Hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote Santi Coca gaztea hiltzeaz akusatuari

Santi Coca hiltzeagatik auzipetu zutenean ihes egin zuen.

jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 16a
17:30
Entzun

Gipuzkoako Auzitegiak gizon bat epaitu zuen azaroan, 2019ko apirilean Santi Coca gaztea hiltzeaz akusatuta. Zinpeko epaimahaiak ebatzi zuen gizona izan zela Coca hil zutenetako bat: zuhurtziagabekeria larriko giza hilketa delitua egin zuela ondorioztatu zuen. Gipuzkoako Auzitegiak gaur zehaztu du zigorra: hiru urte eta erdiko kartzela zigorra.

Coca jipoitu egin zuten 2019ko apirilean, Donostiako dantzaleku baten kanpoko aldean. Jipoia jaso eta bi egunera hil zen, ospitalean.

Sei gizon auzipetu zituzten Cocaren heriotzagatik. Orain zigortu dutenak, ordea, ihes egin zuen, eta, ondorioz, aurrena gainerako bostak epaitu zituzten. Lau errugabetu egin zituzten, eta bosgarrenari hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten.

Seigarren auzipetua aurtengo otsailean atxilotu zuten, Frantzian. Azaroan epaitu zuten. Zigorraren aringarri gisa aplikatu diote alkohola eta drogak hartu izana. Lesioen delitu arin bat ere ezarri diote, Cocaren anaia zauritzeagatik.

Urruntze agindua

Zigortua ezingo da Cocaren gurasoekin harremanetan jarri eta haiengandik 300 metro baino gutxiagora egon bost urtean. Bi zigortuen artean 165.573 euro ordaindu beharko dizkiete senideei.

Zinpeko epaimahaiarentzat, epaiketan frogatuta geratu zen bi taldek liskarra izan zutela dantzaleku baten kanpoko aldean; Santi Cocak kolpe bat eman ziola gaur zigortuari; eta zigortuak aurrena kolpeak eman zizkiola Cocari, eta gero ostikadak lurrean zegoenean. Hala ere, zinpeko epaimahaiaren arabera, zigortuak ez zuen Cocaren bizia arriskuan jarri nahi, eta ez zuen pentsatu ere egin Coca hil zitekeenik, «nahiz eta erraza zen sortu zuen arriskuaz jabetzea, egin zuena ikusita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.