie. 40 eta 60 urte bitarte dituzte gehienek, baina kementsu ibiltzen den 82 urteko kide bat ere badute. Adinen eta soslaien arabera taldekatzen dituzte, ahalik eta erosoen egon daitezen, Laura Cabezas Gorabideko aisialdiko arduradunak azaldutakoaren arabera.

Plentziako geltokiko zubia zeharkatu eta itsasadarraren alboan geldituta, «Norantz doa ura?», galdetu die gidariak. Uraren norabidearen eta ur lasterren inguruan ikasi dute, eta, bat-batean, aho batez eten dute eztabaida, kide batek komunera joateko beharra zuelako. Ezagutzen dute ibilaldi geologikoaren garrantzia, baina kideen beharrizanak premiazkoagoak dira.

Udaletxe aurrera heldu dira gero, eta Plentzia herriaren itsas jatorriaz aritu dira, lurrean hainbat arroka motaz marraztutako herriaren armarriari begira. Hura inguratzen duten lauzetako batzuk ereño gorria izeneko kareharrizkoak dira. Izenak dioen bezala, zoru, eliza eta eraikin dotore askotako arroka gorria da, baina milioika urteko fosil zuriz zipriztinduta dago. «Gizakienak edo beste edozein animaliarenak izan zitezkeen», azaldu du Lopezek, «baina gehienak behintzat molusku bibalbio hauenak dira», antzinako animalion marrazkiak bilatu ditu infografiak dituen karpeta batean, taldeak alderatu ditzan. Buruarekin baietz egin dute batzuek, eta figurak aztertzen jarraitu dute besteek. Bitartean, gidariak nabarmendu du Gautegiz Arteagan (Bizkaia) ustiatzen den arroka bitxi hori nazioarteko ondare harri izendatu berri duela Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunak.

(ID_14142458) Gorabidek ibilbide geologiko bat antolatu du Plentzian
Imanol Lopez geologoa, ibilbide geologikoaren gidaria, atzo, Plentzian. JON URBE / FOKU

Flyschean jarri dute arreta ondoren. Hondartzari begira, arroka geruza gogorrek eta ez hain gogorrek tartekatuta osatutako formazio ikusgarria aurkitu dute. Gidariak fenomenoa atzamarrez nabarmendu, eta berriro ekin dio kontakizunari: «Liburu batean bezala, munduaren milioika urteetan kapitulu batzuk daude, eta flyschak horiek aztertzeko aukera ematen digu».

Hondartzan hesituta dauden tarte batzuen inguruan galdetu du erabiltzaile batek. Dunak leheneratzeko guneak dira. Hesitu dutenetik, hasi da 50 bat zentimetroko menditxoa pilatzen. «Datozen 25 urteetan itsasoaren mailak metro erdi gora egiten badu, adituek iragarri bezala, hondartza handi hau ia osorik desagertuko da», azaldu die Lopezek, «duna honek, beharbada, paseoa salbatuko du». Entzuleak kezkatuta agertu dira klima aldaketaren ondorioekin, eta, gidariaren ustez, litekeena da egoera aurreikuspen horiek baino latzagoa izatea.

Zaintza eta oporrak

Taldea lau begirale boluntariorekin doa, erabiltzaileek zailtasunak dituztenean laguntzeko: esaterako, komunera joan behar dutenean, edo bazkariak antolatu behar direnean. Plentzian, baina, zera erakutsi dute: denek elkar zaintzen dutela. Taldekide batek ohartarazpen garrantzitsuak ahots goran oihukatzen dituen bitartean —«Buelta geltokira!» edo «Eguzkitako krema!»—, beste batek begirale bati ohartarazi dio liztor bat sorbaldan duela, eta kontuz ibiltzeko. «Autonomia handia dute gehienek; gu laguntzeko baino ez gaude», azaldu du Olatz Galindez begiraleak.

Boluntarioak dira taldearekin doazen lau emakume gazteak. Galindezen arabera, «udaz gozatzeko daukaten aukera da; bestela, batzuek sofan eserita pasatuko lukete». Taldeak ekintzak izango ditu hamabostaldi honetako astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan. Bi orduko saioak egiten dituzte; bazkaldu, eta etxera buelta. Modalitate hori pandemiarekin sortu zuten, eta eutsi egin diote. Aurretik, astebeteko egonaldiak bakarrik egiten zituzten, eta, berreskuratu badituzte ere, orain erabiltzaile bakoitzak nahiago duen aukera hautatu ahal du, erabiltzaileek eta familiek uda ahalik eta erosoen igarotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.