«Sendoa», «eredugarria», «eztabaidaezina»... Adjektibo ugari erabili dituzte SEO/BirdLife elkarteak eta Alduide Mendia koordinakundeak, Zilbetiko magnesita harrobia geldiarazi duen sententzia deskribatzeko. Jose Luis Beaumont abokatua izan da, ordea, argien hitz egin duena: «Nafarroan, historikoa da halako epai bat, eta aurrekaria ezarriko du». Izan ere, ebazpenaren kontra helegiteak aurkezteko epea zabalik den arren, balizko errekurtso batek oso aukera gutxi izanen lituzke aurrera egiteko. «Sententzia blindatua dago».
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak urriaren 9an argitaratutako epaiaren arabera, Magna Magnesitas de Navarra enpresak Zilbetin egin nahi duen harrobiak «kalte onartezina» eginen luke Natura 2000 sareak babesten duen eremuan. Hasieratik egitasmoaren kontra agertu diren elkarteek agerraldia egin zuten atzo Iruñean, sententziaren balorazioa egiteko eta «beste garapen eredu bat» aldarrikatzeko.
Beaumonten aburuz, epaileen erabakia aurrez ikusteko modukoa zen, «argi baitzegoen proiektu horrek ez zuela ez hankarik ez bururik». Abokatuak gaineratu du Nafarroako Gobernuak lege tramite ugari «egin gabe» utzi zituela, eta harrobiaren balizko kalteak nabarmentzen zituzten zenbait txosten «tiraderan ahaztuta» gelditu zirela. «Sententzian bertan irakur daiteke ulertezina dela gobernuak txosten horiek bere garaian aurkeztu ez izana». Hala ere, erabaki horien atzean egon litezkeen ardura politikoak zehaztea zaila izanen dela esan zuen Beaumontek atzoko agerraldian.
Edonola ere, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena aurreko gobernuaren kontrako «makilakada» dela uste dute talde ekologistek. SEO/BirdLife elkarteko bozeramaile Ramon Elosegiren esanetan, gobernu berriak helegiterik aurkeztuko ez balu, ontzat emanen luke sententziak UPNri egiten dion kritika. «Prozesu osoaren baliogabetasuna onartuko luke».
Alduide Mendia koordinakundearen izenean, Juan Luis Martinezek poza agertu du ia bost urteko prozesu luze eta neketsua amaitu delako: «Dirua eta denbora galdu ditugu bidean, eta are tristeagoa dena, bizilagunen arteko harreman asko kaltetu dira auzi honen ondorioz. Baina mendia eta ingurua babestea lortu dugu, eta hori zen hasierako helburu nagusia». Martinezen ustez, UPNk Nafarroako Pirinioetako herrietan ezarri nahi zuen garapen eredua «urrezko arrautzen oiloa hiltzearen gisakoa» izan da. «Badira mendia ustiatzeko eta mendialdean lan egiteko bestelako ereduak, naturari kalte egin gabe», azpimarratu du.
Sententzia horrek galera ekonomikoak eragin ditzakeela diotenen aurrean, SEO eta Alduide Mendia elkarteetako bozeramaileek gogorarazi dute Magnaren bideragarritasuna ez dagoela jokoan, eta enpresak babes bereziko eremuetatik kanpo lan egiteko aukera duela. «Ez dugu onartzen garapen ekonomikoa eta ingurumenaren babesa kontzeptu kontrajarri gisa aurkeztea», laburbildu du Martinezek.
«Historikotzat» jo dute Zilbetiko harrobiaren aurkako epaia
Sententzia begi onez hartu dute SEO/BirdLife eta Alduide Mendia elkarteek.Zail ikusten dute balizko helegite batek aurrera egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu