Hiru nerabetik bik «nahiko maiz» jotzen dute eduki pornografikoetara

Save the Children erakundeak sexu heziketaren beharra jarri du kontsumoaren erdigunean

Nerabeek sarean dauden pornografia edukiak kontsumitu ohi dituzte. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Nerabeen pornografia kontsumoa eta horrek beren harremanetan eta garapenean duen eragina ikertu du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak, Sexu (des)informazioa: pornografia eta nerabezaroa txostenean. Ondorioztatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru nerabetik bik «nahiko maiz» jotzen dutela pornografiara. Sexualitatea lantzeko gomendio batzuk egin dituzte datuetan oinarrituta.

Ohartarazi dute mutilek nabarmen gehiago kontsumitzen dutela pornografia neskek baino: mutiletan, hamarretik bederatzik jotzen dute pornografiara, eta nesketan, erdiek. Batez ere lagunen gailuetan ikusten dute lehenbizikoz, edo, bestela, gomendioren bat jaso ostean, beren kabuz. Arlo horretan ere bada ezberdintasunik generoaren arabera: mutilek ia egunero ikusten dute pornografia, eta bilaketa aktiboa egin ohi dute —gehienek adierazi dute «senezko beharrak» asetzeko kontsumitzen dutela—. Nesken kontsumoa apalagoa da, eta noizbehinkakoa: astean edo hilean behin ikusten dute, eta, gehienetan, «ezustean» aurkitzen dituzte edukiak —aukera handiagoa dute ezezagunengandik jasotzeko—. Zergatik ikusten duten galdetuta, hara erantzuna: «Guregandik zer espero den ikasteko».

Gehienek Interneteko doako plataformetan ikusten dute pornografia. Erakundeak ohartarazi du halakoetan nabariak izaten direla «indarkeria eta harreman desorekatuak», nahiz eta erabiltzaileen erdiek baino gehiagok dioten «kontsumo arduratsua» egiten dutela. Pornografia eredu dute: nerabeen erdiek uste dute «ideia berriak» aurki ditzaketela, beren erlazioetan proba ditzaketenak, eta aitortu dute ikusitakoa probatu nahiko luketela. Joera hori handiagoa da mutilen artean. Save the Childrenentzat, «kezkagarria» da jarrera hori: «Ikusten dutena imitatzen saiatzen direnean, ez diote aurrez baimena eskatzen bikotekideari».

Erakundea kezkatuta dago. Hala ere, ohartarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeak gai direla pornografia irudi gehienetan «praktika kaltegarriak, indarkeria eta desberdintasunak» atzemateko. Egileek sexu heziketaren eta hausnarketaren beharra jarri dute erdigunean.

Adierazi dutenez, nerabeen erdiek baino gehiagok azken bi urteetan bederatzi prestakuntza ordu baino gehiago jaso dituzte, baina hirutik bik informazio falta sumatzen dute. «Curriculumean txertatu gabe dago afektibitate eta sexu hezkuntza, eta sexualitateko irakasle eta aholkulari bihurtu da pornografia», azaldu du Charo Arranza EAEko Save the Childreneko zuzendariak. Haren ustez, arriskua ez da pornografia ikustea, baizik eta beren sexu desirak «oinarri irrealetan, indarkerian eta desberdintasunetan» eraikitzean, eta sexukideen hitza kontuan ez hartzean. Erakundeak uste du programa gehiago sortu behar direla, besteak beste, «jardunbide egokiak» lantzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.