Ikas pedagogi zentroak Historia 1492-1815 izeneko liburua aurkeztu zuen atzo Baionan. Lan kolektiboa dela azpimarratu zuen Agnes Dufau Ikaseko zuzendariak. Bi liburuki dira funtsean: irakasleentzako eskuliburua eta ikasleek eskolan baliatzeko gida. Mano Kurutxarri Historia eta Geografia irakasleak izan du gidaritza, baina Seaskako irakasle talde batek hartu du parte osatu zuten lehen zirriborroan, horien artean dira Maialen Bidegain, Maialen Hiribarren, Maite Erdozaintzi-Etxart eta Alazne Petuya. Xabier Zabaltza Historia doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak segurtatu du liburuaren gainbegiratua, bereziki historia edukien aldetik. Euskaltzaindiak egin du hizkuntza arloko gainbegiratua. Berrikitan Erdi Aroa eta Nafarroako Erresuma izeneko obra argitaratu du Ikasek, oraingoan bezala, irakasleen liburua eta ikasleen gidaliburua osaturik.
Obra osatzerakoan funtsezko hautua egin zutela erran zuen Dufauk. «Euskal Herriko eta kanpoko gertakarien ezagupidea eskaintzea eta protagonismoa ematea aztertzen den dokumentuari». Ikaslearen liburua ataletan banaturik dago: Errenazimentua (XVI. mendea) eta Erregimen Zaharra, eta bi garaiek Aro Modernoa osatzen dute; Iraultza, eta Inperioa izeneko atalak abiatzen du Aro Garaikidearen hasiera.
'Historia 1492-1815' eskola liburua aurkeztu du Ikas pedagogia zentroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu