Hiruna urteko kartzela zigorra ezarri diete Gilen Goiti eta Xan Beirie gazteei

Ez dute kartzelara itzuli beharko, ez dute-eta kondenaren erdia baino gehiago bete beharrik izango

Erredakzioa
2011ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Bi kale eraso leporatuta ezarri die zigorra Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Bata, eraikuntza agentzia baten aurka, eta bestea, turismo egoitza baten aurka.

Hiruna urteko zigorra izanagatik, Goitik bi ez ditu bete beharko, eta Beiriek ez ditu bete beharko 18 hilabete. Horrenbestez, ez dute espetxera joan beharrik izango.

Ekainaren 16an egin zen epaiketa, eta prokuradoreak hiru urte eskatzen zituen Segiko kide bakoitzarentzat, hirutik bat bete beharrik gabekoa.

Hasiera batean «terrorismoa eta lehergailuen fabrikazioa» egozten zitzaizkien gazteei, baina auzitegiko presidenteak azaldu duenez, kargu horietatik libre geratu dira.

Prokuradoreak leporatutako bi erasoak «terroristatzat» hartu behar zirela esan zuen, baina ez zuen bi gazteak berriz kartzelatzeko besteko zigorrik eskatu.

Izan ere, 2009. urtean, Goiti (23 urte) eta Beirie (22 urte) atxilotu zituztenean, lehenak hamar hilabete igaro zituen espetxean, eta bigarrenak, berriz, bederatzi eta erdi.

Orduan, Goitiri 2007ko uztailean molotov koktelekin egindako eraso batean parte hartzea leporatu zioten. Beirieri, 2009ko urtarrilean Jatsuko bigarren mailako eraikin batean lehergailu bat jartzea. Ustez Beiriek jarritako lehergailu hura ez zen lehertu.

Atzo, sententzia irakurri zutenean, ez ziren bertan ez bi akusatuak, eta ezta haien abokatuak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.