Koronabirusa

Hiru urte bete dira Euskal Herrian lehen bi COVID-19 kasuak atzeman zituztenetik

Araban detektatu zuten bat, eta Gipuzkoan bestea. Aurreko egunetan kanpoan ibiliak ziren biak. Osasun zerbitzuek esan zuten kutsakortasuna ez zela oso handia. Ordutik, Euskal Herrian 10.155 lagun hil dira koronabirusagatik.

Nekane Murga sailburua 2020ko otsailaren 26an, koronabirusaren inguruko prentsaurreko batean. Bi egun geroago eman zuten lehen bi kasuen berri. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko otsailaren 28a
10:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak 2020ko otsailaren 28an eman zuen albistearen berri: koronabirusa iritsi zen Euskal Herrira. Kasu bat topatu zuten Araban, eta beste bat Gipuzkoan. Baina kezkatzekoa zen? Nekane Murga Osasun sailburuak «lasaitasun eta konfiantza» mezua zabaldu zuen: «Kutsakortasuna ez da oso handia. Gaitza duen pertsona bakoitzak bi edo hiru pertsona kutsatzen ditu. Beste birus batzuena askoz ere handiagoa da; elgorriarena, adibidez», adierazi zuen. «Aspalditik gaude prest». Nafarroan hurrengo egunean atzeman zuten lehen kasua.

Gehienen antzera, Murgak ez zuen asmatu. Une hartan imajinatu ere ezin zen egin zer zetorren. Datuek lagundu dezakete ordutik gertatu denari neurria hartzen: milioi bat positibo baino gehiago atzeman dira Euskal Herrian, 10.155 lagun hil dira COVID-19ak jota, eta 50.000 baino gehiago ospitaleratu dituzte. Eta horiei gehitu behar zaizkie datuetan ikusten ez direnak: konfinamenduak, arazo ekonomikoak, buru osasunean eragindako kalteak, bertan behera utzitako ekitaldiak, planak eta abarrak...

Atzeman ziren lehen bi kasu haiei dagokienez, kanpoan kutsatu zirela azaldu zuen Jaurlaritzak. Bat Italian izan zen, eta bestea, Espainian, Andaluzian. Gaitza atzeman zioten arabarra medikua zen Gasteizko Txagorritxu ospitalean, eta hirugarren kutsatua ere ospitale bereko langile bat izan zen. Arriskutsutzat jotzen ziren herrialdeak Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran eta Italia ziren, eta osasun agintariek jada zehaztuta zeuzkaten birusaren hedatzea eragozteko irizpideak.

Euskal Herrian koronabirusarekin hildako lehenengo pertsona, berriz, 82 urteko gizon bat izan zen; Bizkaian zendu zen, martxoaren 4an. Gaixotasun kronikoak eta pneumonia ere bazituen.

Lehen kasuak atzeman zirenean gaixotasunaren inguruko ezjakintasuna zenbaterainokoa zen ulertzeko, Osakidetzak eman zituen gomendioei erreparatu besterik ez dago: eskuak garbitzeko, doministiku egitean ahoa besaurrearekin estaltzeko, eta erabili eta botatzeko musuzapiak baliatzeko. «Maskarek ez dute balio gaixotasuna saihesteko; onena eskuak garbitzea da», esan zuen Murga sailburuak. Ordurako, ordea, farmazia askotan amaituta zeuden maskarak.

Arduradunek gehitu zuten zitekeena zela koronabirusa Euskal Herrian hedatzen hasia egotea, baina herritarrei eskatu zieten ez larritzeko: «Soilik sintomak dituztenek hartu behar dituzte neurriak». Hori ere oker: Hego Euskal Herrian, konfinamendua martxoaren 15ean sartu zen indarrean, eta, Ipar Euskal Herrian, martxoaren 17an. Osakidetzak martxoaren 2an ezarri zituen birusa ez hedatzeko neurriak osasun zentroetan.

Jaurlaritza, noski, ez zen salbuespena izan. Adibidez: Euskal Herrian lehen kasuak agertu ziren egunean, OME Osasunerako Mundu Erakundeak esan zuen «pandemia» hitza saihestu egin behar zela: «Izan ere, esan nahiko luke edonork duela gaitza harrapatzeko arriskua».

Bi hilabete eta erdi lehenago agertu zen birus bitxi bat Txinako Wuhan hirian, eta ordurako hilabete baino gehiago pasatua zen Txinako Gobernuak hiria itxi zuenetik. Handik gutxira bihurtu ziren itxialdiak ohiko neurri mundu osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.