Hiru sareetan igo da euskaraz ikasten dutenen kopurua Ipar Euskal Herrian

Euskarazko irakaskuntza eskaintza garatu, eta egituratzeko akordioa berritu dute. Seaskaren eta akademiaren arteko ituna berritzeko negoziazioak «oso gaizki» doaz

Laserre, Claveau-Abbadie, Dugrip eta Etxegarai, akordio berria sinatzen, atzo, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
ander perez zala
Baiona
2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko eta Frantziako hainbat erakunde ideia komun baten inguruan elkartu dira hirugarrenez: euskararen eta hizkuntzaren irakaskuntzaren eta garapenaren inguruan, hain zuzen. Euskarazko gaitasunak garatzeko konpromisoa hartu zuten atzo Euskal Elkargoak, Bordeleko Akademiak, Pirinio Atlantikoetako Departamentuak eta Akitania Berriko Eskualdeak, eta lau erakundeek berretsi zuten, bigarrenez, Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskarazko irakaskuntza eskaintza garatzeko eta egituratzeko hitzarmen esparrua, 2022. urtera arte. «Egungo egoerara» egokitu dute ituna, Olivier Dugrip Bordeleko Akademiako errektoreak azaldu zuenez, eta arreta jarri dute hamahiru urteotan lorturiko aurrerapausoetan: lehen mailan irakaskuntza elebiduna eskaintzen duten ikastetxeen proportzioa %42tik %65era igo da, eta sail horietan dauden ikasleen kopurua %68 igo da hamahiru urtean. Bigarren mailan ere gora egin du ikasle elebidunen kopurua,k epe berean: kolegioan, %9,6tik %20,4ra, eta lizeoan, %6,6tik %10,6ra. Irakasleei dagokienez, euskarazko irakasle postuak %55,4 areagotu dira. Hala, igo egin da Ipar Euskal Herriko hiru sareetan —publikoan, giristinoan eta Seaskan— euskaraz ikasten dutenen kopurua.

Beranduenez, 2022ko ekaina baino lehen jakinaraziko dituzte bost urteko prozesu berriaren ebaluazioak emango dituen emaitzak. Etorkizunera begira, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko presidenteak orain arteko «bide ona» goraipatu zuen: «Anbiziozko hizkuntza politikak izaten jarraitu behar dugu, eta elkargoa horretarako prest da».

Bide beretik, datozen bost urteei begira, beharrezko baliabideak eskaintzeko beharra aldarrikatu zuen Jean-Jacques Laserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluko presidenteak, euskarazko irakasleen eskaintza areagotzea helburu. Hain justu, alor hori indartu nahi dute datozen bost urteetan: «Kopuru hori igoko da soilik ikasleak sareetan murgiltzen badira», gogorarazi zuen Dugripek.

Pauso «oso garrantzitsua»

Paxkal Indo Seaskako lehendakariak «oso garrantzitsutzat» jo du atzo Baionan sinaturiko akordioa. «Pentsatzen ahal zen momentu batean Frantziako Estatuak euskararen aldeko sistemetatik atera nahiko zuela, eta akordio horren sinatzeak erakusten du, batetik, ez dela aterako, eta, bestetik, hemen duen lekua estrategikoa dela harentzat. Hau istorio politikoa da, eta ikusiko dugu egituraketa zuzen nola egingo den; gerora neurtuko ditugu egiazki egingo dituzten indarrak», adierazi zion BERRIAri ekitaldia amaitzean.

Udan amaituko da Seaskak eta Bordeleko Akademiak duten akordioa, eta, gaur-gaurkoz, ituna berritzeko negoziazioak «oso gaizki» doaz, Indoren arabera. Gai horretaz galdetuta, Dugripek azaldu zuen akordioa berritu nahi duela. «Errektoreak berak sinatuko du akordioa; hori egin nahi duela esan badu, mamia aldatzen jakin beharko du», ohartarazi zuen Seaskako lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.