Historia ofizialak dio andreak XX. mendearen erdialdean sartu zirela lan merkatuan, baina hori «mito» bat dela uste du Haizea Belzak, Ipeseko koordinatzaileak: «Emakumeek beti egin dute lan». Euskal emakumeen historia osatzen ikastaroa antolatu dute Ipesek eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean, eta lan esparruari buruz atzo Eibarren (Gipuzkoa) egindako saioan aitortzaren beharra nabarmendu zuen Belzak. Historia ikuspegi feministatik aztertzean aitortzarik ezaren ondorioak agerian geratu direlako: «Emakumeen lana ez da baloratu, eta horrek haien estatusa baldintzatu du».
Oihane Valero historialariak azaldu duenez, lan merkatu arautuan ez ezik, arautu gabean ere jardun izan dira andreak, hau da, ekonomia ezkutu deituriko horretan: «Soldata zeukaten, txikia, baina eskubiderik ez». Antzinako erregimenaren eta industrializazioak ekarritako kapitalismoaren arteko talkan kokatu du Valerok lanaren ideiaren bilakaera. Lehen sektorea ekonomiaren oinarri zenean, baserriak bizitzeko behar beste ematen zuenean, bazegoen sexuaren araberako lan banaketa, «baina etxekoandreen lana sozialki baloratuta zegoen».
Baserri buruaskiak desagertzearekin batera, «gizonei egotzitako soldatapeko lanekin» hasi ziren etxeko beharrak osatzen. Baina abagune hartan etxetik kanpo enplegu bila atera ziren andreak ere, «ezkutuan, ikusezin, eta patriarkatuak haientzat utzitako esparruetan». Dena den, sektore maskulinizatuetan ere jardun ziren, bai azpiegituren alorrean, bai lan astunetan, Lourdes Rodriguez irakasleak agertu duenez: «Emakumeen ahulezia topikoa dela agerian geratzen da garai bateko argazkietan: lan gogorrak egiten zituzten, zamalanak eta».
Industrializazioak gizonen eta emakumeen arteko harremanak aldatu zituela erantsi du. Batetik, baserrien eredua baztertu eta hiriena gailentzearekin «etxekoandreen lanaren balioa ere galdu zelako»; bestetik, andreak etxean edukitzeko estrategia ideologiko handia abiatu zelako: «Emakumeak etxetik atera zirenean, familia zaintzeko hainbeste denbora ez zutenez, heriotza tasa igo egin zen. Konturatu ziren haiek etxean edukita umeak eta gizonak osasuntsuago zeudela, eta lan indarra sendoago; baina ez ziren konturatu gizonaren soldatarekin sarri ez zela nahikoa».
Izan ere, etxeko lanak emakumeen ardurapean egon dira beti, «horiek lantzat ez hartu arren». Ez XIX. mendean, ezta egun ere, Rodriguezen hitzetan: «Merkatu arautua izozmendiaren punta da; ur azpian dago arautu gabekoa, tartean etxeko lanak, sistemari eutsi ahal izatea dakartenak. Kapitalismoak doako etxeko lanetan ateratzen du negozioa, ordaintzen ez duenarekin eta sortzen ez dituen zerbitzuekin».
«Zapalkuntza hirukoitza»
Hain justu, industrializazioaren ondoriozko bereizketaren kontra hasi zen indartzen borroka feminista Euskal Herrian, 1970eko urteetan. Amaia Andrieu irakasleak kontatu zuen atzo nolakoa izan zen bilakaera hura ezker abertzalearen barruan. Prozesu zaila irudikatu zuen, feminismoaren planteamenduen aurkako erresistentzia ugari zeudelako: «Iparraldean errefuxiatuen inguruan bildutako emakumeak konturatu ziren ezkerreko egiturek zapaltzen zituztela. Zaplazteko handia izan zen. Orduan hasi ginen zapalkuntza hirukoitzaz hitz egiten: sexua, klasea eta nazioa».
Ikuspegi kritikoarekin mintzatzen da Andrieu, adibidez, KAS Emakumeak taldearen bideaz. Ezker abertzalearen barruan gazte edo langileentzako guneak sortzeko dinamikan jaio zen, 1978an, eta bizpahiru urteren ondoren desagertu, barne kontraesanengatik: «Garai hartan ez zegoen feminismoarekiko konpromisorik».
1981etik aurrera, haren lekua hartu zuen Aizan! taldeak. Euskal emakume langilearen kontzeptua eratu zuten, «zapalkuntza hirukoitzaren» auzia beste modu batean izendatu, eta andreen eskubideen aldeko borroka nazio eta klase borrokekin uztartu ahal izateko. «Borroken arteko erlazioan benetan sinesten genuen», gogora ekarri du Andrieuk.
Aizan! taldearen ostean heldu zen Egizan, 1987an, eta, harekin batera, mugimendu feminista Euskal Herriko gatazkaren konponbidean txertatzeko aldarrikapena. Subjektu politiko feministaren kontzeptuaren hastapenak izan ziren: «Mugimendu feministari izaera politikoa aitortzeko eskatzen genuen, politikan eragin eta erabakietan parte hartu ahal izateko. Egun ere planteatzen da negoziazio mahaian mugimendu feministaren ordezkaritza adostu bat egon behar dela».
Eta 1990eko urteetan, geldialdia. «Hamarkada beltza izan zen, feminismoaren erakundetzearen ondorioz». Instituzioek mugimenduaren diskurtsoa bereganatu izana deitoratu du, feminismoaren beharra zalantzan jartzeraino. Militantzian nabaritu zen: «Batzarretako parte hartzaile kopuruan jaitsiera handia egon zen, eta egun oraindik ez da lortu emakume gazteak hurbiltzea».
Halere, ezker abertzalearen barruan geldialdia ez zen erabatekoa izan, Andrieuren arabera. 1998an «eragile feminista bihurtzeko prozesua» abiatu zuen. 2001ean emakume abertzaleek egindako nazio batzarrean, alderdi politikoak hartu zuen Egizan-en lekukoa. 2003ko oinarri ideologikoetan islatu zen: «Ezker abertzale feministarantz leloa aurrerapauso handia izan zen guretzat».
Ordurako martxan zen Euskal Herriko Bilgune Feminista —berriki hamar urte bete dituena—, helburu zein militantzia molde berrituekin. 2002an, Emakumeen Mundu Martxari begira, erakundeen arteko koordinakundean elkartu ziren talde feministak, sindikatu eta alderdietako emakume sailekin. «Euskal Herriko lehen erakunde feminista nazionala» izan zela gogorarazi du Andrieuk, eta ildo horretan jarri du etorkizunerako erronka: «Mugimendu feministak erakunde nazional iraunkorra behar du, Euskal Herriko taldeen aniztasuna bilduko duena».
Martxoan Leitzan (Nafarroa) egindako Emakume Abertzaleen Topaketetan agertu zen ideia berriz. Ilusioz jaso eta eztabaidatzen ari dira. Andrieurentzat funtsezkoa da: «Batetik, erakundetzerik gabe ez gaituztelako entzungo. Eta, bestetik, intentsitate baxuko sexismoa aro politiko berriarekin uztartzen den honetan nondik jo aztertu behar dugulako».
Historiari so, lana aitortzeko
Emakumeen ekarpena historiaren kontakizunean txertatzen ari dira UEUk eta Ipesek antolatutako ikastaro batean. Andreek «beti» egindako lanaren zein borroka feministaren bilakaera aztertu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu