EAE-ko aurrekontuak

Hirukoaren eta PSEren aldeko botoekin onartu dira EAEko aurrekontuak

Duela bi aste EAEko 2006ko aurrekontuen inguruko akordioa iritsi zuten Jaurlaritzak eta PSE-EEk, baina ikuskizun zegoen sozialistek egitasmoa aurrera ateratea abstentzioaren bidez erraztuko zuten, edo alde bozkatuko zuten. Azkenean, aldeko botoa eman dute Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, eta, ondorioz, aldeko 49 botorekin (EAJ, EA, EB eta PSE), aurkako 23 rekin (PP eta EHAK) eta abstentzio batekin (Aralar) atera dira aurrera datorren urteko aurrekontuak. Udalbideri, Udalbiltzari eta presoen senideei dirulaguntzak ematen zizkien zuzenketak aparte bozkatzeko eskatu du PSEk eta kontrako botoa eman dute.

2005eko abenduaren 29a
14:56
Entzun
Aurrekontu proiektuaren alde "gustora eta lotsatu gabe" bozkatuko dutela esan du Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko taldeko bozeramaileak. PSEk, EAJk eta, oro har, Jaurlaritzak alderdien interesen gainetik interes orokorra lehenetsi dutela nabarmendu du, eta baiezko botoa emanez herritarren beharrei erantzuteko borondatea duela bere taldeak.

Ildo horretatik, Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena aurrekontuetara mugatzen dela azpimarratu nahi izan du Pastorrek, batik bat, ildo horretatik PPko bozeramaile Antonio Danboreneak egindako kritikei erantzunez: ez dutela legegintzaldi edo gobernu akordiorik egine rantzun dio. Finean, Jaurlaritzarekin aurrekontuak adosteko ahalegina egin badute "azken urteetan Gobernuan egon direnek bultzatutako politika erradikalek eragindako geldialdi aroa" gainditzeko egin dutela nabarmendu du, "komunikazioa" bultzatzeko: "ados jartzeko eskatzen baitigu gizarteak".

09:30etan hasi da Eusko Legebiltzarrean datorren urteko EAEko aurrekontuak eztabaidatzeko eta bozkatzeko osoko bilkura. Sei urtean lehen aldiz, Jaurlaritzako hirukoak kontuak arazorik gabe aurrera ateratzeko modua izango du, duela bi aste PSE-EErekin lortutako akordioaren bitartez.

Txikienetik handienera, Aralarreko legebiltzarkide Aintzane Ezenarro izan da hitza hartzen lehena. Jaurlaritzaren aurtengo aurrekontu egitasmoa iazkoa baino hobea dela iritzi dio, baina nabarmendu du oraindik hutsune asko dituela arlo sozialean, eta, bereziki, azpiegituretan. Batik bat, AHTa eraikitzeko Euskal Y proiektua kritikatu du, eta Jaurlaritzari esan dio datorren urteko lehentasuna bakea eta normalizazio politikoa bideratzearekin batera, azpiegitura plana adostea izan behar duela. Abstenitu egingo dela iragarri du Aralarrek.

Ondoren, EBko Oskar Matutek hartu du hitza, eta aurrekontu proiektuaren defentsa egin du, egitasmo "progresista" dela azpimarratuz. EAko Nekane Alzelaik ere aurrekontu proiektuaren onurak nabarmendu ditu.

Aldiz, EHAK-ko Itziar Basterrika oso kritiko agertu da aurrekontu proiektuarekin eta Jaurlaritzak haiek negoziatzeko eraman duen bidearekin. Basterrikaren arabera, egitasmoak hutsune handiak ditu gizarte arloan, eta, bereziki, naziogintza aurrera eramateko balio ez duten kontuak direla salatu du. "Hauek ez dira une historiko honetan behar ditugun aurrekontuak. Hau da, euskara indartzeko, eraikuntza nazionalerako eta justizia sozialerako aurrekontuak izan beharko lukete eta ez dira. Beraz, aurka bozkatuko dugu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.