Ascension Badiola (Bilbo, 1961) kontu auzitegiko ikuskaria izan da lanbidez, baina jakin zuenean Deustun, Bilbon, kontzentrazio esparru bat egon zela, barrenak inarrosi zitzaizkion, eta arakatzen hasi zen. Espainiako artxibo militarretan 20.000 dokumentutik gora ikuskatu eta tesi bat ere ondu zuen frankismoarekin lotuta. Arakatze lan horretan topatu zuen Juana Mir, eta jasotakoarekin idatzi zuen La decisión de Juana Mir –Juana Mirren erabakia– eleberria (Txertoa, 2020).
Nor zen Juana Mir?
1893an jaio zen, Iruñean. 17 urte zituela, Bilbora etorri zen bizitzera, sendiarekin, eta han bizi izan zen hil zuten arte, 1937ko abuztura arte. Haren artikuluetan arakatuz, garbi zegoen gustuko zuela idaztea, eta euskal mitologiaren inguruan-eta idatzi zituen artikulu batzuk. 1930ean, La Tarde egunkarian hasi zen aldizka idazten. EAJren ildoko egunkaria zen. La Tarde-n idazten zuten gehienak nafarrak ziren, eta pentsatzen dugu ihesi iritsitakoak zirela. Izan ere, gerra aurreko testuinguruan frankistetatik ihesi nafar eta gipuzkoar asko iritsi ziren Bilbora.
Zenbateko maiztasunez idazten zuen?
Lehenengo artikuluak hilabete batzuetako etenarekin argitaratu zituen, baina 1936tik aurrera ia astero argitaratu zuen, gizonek gerratik ihes egin zutelako edo gerrara jo zutelako. Orduan, egunkarian idazteko tarte handixeagoa bilatu zuen, eta astero artikulu bat ere idatzi zuen. Garai hartan ezizenekin idazten zuten, baina hura identifikatzea erraza zen, Juanita Mir izenez sinatzen zuelako.
Zer kontatzen zuen artikuluetan?
1934an bakezaletasunaren alde idazten hasi zen, betiere ikuspegi erlijiosoan oinarrituta. Errukia eskatzen zuen heriotza zigorra ezartzen zitzaienen aurka, eta nazioartean zeuden gatazketan nazioarteko erakundeek indar handiagoz jardun beharra ere eskatzen zuen, nazioarteko ebazpen horiek eraginkorrak ez zirela salatuta. 1936ko gerra iritsi zenean, gerraren basakeria salatzen hasi zen, eta horregatik atxilotu zuten.
Noiz atxilotu zuten?
1937ko uztailaren 6an. Bilboko Larrinagako espetxera eraman zuten. Handik mugitu behar izan zuten, asko zeudelako. Orue etxera eraman zuten. Eraikin bakarreko etxe burges hura kartzela bihurtu zuten. Uztailaren 20an, gerra kontseilua egin zioten, eta abuztuaren 5ean fusilatu zuten, beste hiru gizonekin batera, Derioko hilerrian.
«Salatu zuen gerrak etekinak ematen zizkiela gutxi batzuei. Argi ikusten da esaten zuena errealitatetik gertu zegoela»
Zuk kasualitatez izan zenuen Mirren berri, ezta?
Bai, artxiboetan arakatzen ari nintzela, ustekabean topatu nituen haren artikuluak.
Bere mezuen artean, «gerra ezinezko» egin behar zela zioen.
Bere artikuluetan salatzen zuen gerrak etekinak ematen zizkiela gutxi batzuei, eta zenbait gobernuri ere etekin handiak ematen zizkiela. Argi ikusten da artikuluetan esaten zuena errealitatetik gertu zegoela.
Hain zuzen, horiek argitaratzeagatik fusilatu zuten, ezta?
Eztabaida publikoan zegoen ea bonbardaketetan alemaniarrek eta italiarrek parte hartu zuten, eta berak hori salatu zuen, bere erara. Honako hau esan zuen: «Gure aberriaren lurraren jabe egin nahi dute, gero beste kapital batzuei saltzeko, pribilegioen truke». Horrekin adierazi zuen bonbardaketen atzean italiarrak eta alemaniarrak egon zirela. Horrek ekarri zion heriotza zigorra. Gerra kontseiluan egotzi zioten Armada Nazional Aintzagarria iraindu izana.
Nazioartea berrarmatzen ari den honetan, zer ekartzen dizute gogora gerra ezinezko egin behar izateari buruzko Mirren gogoetek?
Historia etengabe errepikatzen dela, eta ez dugula ezer ikasi. Gobernuez eta herritarrez ari naiz. Garai hartan ere, okupazio frankista Bilbora iritsi bezperan, jendea ezer pasatuko ez balitz bezala bizi zen. Jakina zen Gipuzkoan zer gertatzen ari zen: frankistengandik ihesi etorritako gipuzkoar asko hartu zituzten Bilbon. Asko bide bazterretan hil zituzten. Hori dena gertatu zen, eta jendea ezer pasatuko ez balitz bezala zegoen.