4,7 milioi tona handitu nahi du Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bota daitekeen industria hondakinen kantitatea, eta, horretarako, industria hondakinetarako hiru zabortegi handitu—Igorrekoa, Bistibietakoa eta Beteartekoa— eta beste bi berriro irekiko ditu—Epelekoa eta Artxandakoa—. Hondakin gutxiago botatzeko eta 2024rako hondakinak «modu autosufizientean» kudeatzeko plana aurkeztu zuen atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, eta orduan iragarri zituen aldaketok, beste zenbait neurrirekin batera. Besteak beste, «hondakinak eta lurrak balorizatzeko azpiegitura berri bat» egingo dela ere iragarri du.
Jaurlaritzak finkatu duen bide orriak bi helburu nagusi izango ditu. Batetik, botatako hondakinen bolumena «nabarmen» apaltzea nahi du, «sortutako hondakin guztien %15 izan arte», eta, bestetik, 2024. urtetik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako hondakin guztiak jasotzeko «gaitasun nahikoa» izango dela bermatzea, «lurraldetik kanpora eraman gabe».
Isurketak mugatzea
«Birziklatze eta balorizazio» proiektuetarako laguntzak ematen hasia da Tapiaren saila. Azaldu duenez, 54 proiektu berri ditu martxan 36 enpresatan, 392 milioiko aurrekontuarekin.
Adierazi dute gaur egun botatzen diren hondakinak aurreikusi baino «gutxiago» direla. Hala ere, ez da erraza izango Jaurlaritzak nahi duen mailara heltzea: 2024. urtera arte 1.500.000 tona botatzea aurreikusten du, eta kantitate hori 300.000 tonara jaitsi nahi dute 2029. urterako.
Hondakin gutxiago botatzeko ezarriko duten beste neurri bat ere iragarri dute: «Isurtze saria». 2024. urtetik aurrera, botatzen den tona bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko dira, eta 2025. urtean, 20. Horrez gain, «hondakinak eta lurrak balorizatzeko azpiegitura berri bat» ere iragarri dute, «hondakindegiaren ordezko berehalako irtenbiderik ez badute», baina ez dute zehaztasun gehiago eman.
«Autosufizientzia»
Sortutako hondakinak ere bertan kudeatu nahi ditu Jaurlaritzak, kanpora bidali gabe. Zaldibarko zabortegia amildu eta Larrabetzu eta Mutiloakoak ixtearekin batera, 400.000 tona hondakin geratu dira biltegiratzeko lekurik gabe. Hori dela eta, handitu egingo dituzte zabortegi batzuk, eta beste batzuk berriro ireki. Hala ere, adierazi du «aldi baterako» neurri bat izango dela: «Helburua isurketak nabarmen apaltzea denez, aldi baterako egoera hori denbora tarte mugatu batean egindako jarduketen bidez konponduko da».
Gardelegi, Igorre, Bistibieta eta Betearteko zabortegien edukiera handituko du Jaurlaritzak. Epelekoa ere berriz irekiko duela iragarri du, eta Artxandako zabortegi zaharra ere berrituko dute. Tapiak aitortu du zabortegiaren gaineko kontrolen zorroztasuna «handitu beharra» dagoela, eta arlo horretan ere neurri berriak iragarri ditu: «Herri administrazioak» zabortegien jardueraren jarraipenean duen inplikazioa «indartzea» eta ingurumen administrazioak «zuzenean» parte hartzea. Esan du hiru hilabetean behin kontrolak egingo dituztela horretarako, eta urte bakoitzeko gehienezko hondakin muga ere ezarriko zaiola instalazio bakoitzari.
Zabortegi batzuk handitzearekin batera, hamahiru zabortegi progresiboki itxi ahal izango dira 2030era bitartean; horietako lau hondakin ez-arriskutsuenak izango dira, eta 2024an itxiko dira. Hala ere, prozesu luzea geratuko zaie aurretik; zabortegiei «zigilatzea eta kontrolak egitea» galdegiten zaie itxi ondorengo 30 urteetan, eta gas isuriak, uraren kutsadura eta desplazamenduak kontrolatzea. Tapiak adierazi duenez, zabortegiaren jabeari dagokio lan horietarako dirua jartzea, eta hori batzuetan ez da bete azken urteetan. Hori dela eta, bitartekoak jarriko dituzte itxiera «modu egokian» egin dadin.
Hiru zabortegi handituko ditu Eusko Jaurlaritzak, eta beste bi berriro ireki
2030erako %15era apaldu nahi ditu botatzen diren hondakinak, eta «autosufizientzia» bermatu nahi du eremu horretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu