Isabel Mellen eta Virginia Lopez de Maturana historialariek Memoria historikoa genero-ikuspegiarekin gida idatzi dute, eta Emakunderen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesean aurkeztu, xede bat betetzeko asmoz: «Emakumeak kontakizun historikoan txertatzea eta haien bizipenei eta esperientziei balioa ematea, utzi duten ondarea babesteko, azaleratzeko eta haien desagerpena saihesteko». Mellenek (Gasteiz, 1986) azpimarratu duenez, kontakizun historiko hegemonikoan «gizona subjektu bakar gisa» eratu da nagusiki, eta, beraz, beste pertsona edo kolektibo batzuk kanpoan geratu dira.
Zergatik idatzi da kontakizun historikoa emakumeak alde batera utzita?
Emakumeak eta gizon gehienak ere baztertu dituzte kontakizun ofizialek. Gaur egun dugun iraganaren kontakizuna garai jakin batean sortu zen: XIX. mendean. Orduan berraztertu zituzten zientzia guztiak, eta beste batzuk abiatu: biologia, artearen historia... Eta hori guztia Ilustraziotik zetozen alborapenez abiatu zuten. Ilustrazioa elitista baitzen, gizon zuri europar aberatsek gidatua. Horiek ez zuten ordezkatzen herritarren %1 ere, baina aurreko ezagutza alboratu eta irakurketa berriak inposatu zituzten, euren posizioari zilegitasun soziala emateko. Beraz, nola eraiki dute diskurtso historikoa? Estereotipo jakin batean aurkezten den gizon zuri protagonista batekin. Esan beharrik ez dago: heterosexuala ere bada gizon hori. Esango nuke horrek ez diela bakarrik emakumeei eragiten, baizik eta pertsona askori. Sarritan entzun dugu historia garaileek idazten dutela; bada, bai, ordena sozialari zilegitasuna emateko historia idatzi dute.
Baina emakumeak dira, finean, kontakizun horrekin gehien kaltetuak, ezta?
Bai, hala da, zeren eta emakumeen inguruko ezagutzarik eza genero alborapenekin ordezkatu dute, hau da, errealitatetik urrundutako faltsukeriekin. Ondorioz, gezurrez beteriko kontakizun historiko bat dugu: kanpoan utzi dituzten eduki asko, emakumeak ikusezin egiteko, eta, beste guztiaren gainetik, zorroztasun zientifikoa ere bai.
Zorroztasun zientifikoa alde batera utzitako kontakizunen adibideak aipatu ditzakezu?
Garai historiko guztietako adibideak jaso ditugu liburuan. Kontua da XIX. eta XX. mendean emakumeei ez zietela inongo garrantzirik eman historia kontatzeko, eta irizpide hori bera aplikatu dute iragan guztia azaltzeko. Azken bi mendeak izan dira garai misogino latzenak Mendebaldean; batzuk harritu egiten ditu horrek, baina bai, aparteko misoginia pairatu dugu beste garai historiko batzuekin alderatuta. Zorroztasunik ezaren adibide bat aipatzearren, historiaurrea azter dezagun. Garai horri buruzko idatzirik ez dago, eta hor genero alborapen guztiak sartu dituzte, XIX. eta XX. mendeetan irudikatu zuten guztia. Eta horrelaxe iritsi zaigu irudi barregarri hori: emakumea kobazuloan sartuta, umeak zaintzen eta garbitzen, eta gizonak mamutak ehizatzen. Bada, ez ziren kobazuloetan bizi, eta apenas ehizatzen zituzten mamutak. Baina, hori barregarria izanda ere, urteen poderioz lortu dute jendearen burmuinean sartzea. Ez dago ezagutza handirik historiaurreko gizarte horien inguruan, eta asmatu egin dute, emakumea kobazuloan sartuta, museo serio askotan ikus daitekeen moduan.
Eta hurbileko memoria historikoari dagokionez, hura ere zorroztasunetik urrun egiten da?
Aro hori idatzien, irudien eta arkeologiaren bidez lantzen da, baina baita testigantzen bidez ere. Protagonistei galdetzen diegu, baina sarritan soilik herritar batzuei galdetu diete, gizonei alegia. Gizonek eta emakumeek oso desberdin bizi dituzte gertakizun berak. Jaiotzen garenetik generoa ezarri, eta, horren arabera, behartu egiten gaituzte gauza batzuk egitera eta beste batzuk egiteari uztera, eta horrek eramaten gaitu desberdin bizitzera munduan dugun esperientzia. Kasurako, ikerketa batean erakutsi dute latsarrian arropa garbitzen zutenekoa sororitate espazio gisa gogoratzen dutela emakumeek. Gizonek, berriz, latsarria liskarretarako gune gisa gogoratzen dute; haiek ez ziren sartzen arropa garbitzeko lekuan, baina, bakarrik haiei galdetzen badiegu, ez dugu latsarrien inguruko kontakizun zorrotzik egingo, bistan denez. Horregatik, oso garbi eduki behar dugu denei galdetu behar diegula historiaz idaztean, baita emakumeei ere.
Zuen lanean, memoria historikoan genero ikuspegia txertatzeko ideien dekalogo bat jaso duzue. Zein dira haren gakoak?
Batez ere historiari buruzko ekinaldiak egiten dituzten erakundeentzat da gure gida. Demagun herri baten historiari buruz liburu bat kaleratu nahi duela udalak; bada, nahi dugu irizpide batzuk kontuan har ditzatela kontakizuna egiten hasi aurretik. Turismo gidak, museo gidak... Historia nonahi dago, eta ezin dugu jendea kanpoan utzi. Guk zera esaten dugu: lehenik eta behin, iritsi zaigun Historiaren kontakizuna ez dela fidagarria, antropozentrikoa da eta. Halaber, azaldu dugu horrelako kontakizunak egiteko, gauza asko ezkutatu egin dituztela, aurkikuntzen egiletza kolektiboak adibidez. Zientzian, artean... emakume ugari ezkutatu dituzte. Gainera, emakumeak ezkutatzeko zein formula erabili dituzten ere azaltzen dugu, ohartarazita esaldi jakinak badirela historia liburuetan xede hori dutenak. Horrelakoetan, jatorrizko iturrietara jotzea gomendatzen dugu.