Koronabirusa

Histeriak lasaitasuna kutsatu du

Txagorritxu ospitalean daude koronabirusaren kasu gehienak. Han dabiltzan bisitariek esan dute erietxean hartu dituztela neurriak, baina lasai daudela. San Kristobal auzoan urduriago daude.

Bisitari batzuk Txagorritxu ospitaletik ateratzen, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez dago ia maskararik, ez eta eskuak desinfektatzeko gelik. Emakume batek plastikozko eskularru urdin batzuk ditu jantziak, baina ate nagusitik atera bezain laster erantzi ditu. Jendea ospitalera sartu eta atera dabil, baina nahiko hutsik dago eraikinaren ingurua. Gasteizko Txagorritxu ospitaleak kasik desertua dirudi eguerdian. Komunikabide zenbait ere eraikinaren kanpoko atean daude, ospitaleko eremura gerturatu ezinda. Badirudi norbaiten edo zerbaiten esperoan daudela. Inmaculada Infantes ospitaletik atera da; ospitaleratuta dagoen lagun bat bisitatzen izan da, baina erizaina ere bada. Haren ustez, histeriak lasaitasuna kutsatu du, eta, egun, gizarteak jasotzen duen informazioak alarmismoa sortzen du: «Histeria kolektibo bat sortu du gaitzaren inguruko gehiegizko informazioak, baina urteroko gripeak baino hilkortasun maila baxuagoa du».

Ez dago erizainik eta medikurik eraikinaren kanpoaldean. Infantesek Blanca Lopez du alboan, eta azaldu du osasun langileek oztopo batzuk jarri dizkietela bisita egiteko: «Esan digute ezin ginela biok batera sartu bisita egitera, baina azkenean lortu dugu, gure ardurapean». Izan ere, Osakidetzak erietxeetako pazienteei adierazi die ezingo direla geletatik atera, eta, soilik, pertsona bakar baten bisita jaso ahalko dutela. Areago, Lopezek erantsi duenez, osasun langileek aholkatu diete ezer ez ukitzeko. Hain justu ere, hitz horiek esan ahala, garbitzaile bat ospitaleko atarian dauden eskaileretako eta maldetako heldulekuak garbitu eta garbitu dabil garbiketa produktu batekin.

Infantesen arabera, pertsonalki, ez du inolako segurtasun neurririk hartu gaitza saihestu ahal izateko, baina ohartarazi du beharrezkoa dela neurriak hartzea, batez ere arrisku handiagoa dutenek: «Badaude gaixotasunak dituzten pertsonak; esate baterako, bihotzeko edo bronkioetako arazoak; horiek zorrotzago bete beharko lituzkete Osasun Sailak eskainitako aholkuak». Lopezek lasaitasun mezuari eutsi nahi izan dio: «Badaude arriskua izan dezaketen pertsonak, bai, baina gehienetan, adinekoak dira ahulago daudenak». A gripearen kasuarekin alderatu du egoera; haren ustez, birus honek gripe hark baino «alarmismo» handiagoa sortu du.

Halere, alarmismo horiei bizkar eman eta errealitateari ongi begiratu beharra dagoela azpimarratu dute biek ala biek. «Komunikabideek informazio erreala eskaini behar dute, alarma soziala egon ez dadin; izan ere, haien bidez iristen da informazioa jendearengana», esan du Lopezek. Infantesek, berriz, nabarmendu du zabaltzen den informazioarekin lortzen den bakarra larrialdi zerbitzuak «kolapsatzea» dela. «Sintomaren bat edukiz gero, telefono batera deitu behar da, eta osasun langileak zuzenean joaten dira etxera probak egitera», gehitu du erizainak; eta salatu du egoerak sortzen duen kolapsoak zaildu egiten duela benetako beharrak dituzten pertsonak artatzea.

Ospitalearen barnealdean, berriz, giroa ez da horren desberdina. «Bisitak mugatuko dira» oharra dago itsatsia ate nagusietan, eta barruan ere bada bestelako oharrik: «Babestu ezazu zeure burua eta gainontzekoena». Harekin batera, eskuak desinfektatzeko gelaren poto bat dago, erdi hutsik. Mediku eta erizain batzuez gain, ez dago ia bisitaririk. Igogailutik atera berri da Teodoro Martin, arrebari bisita egin ostean. «Osasun langileek azaldu didate murriztu egin direla bisitak koronabirusa dela eta, baina, bakarrik nengoenez, ez dut inolako arazorik izan».

Olarizuko osasun zentroa

Txagorritxu ospitalearen inguruan baino jende gehiago dabil maskarekin Gasteizko San Kristobal auzoko osasun etxearen alboan. Itxi egin zuten, herenegun, koronabirusaren kasu bat egon zitekeelakoan. Orain, soilik, «behar-beharrezkoak» diren kontsultak jasotzen dituzte. Alboko kaleetan normaltasuna da nagusi, baina osasun etxera hurbiltzean egoera nabarmen aldatzen da. Emakume bat maskararik gabe iritsi berri da anbulatoriora, baina ate nagusira gerturatu bezain laster poltsatik atera eta jantzi egin du; «badaezpada ere», esan du.

Alejandro Ruiz ere bertan da. Tumore bat dauka biriketan; farmazia batera joan da maskara baten bila, baina, ez zeukatenez, osasun etxera deitu, eta bertan emango ziotela esan diote. «Patologia bat daukat, eta birusak harrapatuko banindu, ni baino osasun hobeagoa duen batek baino okerrago pasatuko nuke, arrisku handiagoa edukiko nuke okerrera egiteko», esan du Ruizek. Gainera, salatu du jende asko «kuriositateagatik» hurbiltzen dela anbulatoriora: «Ez dute kontuan hartzen egon daitezkeela zenbait pertsona haiek baino arrisku handiagoa izan dezaketenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.