Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, hiru euskal preso eramanen dituzte Euskal Herri inguruan dauden espetxeetara, eta bat Euskal Herriratu eginen dute. Ainhoa Barbarin Iurrebaso da Euskal Herrira ekarriko dutena: Zaballako espetxera ekarriko dute (Araba), Valentziatik (Herrialde Katalanak, 600 kilometro).
Bertze hiru euskal preso Euskal Herritik hurbil dauden kartzeletara mugituko dituzte: horietatik bi, Xabier Makazaga Azurmendi eta Eneko Goieaskoetxea Arronategi, A Lamatik (Galizia, 740 kilometro) El Duesora mugituko dituzte (Kantabria, Espainia, 170 kilometro). Ana Belen Egues euskal presoa, berriz, Kordobako espetxetik (835 kilometro) Asturiasko Villabonako kartzelara mugituko dute (385 kilometro).
Lekualdaketa horiek eta aitzinetik iragarritakoak gauzatzen direnean, ez da euskal presorik egonen Kordobako espetxean: izan ere, gaur egun hiru euskal preso daude han, eta hirurei onartua diete lekualdaketa.
Mugimenduak, mantso
Mugimenduak, halere, mantso egiten ari dira azken hilabeteotan: 43 euskal preso daude lekualdaketa iragarria dutenak baina oraindik ez dituztenak helmugako kartzelara eraman. Aste honetan lekualdaketa bakarra gauzatu dute: Iñaki Arakama euskal presoa Sevillako kartzelatik (Andaluzia, Espainia, 990 kilometro) Zaballara ekarri dute. Otsail hasieran iragarritako mugimendua zen. Badira, halere, abenduan iragarritako mugimenduak, oraindik ere gauzatu ez direnak. Etxerat-ek eskatu du lekualdaketa eta hurbiltzeak «berrezar» ditzatela, «presoen eta haien senideen kezka eta ziurgabetasuna behingoz amaitzeko». Gaur arratsaldean Euskal Herriko herrietan eginen diren azken ortziraletako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin du euskal presoen senideen elkarteak.