Euskarak askotariko erregistroak ditu, eta badu bat aproposa lagunartean, konfiantza giroan erabiltzeko: hitanoa. Hori suspertzeko asmoz, ZirHika mugimendua sortu dute Euskal Herri osoko hitanoaren aldeko zenbait eragilek. Gaur egin dute aurkezpena, Donostian.
Badago zereginik. Izan ere, datuen argitara, hitanoa ez dago bereziki osasuntsu. ZirHikako kide Idoia Etxeberria Elorzak eta Uxoa Elustondo Arzallusek azaldu dutenez, Badihardugu euskara elkarteak egin zuen inkesta bat, eta agerian geratu zen panorama: galdetegia bete zutenen %55ek esan zuten hitanoaren egoera eskasa edo oso eskasa dela; %11k baino ez zuten uste egoera ona zela. Bereziki nokaren —emakumeekin erabili ohi den aldaeraren— galera da kezka iturri, eta horri erantzun asmo dio taldeak: «ZirHika taldea hitanoa —bereziki noka— biziberritzeko sortu da, euskararen normalizaziorako». Gazteen artean ere eragin nahi dute: «Gure asmoa da euskaldunen artean —bereziki gazteen artean— hitanoaren erabilera areagotzea eta sendotzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hiztunak aktibatzea, euskararen erabilera indartzeko».
Horretarako, prest dute 2025eko jarduna. Lehenengoa Euskaraldia Hika izango da. Nahi duten herriek egitasmoan izena eman beharko dute; dagoeneko 66k eman dute pausoa, eta martxoaren 1era arte dago aukera zabalik. Herri horietan nahi duten herritarrek H jartzen duen pegatina bat jasoko dute. Euskaraldian bezala, ahobizi edo belarriprest izateko aukera edukiko dute. «Ez dago hika jakin beharrik H ipintzeko; hitanoa ikasi edo entzun nahi duenak ere ipin dezake. Hika egitea biren arteko tratua da». Horrela, hitanoari ikusgaitasuna eman asmo diote: «Zuka ez ezik hika ere entzuteko edo hitz egiteko balio du, hitano hiztunak aktibatzeko eta sortzeko, eta hitanoa plazaratzeko».
Horretaz gainera, beste zenbait asmo ere badituzte buruan. Besteak beste, Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatuko dute; Markiña-Xemeinen (Bizkaia) izango da, azaroan. Eta Euskal Herriko II. Hikadromoa ere egingo dute. Halaber, berrikuntzak ere egongo dira: esaterako, Bertsozale Elkartearen eta UEMAren udalekuetan hitanoa txertatu asmo dute, eta praktika onen dekalogo bat ere onduko dute. Etorkizunari begira jarrita, plan estrategiko bat ere osatuko dute, eta ZirHika taldea sendotu nahi dute. Horretarako, nahi duen oro taldean parte hartzera deitu dute.
Hitanoa noiz eta norekin?
Zirhikako kideak ez ezik, Andrea Bella uruguaitarra eta Amaia Agirre eta Andoni Egaña bertsolariak ere izan dira aurkezpenean. Bakoitzak hitanoarekin egindako ibilbidea eta bizitako esperientziak izan dituzte ahoan. Esaterako, Bellak kontatu du Uruguain ikasi zuela euskara, eta lagun baten bidez izan zuela hitanoaren berri; orain, hika mintzo da: «Egunerokoan, lagunekin hika egiten dut».
Agirrek ondo gogoan du etxean ez ziotela hika egin, ez berari, ez anai-arrebei. Baina gurasoak entzun ohi zituen hizketan: «Amak bere anai-arrebekin beti egiten zuen hika, eta gurasoek beren lagunartean ere bai». Hortaz, uste du «modu inkontzientean» jaso zuela. Egun, baina, kontziente-kontziente erabiltzen du hitanoa: «Irakaskuntzan nabil, eta erronka eta apustu bezala hartu dut ikasle guztiei hika egitea, baina ez da beti hain erraza, zeren binarismoa sartzen da hor. Niretzat, hitanoak gauza ia denak onak ditu, baina hor badauka bere arantzatxoa». Halaber, esan du bertsotan ez dela askorik entzuten, baina egon direla ahaleginak: «Gipuzkoako finalean, Aner Euzkitzek eta Oihana Iguaranek egin zuten saio bat noka; noski, erabat adostuta. Ahalegin bat da; niretzat, txalotzeko moduko ahalegina».
Agirrek ez bezala, Egañak zuzenean jaso zuen etxean: «Birramonari berorika egiten genion; aitona-amonei eta gurasoei, zuka; eta anaiei, hika». Anaiei bai; arrebari ez, ordea: «Gurasoek beti mutiloi hika egin izan digute; alabari, zuka, haserretzean salbu. Sexismo hori bizi izan dugu, eta gaur da eguna anaiok elkarri hika egiten dioguna, arrebari zuka eta arrebak niri hika. Ez dezagun tratamendu sexista hori transmititu».