Hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote Amurrioko baserri bati tiro egin zion polizia ohiari

Akordioa egin dute defentsak, akusazio partikularrak eta fiskaltzak. Ikusteko dago, ordea, zigorra nola aplikatuko den.

Bederatzi milimetroko balak baserriko leiho batean egindako zuloa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Bederatzi milimetroko balak baserriko leiho batean egindako zuloa. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
aitor biain
2024ko ekainaren 11
13:55
Entzun

Arabako Probintzia Auzitegian gaur zuten epaitzekoa 2019an Amurrioko (Araba) ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin zion gizona. Ez da ahozko saioa egin, azkenean akordioa erdietsi baitute fiskaltzak, defentsak eta akusazio partikularrak. Akusatuak, 79 urteko Espainiako polizia ohi batek, egindakoa aitortu du, eta zigorra onartu. Zehazki, hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri diote gerrako armak edukitzeagatik, eta 180 euroko isuna baserrian bizi den familiari kalteak eragiteagatik.

Isunaz eta kartzela zigorraz gain, gizonak 200 euroko kalte ordaina eman beharko dio familiari, eta armak izateko eskubidea ukatua izango du sei urte eta bederatzi hilabetez. Epaia irmoa da jada, baina ikusteko dago zigorra nola aplikatuko den. Litekeena da gizonak espetxera joan behar ez izatea, adinagatik edo delituaren tipologiagatik. Indultu bat eska dezake horretarako, hain justu ere.

Akusazio partikularrak —kaltetutako familiaren abokatuak— hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen zuen akusatuarentzat. Eta fiskaltzak, berriz, zazpi urte eta erdikoa. Epaiketaren aurretiko adiskidetze bileran, baina, bi aldeen abokatuek jarrerak hurbildu dituzte, eta negoziazio luze baten ondoren izenpetu dituzte akordiorako oinarriak. Ituna berresteko saioan, tiroaren egilea bera izan zela eta nahita egin zuela aitortu dio akusatuak epaileari, baina desadostasuna agertu du zigorrarekin. Izan ere, gizonak argudiatu du etxean antzeman zizkioten armak ez direla gerra armak, baizik jada erabili ezin direnak.

Kalte egindako familia, berriz, konforme azaldu da itunarekin; izan ere, adierazi dute haientzat «garrantzitsuena» zela gizonak aitortzea tiro egin ziela. «Gaur esan du baietz, berak egin zuela tiro. Hori espero genuen guk, egia esatea, eta, horrekin, guretzat bukatu da dena», nabarmendu du Mertxe Azkarragak familiaren izenean, epaiketa bukatu ostean.

Txema Matanzas familiaren abokatua ere pozik azaldu da, frogatuta geratu delako tiroa nahita egin zuela polizia ohiak: «Gure ustez, ez zen zuhurtziagabekeria izan: pistola etxera apuntatua zuela egin zuen tiro gizonak. Eta horrela jasotzen da epaian ere. Alegia, ez zen akatsik izan arma erabiltzerakoan: bere borondatez egin zuen tiro». Izan ere, fiskaltzak soilik legez kanpoko armak izatea egozten zion gizonari, eta ez kalteak eragitea, uste zuelako zuhurtziagabekeriaren ondorio izan zela tiroa. Bada, Matanzasek gogorarazi du urtarrilaren 6ko goiz hartan gertatu zena argitzea izan dela hasieratik familiaren nahia, ez besterik: «Ertzaintzak bere ikerketa txostenean jaso zuena argia da, eta, behin puntu honetara iritsita, gutxienekoa da beste dena guretzat. Espetxe zigorra ez zen gure helburua».

Arma biltegi bat etxean

Itxaronaldia luzea izan da Isasi-Azkarraga familiarentzat. Izan ere, bost urte joan dira tiroketa hura gertatu zenetik. Errege egun batez izan zen, Lezama herribatzarrean, Amurrion (Araban). Baserriak euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko ikurra zuen leiho batetik zintzilik, eta bederatzi milimetroko bala batek baserriko sukaldeko leihoa zeharkatu zuen. Ez zuen inor zauritu, erasoa gertatu zenean familiako hiru kide bertan zeuden arren. 

Familiak ohartarazita, Ertzaintza bertaratu zen, eta berretsi egin zuten erasoa bederatzi milimetroko bala batekin egindakoa zela. Inguruak miatu zituzten, eta tiroa nondik etorri zen zehaztu zuten. Handik gertu bizi den pertsona bat identifikatu zuten, susmagarri gisa, eta egun batzuk geroago atxilotu zuen. Auzoan ezaguna da identifikatutako pertsona hori Espainiako Poliziako kide izan zela.

Hasieran ukatu egin bazuen ere, tiroaren egilea bera izan zela aitortu zuen gizonak, eta arma non ezkutatu zuen ere azaldu zien ertzainei. Ez zela nahita izan adierazi zien, ordea. Gizonak ez zuen armak erabiltzeko baimenik une horretan —2018ko otsailean kendu zioten—, eta, Ertzaintzak haren etxea miatu zuenean, arma ugari topatu zituen bertan. Horietako asko legez kanpokoak ziren, eta manipulatuta zeuden, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.