Hiru presotik bik buru osasuneko arazoren bat dute Basaurin, Martutenen eta Zaballan

Droga mendekotasunen bat dute Zaballako espetxeko hamar presotik zortzik.

Preso baten heriotza salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Preso baten heriotza salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jakes goikoetxea
2024ko maiatzaren 23a
13:45
Entzun

Espetxeetako errealitate gordina: Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Donostia) eta Zaballako (Araba) espetxeetako hiru presotik bik buru osasuneko arazoren bat dute; droga mendekotasunen bat dutenak gehiago dira.

Kasu zehatz bat, Zaballakoa: 800 preso daude guztira; horietatik 500 artatzen dituzte Osakidetzak espetxean daukan osasun zentroan; 500 horietatik %65 inguru buru osasuneko arazoengatik; %80k droga mendekotasunen bat dute: eta %7k agerraldi psikotikoren bat. Ehunekoak antzekoak dira Basauriko eta Martuteneko kartzeletan, baina kopuruak txikiagoak, preso gutxiago baitituzte.

Eguzkiñe de Miguelek eta Asier Lopez de Arkautek eman dituzte datuak. Arabako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria da De Miguel. Zaballako espetxeko Lehen Arretako Unitateko burua Lopez de Arkaute. Espetxeetako Osasunaren Espainiako Elkarteak kongresua hasi du Gasteizen. Kartzeletako lehen arretaren egoeraz, gaixotasun kutsakorrez, droga mendekotasunez eta buru osasunaz hitz egingo dute, besteak beste.

Presoen soslaia aldatu egin da: lehen «bazterrekoagoak» ziren eta droga zainetatik sartzen zuten; gaur egun, berriz, drogen kontsumoa aldatu egin da, eta politoxikomano gehiago daude. «Gazte askok denetarik hartzen dute», De Miguelen eta Lopez de Arkauteren esanetan. Hala ere, kalamuaren kontsumo handia nabarmendu dute. Sintoma psikotikoak eta eskizofrenia goiztiarrak sortzen dituela zehaztu dute.

Presoen osasunean eragina duen beste faktore bat haien adina da. Gero eta zaharragoak dira, bai espetxean dauden presoak, bai sartzen direnak. Zaballako espetxean 93 urteko preso bat egon da. Osasun arduradunen esanetan, preso horiek espetxetik ateratzen direnean, sarritan ez dute nora jo, eta horrek estresa eta larritasuna eragiten die.

Aldaketa eske

Salhaketa elkarteak espetxe eredua aldatzeko eskatu izan dio Eusko Jaurlaritzari, eta aldaketen artean presoen osasun baldintzak eta zerbitzuak aipatu ditu, presoen osasuna lehenesteko. Salhaketarentzat, espetxe erraldoien eta zaharkitutako kartzelen ordez, tamaina txikiko gizarteratze zentroak behar dira presoentzat. Eta programa espezializatuak droga mendekotasunak edota buruko gaitzak dituzten presoak artatzeko.

Maiatzaren 3an preso bat hilda agertu zen Basauriko espetxean, gaindosi baten zantzuekin. Salhaketak zehaztu zuen presoak patologia bikoitza zuela –buruko gaitz bat eta adikzioak–, eta, bere buruaz beste egiteko arriskua handia bazen ere, ez zutela artatu zentro soziosanitario berezi batean. Salatu zuen espetxeak ez direla leku egokiak patologia bikoitzak dituzten presoak artatzeko, ez baitute neurri eta baliabide nahikorik gaixotasun horiek prebenitzeko, diagnostikatzeko eta artatzeko. «Sistema soziosanitarioak egoki artatu ez dituen gazte askoren hilerri bilakatu dira espetxeak», Katearen Loturak elkartearen esanetan. Adikzio arazoak dituzten eta patologia bikoitza pairatzen duten pertsonak artatzen ditu elkarte horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.