Ekainaren 16an, hiru zerrendaren artean hautatu beharko dute Beskoitzeko (Lapurdi) herritarrek. Ikastolako auzian gutxiengoan gelditu ondotik, Fabienne Aiensa auzapezak dimisioa eman zuen martxoan, eta gai hori izanen da erdigunean hauteskunde kanpainan ere. Ikastolarekin sortutako gatazkan konponbidea aurkitzeko borondatea agertu dute oraingoz argitara atera diren hiru hautagaiek; bi zerrendatan ikastolako gurasoak ere badira. Ikastolak berak ez du hauteskunde kanpainan parte hartuko, baina eratuko den herriko kontseilu berriarekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira gurasoak.
Haritza Camblong izanen da hautagaietako bat; ikastolako gurasoa da. Hainbat euskaltzalek eta abertzalek bultzatua izanik ere «zerrenda zabala» osatu dutela erran du, «askotariko herritarrekin». Urtarrilean hasi ziren biltzen, oraindik hauteskunderik aipatzen ez zela, herrian zegoen egoerak kezkaturik. Aiensaren gidaritza kritikatu, eta herriko giroa «lasaitzeko» beharra aipatu du. «Buru berriak» batzen entseatu dira, «orain arte istiluetan izan diren hautetsirik gabe».
Camblongek lehentasun gisa eman du ikastolaren auzia konpontzea, eta horretarako eraikin sendo bat eraikitzeko aukera guziak aztertu behar direla baieztatu du. «Gaur egun ikastolako gurasoek kezka dute urtebeterako hitzarmena dutelako. Hautatuak bagara, hitzarmena berriz idatziko dugu». Ikastolak dituzten Ipar Euskal Herriko gainerako herrietan dagoen «izpiritu baikorrarekin» aritzeko borondatea dutela erran du.
Horrez gain, euskara arloan helburu gehiago dituztela erran du Camblongek, hizkuntza politika baten oinarriak ezartzeko progresiboki. EEPrekin hobekuntza kontratu bat izenpetu nahiko lukete, herriko langileek «progresiboki eta haiek nahi duten neurrian» euskara ikas dezaten. Euskarazko aisialdi zentro bat sortu edo orain dagoenean euskarazko sail bat irekitzea aipatu du, baita euskarazko haurtzaindegi edo haurtzain etxe bat sortzen laguntzea erre. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko elkarteek eginen dituzten egitasmoak sostengatzeko borondatea ere agertu du.
Pascal Jocou izanen da bigarren hautagaia. Ez da izen ezezaguna Beskoitzen, lehenago ere izan baitzen herriko etxeko hautetsi, Pierre Diratxeten agintaldian lehenik, eta Aiensarenean ondotik. Hazparneko herri elkargoko lehendakari ere izan zen urte batzuetan. Baina 2019an herriko etxean dimisioa ematea erabaki zuen, Aiensa auzapezarekin «lan harreman biziki zailak» zituelako.
Zerrendaburu bera izanen bada ere, «taldean» eman nahi izan du azpimarra Jocouk, eta «askotariko» zerrenda izanen dela erran du; tartean badira ikastolako gurasoak ere. «Taldean lan egin nahi dugu, herrian baretze bat lortzeko helburuz». Ikastolaren auzia konpontzeko beharra aipatu du, eta erran du elkarrizketaren bidez konponbideak atzeman daitezkeela. «Bi soluzio identifikatuak ditugu jadaneko, ikastolak eraikin sendo bat izan dezan. Gaur egun urtebeteko kontratua dute; konponbide bat atzeman arte luzatuko diegu».
Aiensaren segida, baina kritiko
Fabienne Aiensa auzapez ohiaren taldeko hautetsiek osatua izanen da hirugarren zerrenda. Fabienne Etxegarai izanen da zerrendaburua; orain arte, gazteria, euskara eta gizarte gaietarako ardura zuen bigarren auzapezordea izan da. «Jarraipen» zerrenda modura aurkeztu du gidatuko duen taldea, 2020an adostu zuten programa politikoa bururaino eramateko asmoa dutelako, baina argi utzi du: «Ez naiz Fabienne Aiensa». Zerrendan aurkeztuko diren guziek ikastolari hitzarmena luzatzearen alde bozkatu zuten martxoan, Etxegarairen hitzetan.
«Ez dut arnegatzen [Aiensak] herriarentzat egin duen lana, baina ez naiz bereziki ados ikastolaren aferaren kudeaketarekin», esplikatu du Etxegaraik, bi aldeak parez pare jarrita: «[Ikastolakoek] oso ongi zekiten ez zutela baldintza horietan eraikuntza baimenik eskuratuko; gauza bera jantegiarentzat: ezin dira haurrak bata bestearen gainean ezarri. Baina komunikatzeko beste manera bat dut: pertsona moderatua naiz, eta elkarrizketa bultzatu nahi dut komunikazioaren bidez».
Argi utzi du Etxegaraik: haren iritziz, gaur egungo eremuan ez da 50 ikasle baino gehiagoko ikastola bat eraikitzeko tokirik, eta herriko jantegiak ere ezin dio haur gehiagori harrera egin —eskola pribatuari ere mugatzen diotela erran du—. Haatik, baieztatu du ez duela ikastolako haur kopurua mugatu nahi, eta Seaskak beste lur eremu bat lortuko balu ez dela ikastola handiago bat eraikitzearen kontra, Beskoitzeko eta inguruko herrietako haurrak bilduko dituena —ikastola berrian jantegi bat ezarri nahiko luke Seaskak—. «Gaur egun dauden lekua da egokitua ez dena. Arrazoizko soluzio bat aurkitu behar da, denek adostua eta legezkoa».
Hirigintzan desadostasuna
Ekainean hasiko da hauteskunde kanpaina, baina jadanik agertu dira hautagaien arteko desadostasunak, hala nola hirigintza arloan. AHE antolamendu hitzartuko eremu proiektuak 160 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du. Herritarrei etxebizitzak prezio merkean eskaini eta herria dinamizatzeko balioko duela erran du Etxegaraik. «Zerbitzu publikoak ere izanen dira 500 metro koadroko eremuan». Kalitatezko zerbitzu publikoak atxikitzeko beharra azpimarratu du Etxegaraik, osasun arlokoak eta adinekoei bideratutakoak bereziki.
Jocouren hitzetan, AHE proiektua ez da egokia: «Bi urteko epean 160 etxebizitza eraiki nahi dituzte; ez da jasangarria Beskoitzerentzat», kritikatu du. Halaber, Ipar Euskal Herrian etxebizitzarekin dagoen «problematika» konpontzeko beharra aipatu du.
Berdintsu mintzatu da Camblong ere: «Herriko etxeak kontratua egin du Eiffage enpresarekin; ez da arituko urririk», adierazi du. «Gainera, malda handi batean da proiektua, teknikoki zaila da, eta biziki anitz kostatuko da. Etxeak karioak izanen dira, eta, beraz Lapurdi eta inguruko jendeak zailtasunak izanen ditu erosteko». Erran du herriko etxeak jabe pribatu baten lurra erosi duela 800.000 euroan: hor jarri nahi du lehentasuna, etxebizitza sozialak egiteko, prezio egokian.
Bestelako gaiak ere aipatu ditu Jocouk, hala nola Pirinio Atlantikoetako departamenduak Beskoitzen eraiki nahi duen kolegio berriaren proiektua «begiratzeko» beharra, eta herriko elkarteekin «harremanak hobetzea». Camblongek ere erran du orain arteko herriko etxeak biziki «zurrun eta autoritario» jokatu izan duela. «Elkarte anitzetan sufritu dute. Herritarrak eta haien proiektuak entzun, giroa lasaitu. Horrek motibatu gaitu elkartzeko».
AHETZEKO AUZAPEZAK Dimisioa Aurkeztu du
Ahetzeko (Lapurdi) auzapezak dimisioa aurkeztu du, eta auzapez izateko hautagai izanen dela jakinarazi du arrapaladan. Astearte gauean iragan zen herriko kontseiluan sortu zen egoera bitxi hori. Hainbat hedabidek azaldu dute auzapezak lehen axuantarekin gatazka duela aspaldian, eta hura kargutik kentzeko eskatu ziela gainerako hautetsiei: hamarrek kontra bozkatu zuten, bik alde, eta bi abstenitu egin ziren; oposizioak eta lehen axuantak ez zuten bozketan parte hartu. Gutxiengoan geldituta, dimisioa aurkeztu zuen Phillipe Elizalde auzapezak, eta, hala, herriko kontseiluak beste hautetsi bat izendatu beharko du auzapez kargurako. Elizalde izanen da hautagaietako bat: «Mandatu hau aheztarrek eman zidaten; nahi dut herriko kontseiluko hautetsiek euren botoaren bidez jakinaraz dezatela kenduko didatela».