Ahetze Bihotzetik zerrendan, Laetitia Guesdon-Michaud aurkeztu da buru Ahetzeko (Lapurdi) igandeko bozetara. Philippe Elizalde auzapez ohiak sostengatzen du. Parean, zerrendakide izan zuen Ramuntxo Goihetxeren Ahetze Zuekin zerrenda plantatu zaio, kontseiluko gatazken ondotik. Eta, aurreko bozetan bezala, Ahetzen zerrenda ere aurkeztuko da, Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalea buru.
Maiatzean dimisioa eman zuen Philippe Elizalde Ahetzeko auzapezak, Ramuntxo Goihetxe bere lehen axuantak kontra egin ziolako bozketa batean, auzapeza gutiengoan ezarririk. Lehenagotik hasi samurtzearen emaitza izan zen. Joel Di Fabiok hartu zuen orduan auzapez kargua: Goihetxeren zerrendan aurkeztu da aldi honetan, Elizalderen beste 9 zerrendakide ohi bezala. Urrirako, gehiengoko beste lau zinegotzik erabakia zuten kargua uztea, eta oposizioko hiru hautetsi abertzaleek berdin egin zuten gero, Pirinio Atlantikoetako prefeta hauteskundeak berriz egitera behartuz.
Beraz, atzo elkarturik eta gaur lehian dira Goihetxe eta Guesdon-Michaud, eta biek ere «gardentasun beharra» azpimarratu dute agintaldi berrirako. Kexu iturri izan den eskola jantegiko prezioa eta hatu merkatuaren kudeaketa hobetu beharra aipatu dute biek.
2026ko bozak begi bistan
Hiru zerrendek 2026ko herriko bozen perspektiba jarri dute jomugan. Laster etorriko dira herri guztietako bozak, eta ondoko agintaldi hartarako proposamenak aurreratuak dituzte kanpainan.
Bai Goihetxek, bai Guesdon-Michaudek, hasitako lanaren jarraitzea aipatu dute. Goihetxe hamabost urte hauetan hautetsi da Ahetzen. Hain zuzen, aldaketaren beharra azpimarratzeko argudio gisa baliatu du hori Ramuntxo Labat-Aramendi oposizioko hautetsi abertzaleak: «Badirudi ziklo politiko baten amaiera adierazten duela herriko etxeko azken hilabeteetako ikuskizun tristeak». Herriko etxeko kontuei buruzko gardentasuna bilatu nahi du Ahetzen zerrendako buruak. Etxebizitzaren alorreko eta euskararen aldeko desafioak aipatu ditu ezkerreko zerrenda abertzaleak: publikoki menperatuak diren prezio apaleko bizitegiak eta euskara eremu publiko guzietan erabiltzea, besteak beste.
Hiru zerrendek adierazi dute berriz plantan eman beharra dela herriko etxeko langileenganako konfiantzazko elkarlan giroa.
Labat-Aramendiren zerrendak Orain bai! hautatu du lelo gisa. Ikusi beharko da aitzineko aldian elkarturik eta orain bi zerrendatan aurkeztu direnen zatiketa aldekoa zaion. 2020ko herriko bozetan, Philippe Elizalde auzapez ohiaren zerrendak bozen %62,78 erdietsi zituen. Santiago Kapendegi abertzalearen zerrenda zuen parean, eta bozen %37,21 bildu zituen. Kapendegi berriz aurkeztu da Labat-Aramendiren zerrendan, eta Euskal Elkargoko kontseilari kargua hartuko du irabaziz gero.
Bigarren itzulia egin behar balitz, ondoko igandean izanen litzateke.