Urteetako tramitazioaren ondoren, Unescok biosfera erreserba izendatu zuen Iratiko oihana uztailaren hasieran, Kataluniako Val d’Aran haranarekin eta beste zenbaitekin batera. Izendapenaren arabera, Nafarroa Garaiko Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako 53.000 hektarea hartuko ditu erreserbak, baina atea irekita dago etorkizunean basoaren Nafarroa Behereko eta Zuberoako eremuak ere erreserban kontuan hartzeko.
Unescok izendatutako Euskal Herriko hirugarren biosfera erreserba da Iratiko oihana; Urdaibaik 1984. urtean jaso zuen etiketa hori, eta Bardeak, 2000. urtean. Zaraitzu ibarreko Batzorde Nagusiko batzordeburua da Gustavo Goiena, eta azaldu du duela hamar bat urte hasi zutela Irati biosfera erreserba izendatzeko prozesua. Zaraitzuko eta Aezkoako batzar nagusiak Garaziko eta Zuberoako sindikatekin elkartu ziren, eremua babesteko zer mekanismo martxan jar zezaketen eztabaidatzeko.
Goienak azaldutakoaren arabera, hainbat aukera ikusi eta baloratu ostean, Hegoaldeko bi ibarrek Unescori biosfera erreserba izendatzeko eskatu zioten. «Zergatik Hegoaldean? Garazin eta Zuberoan beste proiektu bat dutelako, Frantziako legediaren barruan parke natural erregional izendatzeko». Hala ere, biosfera erreserba etorkizunean Iparraldeko haranetara zabaltzeko aukera dagoela nabarmendu du. «Aukera bat da, eta hori izango litzateke politena, mugaz gaindiko biosfera erreserba bat egitea. Baina epe ertaineko ideia bat da, ikusi behar baita nola doan Iparraldeko zatia parke natural izendatzeko proiektua».
Hori litzateke ederrena Goienarentzat, «urte asko» daramatzate-eta elkarrekin lanean horretarako eta beste hainbat gauzatarako: «Ia hamar urte pasatu dira Iratiko lau ibarrak elkarlanean hasi ginenetik, baina ez Iratiren inguruan soilik, baita lehen sektoreko kontuetan, basogintzan eta beste eremu batzuetan ere. Orain elkarte bat dugu, Irati Lau Ibarrak».
Biosfera erreserba izendatzeko eskatu aurretik, duela zazpi edo zortzi urte, etiketa hori duten beste eremu batzuetako entitate publikoetako jendea eta bestelako langile batzuk —artzainak, esaterako— eraman zituzten Iratira, beren esperientziari buruz jardun zezaten. Horren ostean, prozesu parte hartzaile baten bidez, Unescori izendapen hori eskatu zioten Zaraitzuko eta Aezkoako batzar nagusiek. Izendapena lortzeko bidea goratu du Goienak: «Araudiak askotan goitik behera etortzen dira, baina hau behetik gora hasi zen, tokiko erakundeetatik Unescora».
Harmonia egokia
«Aukera bat». «Tresna bat». «Oinarri bat». Hala definitu du Goienak Iratiko oihanaren estatus berria. Beste ezer baino lehen, garbi utzi nahi izan du etiketa berri horrek ez diola inolako babesik ematen Iratiko oihanari: «Biosferaren erreserba ez da babes figura bat. Irati Natura 2000 sarearen barruan dago, kontserbazio bereziko gune gisa: hori da araudi bat. Batzar bakoitzak zenbait ordenantza ditugu: larreena, basoena, zinegetikoa, turistikoa... Nafarroako Gobernuaren eta gure arteko araudiak ere badaude. Biosferaren erreserba, azkenean, aitortza bat da, gestioa ondo egin dela onartzeko».
«Azken finean, egin den lan onaren aitortza moduko bat da izendapena, baita lanerako oinarri bat ere»
IBONE AMETZAGAEHUren Unescoren katedrako ikertzailea
Antzeko azalpena eman du Ibone Ametzagak, EHUko Unescoren katedrako ikertzaileak: «Azken finean, egin den lan onaren aitortza moduko bat da izendapena, baita lanerako oinarri bat ere». Hala ere, halako izendapenek historikoki babes funtzioa izan dutela onartu du, Urdaibairen kasuan adibidez. Izan ere, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan hirigintza proiektu handiak zeuden inguru horretarako, eta biosfera erreserba izendatzeak proiektu horiek geratzeko balio izan zuen, baita ostera eremua babesteko neurriak eta legeak onartzeko ere.
Ametzagak esandakoari segika, azalpenean sakondu du Goienak: «Aitortza bat da, esaten dizulako badituzula aktibitate guztiak ordenatzen dituzten araudiak». Batzarburuaren iritziz, biosfera erreserbaren etiketa hori, askotan, lotzen da babes bereziko gunearekin, baina hori baino gehiago da. Azken finean, giza jarduera naturarekin ondo uztartzen dela onartzen du, baita biodibertsitatearen egoera egokia dela ere: «Jendeak bizi nahi duen eta aktibitate ekonomikoa dagoen eremu bat da, baina, aldi berean, babestuta dagoena eta bioaniztasuna oso ongi kontserbatuta dagoena».
Horiek horrela, biosfera erreserbak ez du soilik oihanaren nukleoa hartzen kontuan, pertsonak eta herriak ere bai. Oraingoz 53.000 hektarea ditu biosfera erreserbak, baina hainbat gune ditu, eta zeinek bere babes maila du. Nukleoa du, Iratiko oihana, eta Hegoaldean ia 7.000 hektarea ditu —oihanaren Iparraldeko zatia batuta, 17.000 hektarea dira—. Tanpoi eremua da hurrengoa, 16.000 hektarea baino gehiagokoa, eta zona horren helburu nagusia da nukleoak jasan ditzakeen kalteak arintzea. Azkenik, trantsizio gunea dago —30.000 hektarea—, non Zaraitzu eta Aezkoa ibarretako herri guztien eremuak sartzen diren, Itzaltzurenak izan ezik; herri horretan erabaki zuten ez sartzea, baina aukera dute aurrerago proiektura batzeko.
Biztanle faltaren zama
Aezkoa, Zaraitzu eta antzeko ibarren arazo nagusia despopulatzea dela esan du Goienak. Ibarren «egiturazko arazoa» da, eta biosfera erreserba izendatzeak bultzada eman diela nabarmendu du: «Entitate eta herri txikiak gara, biztanle gutxikoak, eta lantzeko gauza zailak dira. Baina halako berri onak behar ditugu gero eta gehiago. Egoera ez da oso ona, baina ilusioa daukagu, eta horrekin jarraituko dugu lanean».
Arazo hori ikusirik, azken bi legealdietan Pirinioetako ibar guztiak batera lanean ari direla esan du Goienak, «ez bakoitza bere aldetik», baina nabarmendu du burokraziarekin topo egiten dutela. Gai horren inguruan, onartu du legealdi berria ez dutela hasi beraiek nahi zuten moduan, Nafarroako Gobernuarekin «tirabirak» izan dituztelako. Hala ere, esan du «ilusioz» lanean ari direla, despopulatzeak eragiten dituen ondorio ugarietan lan eginez, «Pirinioetan eta herri txiki hauetan bizitza erakargarriagoa» izan dadin. Azken batean, ibarretatik Iruñera horrenbeste jende gazte ez joatea nahi dute, eta beste leku batzuetako jendea erakarri ere egin nahi dute.
«Jendeak bizi nahi duen eta aktibitate ekonomikoa dagoen eremu bat da, baina, aldi berean, babestuta dagoena eta bioaniztasuna oso ongi kontserbatuta dagoena»
GUSTAVO GOIENAZaraitzuko batzarburua
«Hemen arazoak daude, baina ongi bizi gara, eta biosfera erreserba tresna bat izan daiteke, baina beste batzuk ere izan behar ditugu». Kausa ala sintoma, ez da erraza jakitea zerbitzu faltaren eta despopulatzearen arteko harremana zer den. Bizitzako hainbat adarri eragiten dio biztanleria faltak, eta hezkuntza horietako bat da. Eta hori da, hain zuzen ere, Pirinioetako ibarrek aspalditik duten borroketako bat. Izan ere, gazteek Iruñera joan behar izaten dute batxilergoko ikasketak egitera; eta ezin dute egunero joan-etorrian ibili.
Gogorra da, Goienaren hitzetan, ibarreko seme-alabek 16 urterekin hiriburura bizitzera joan behar izatea, eta, horregatik, urteak daramatzate Irunberrin D ereduko batxilergo zentro bat eskatzen, horrek ikasleei egunero eskolara joan eta ondoren etxera itzultzea erraztuko liekete eta. Apirilean egin zuen Pirinioetako Institutua eraikitzeko esleipena Nafarroako Gobernuak; ia sei milioi euroko kostua izango du. Halako lorpenek atzean «lan handia» dutela esan du Goienak, gehienetan ratioei aurre egin behar izaten diete eta.
Halako arazoei aurre egiteko, despopulatzearen kontrako lege bat egiteko eskatzen ari dira duela urte batzuetatik, baina ez soilik Pirinioetako ibarretan, baita Nafarroako beste eskualde batzuetan ere —Lizarraldean eta Zangozan, adibidez—. Adar askotako borroka baten pieza bat da, beraz, biosfera erreserba izendapena lortu izana.