Hiru urteko espetxe zigorra ezarri diote Miren Larrioni

Ikusteko dago zigorra exekutatuko ote den, Larrionek hura lan komunitarioengatik ordezkatzeko aukera aipatu baitzuen, akordio bat egin ostean.

Miren Larrion, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
2022ko maiatzaren 24a
15:26
Entzun

Gasteizko Epaitegiak hiru urteko espetxe zigorra eta 2.800 euroko isuna ezarri dizkio Gasteizko Udaleko EH Bilduren eledun ohi Miren Larrrioni. Estatu zibilaren usurpatze, ebasketa arin eta dokumentu faltsutze delitu bana egotzi dizkio. Epaileak kontuan hartu du nahasmendu psikikoko aringarria, eta ikusteko dago ebazpenaren exekuzioa gauzatuko ote den, horiek lan komunitarioengatik aldatzeko aukera adostu baitzuten aldeek.

Ebazpenaren arabera, 2020ko abendua eta 2021eko otsaila bitarte izan ziren gertakariak. Larrionek koaliziokide baten diru zorroa hartu zuen haren identitatea «ordezteko asmoz», eta, besteak beste, telefono linea bat kontratatu eta banku kontu bat ireki zituen haren izenean. Izatez, azken hori kudeatzeko koordenatuen txartel bat eskuratu ostean atxilotu zuten. 2021eko otsailaren 22an izan zen hori. Epaileak, gainera, frogatutzat jo du politikari ohiak bere «itxura fisikoa moldatu» zuela bankura joatean.

Modu berean, epaileak frogatutzat jo du Larrionek «estres eta antsietate nahasmendu bat» jasan zuela epe hartan, eragina zuena «bere borondate eta adimen gaitasunetan». Hala, fiskaltzarekin lortutako akordioa dela medio, urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote estatu zibilaren usurpatze delituagatik —mozorrotu izanaren larrigarriarekin—, eta bi urteko beste bat dokumentuak modu jarraituan faltsutzeagatik. Epaiari helegitea jartzeko aukera dute aldeek.

Larrionek iazko otsailean utzi zuen zinegotzi kargua, eta eginiko «akatsa» onartu zuen. Duela hilabete, berriz, sare sozialen bidez berretsi zuen «akats bat egin eta aitortu» zuela: «Une hartan, ez nintzen jabetzen kide baten izenean bankuan kontu bat irekitzea, akats bat ez ezik, laguntza eskatzeko oihu bat ere bazela». Orduan eman zuen lortutako akordioaren berri ere, esanez ezarritako aringarria «profesionalen txostenetan» oinarritu dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.