Xabier Atristain euskal presoari hirugarren gradua ematearen alde egin du Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak, eta gaur goizean irten da Martuteneko espetxetik (Gipuzkoa). Datozen egunetan zehaztuko dute hirugarren gradua nola gauzatu den. Espetxetik atera izanak, baina, ez du zerikusirik Giza Eskubideen Europako Auzitegiak haren alde emandako ebazpenarekin, hirugarren gradua jasotzeko baldintzak bete izanarekin baizik.
Atristain ekainaren 2an atxilotu eta espetxeratu zuten azkenekoz, Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz. Aurrez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpen baten eraginez askatu zuten, otsailaren 18an. Izan ere, Estrasburgoko auzitegiak urtarrilean ebatzi zuen «epaiketa justua eta ekitatezkoa» izateko eskubidea urratu zitzaiola Atristaini, inkomunikazio garaian konfiantzazko abokatu bat izateko eskubidea galarazi zitzaiolako. Ebazpenaren arabera, erabaki hark «prozesuari modu orokorrean» eragin zion. Halako kasu bategatik Espainiako Estatua zigortu duten lehen aldia izan zen, eta EH Bilduk adierazi zuen beste dozenaka presoren kasuetan ere aplikagarria litzatekeela.
Apirilean, ordea, Espainiako Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion ebazpenari, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko Sala Handiak aztertu zezan, baina auzitegiak ez zuen tramitera onartu.
Halere, Espainiako justiziak entzungor egin du Estrasburgoren erabakien aurrean, eta Auzitegi Goreneko fiskaltzak Atristaini jarritako hamazazpi urteko espetxe zigorra aztertzearen aurka egin zuen maiatzean, defentsaren eskaerei kontra eginda. Gorenak ere fiskaltzarekin bat egin zuen, eta ebazpen haren ostean atxilotu zuen Ertzaintzak Atristain, Martutenen espetxeratzeko.
Atristainen defentsak haren askatasuna eskatu du, eta Espainiako Estatuari exijitu dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpena betetzeko: «Hitzarmenaren 46. artikuluaren arabera, alde kontratugile guztiek Estrasburgoko auzitegiaren behin betiko sententziak betetzeko konpromisoa hartzen dute, eta estatuek sententzia horien arabera moldatu behar dute beren jarrera». Izan ere, defentsaren ustez, Espainiako Auzitegi Gorenak uko egin dio ebazpenari men egiteari.
Eskaera horrekin bat egin dute hainbat eragilek. Besteak beste, Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat onartu zuen, Gorenaren jarreraren inguruan «harridura» eta «kezka» adierazteko, eta gogoratzeko Estrasburgoko auzitegiaren ebazpena «irmoa eta derrigorrez bete beharrekoa» dela.