Estatus berriaren eztabaida Eusko Legebiltzarrera iristekoa da 2025ean, baina ez urteko lehen hilabeteetan, oraindik sukalde lan handia egin behar baita dagokion batzordea martxan jarri aurretik. Urtearen lehen partean beste mugarri bat izango da: osasun itunarena. Iazko urtearen hondarrean, porrot egin zuen Eusko Jaurlaritzak eta oposizioko talde nagusiak, hau da, EH Bilduk aurrekontuen inguruan abiatutako negoziazioak, eta, beraz, Imanol Pradales lehendakariak lehen akordio handia lortu nahi du osasuna ardatz hartuta.
EAJk begiz jota dauka arlo hori, baina uste du Osakidetzan aspaldian azaleratu diren egiturazko arazoak bideratzen ari direla apurka. EAJko bozeramaile Joseba Diez Antxustegik BERRIAri azaldu dionez, «diagnosi partekatu bat» egina dute indar politiko nagusiek, eta «datu batzuk hobetzen ari dira». «Itxaron zerrendak laburtzen ari dira», Antxustegiren hitzetan, eta osasun zentro batzuk ireki dira. Osasun mahaian «neurri partekatuak» hartu beharko direla ere erantsi du.
Antxustegik beste arlo bat aipatu du lehenbailehen lanketa berezi bat behar duten horien artean: segurtasuna. «Hiri batzuetako leku jakinetan arazo batzuk identifikatu dira, eta segurtasuna bermatzearen alde egingo dugu, zalantzarik gabe». EAJko eledunak dio «Ertzaintzari eta udaltzainei baliabide gehiago» eman behar zaizkiela. Gogoratu du badagoela akordio bat Ertzaintzaren lantaldea handitu eta 8.000 kidekoa izateko.
Segurtasuna eta Etxebizitza
Eskuin muturraren agendan segurtasuna eta etorkinak lotzeak duen garrantziaz galdetuta, Antxustegik esan du «EAJ oso-oso urrun» dagoela eskuin muturretik, baina politikan dabiltzanek erantzukizuna hartu behar dutela, «ausartak izan». «Jendeak kalean identifikatzen dituen arazoak aitortu eta konpondu egin behar dira, horretarako ordaintzen baitigute. Badakigu eskuin muturrak segurtasuna baliatzen duela beldurra ereiteko eta estigmak ezartzeko, eta badakigu, halaber, ezker muturrak ez ikusi egiten diela arazo horiei. Bada, bi jarrera horien artean zentzukoena da segurtasun arazoak konpontzea, politika egiteko erabili gabe».
«Hiri batzuetako leku jakinetan arazo batzuk identifikatu dituzte, eta segurtasuna bermatzearen alde egingo dugu, zalantzarik gabe»
JOSEBA DIEZ ANTXUSTEGIEAJko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Bestalde, etxebizitzaren arazoa da mahai gainean dauden eztabaidetako beste bat 2025. urteari begira, Antxustegik azpimarratu duenez. «Gure apustua da etxebizitzak eraikitzea, udalek soluzioan parte hartzea eraikitzeko zoruak askatuz, eta alokairuaren aldeko jarrerarekin batera jabetza pribatuaren aldekoa ere gauzatzea, guk ez baitiogu inori esango nola bizi behar duen».
Jeltzaleak aurtengo erronken artean sartu du, gainera, «autogobernuan aurrera egitea». Gernikako Estatutua betetzeko eskumenen transferentzia azkartu egin da, eta EAJko eledunak adierazi du «eskumen guztiak jaso bitartean, estatutua berritzeko elkarrizketak» aurrera doazela. Dena den, ohartarazi du estatus berriaren auzia legebiltzarrera heldu aurretik «gutxieneko adostasun bat» lortu behar dela.
«Alderdiak hasiak gara elkarrekin hitz egiten, eta prozesu hori bukatzean iritsiko da gaia legebiltzarrera». Antxustegik adierazi du EAJk nazio aitortzaren alde egingo duela: «Abertzaleak gara, eta horixe nahi dugu; Pedro Sanchezekin sinatu genuen akordioan horrela jasota dago, gainera». Aitortza horrek ondorio juridikoak ekarri beharko lituzke, ordea? Eztabaida horretan datza, hein handi batean. «Nazio gisa aitortuak izateak beti irekiko ditu beste ate batzuk gure nazio egituretan aurrera egiteko».
Argazkia atera
EH Bildurentzat, aspaldian identifikatuta dauden arazoak «hor daude oraindik, soluzioen zain». Koalizioko eledun Nerea Kortajarenak dio 2025. urtea «erabakigarria» izango dela «ikusteko zer gertatzen den zerbitzu publikoen gainbeherarekin». Osakidetzaren eta etxebizitzaren arazoak hartu ditu ahotan lehenik eta behin. Gogoratu du sei hilabete joan direla Pradalesen gobernua abiatu zenetik eta lehentasunak ezartzeko garaia dela.
«Ezinbestekoa da politika publikoen norabidea ezartzea», baina koalizio subiranistan ez diote itxura onik hartu Pradalesen gobernuak helarazi dituen asmoei. «Uste dugu Jaurlaritza oso urrun dagoela herritarrek bizi dituzten errealitate gordin horietatik; ematen du ez diola neurria hartu bizi dugun egoerari». Hori dela eta, Kortajarenaren arabera, Gasteizko gobernuak «kezka handiagoa dauka argazkian ondo ateratzeko, gobernatzeak dakartzan erantzukizunak eta arriskuak hartzeko baino».
Osasunaren mahaia martxan dago, eta itun bat egiteko aukera bizirik, baina EH Bildun ez dute aldaketa handirik ikusi Osakidetzaren kudeaketan. «Hitzak eta asmoak» alde batera utzita, ekimen eskasa sumatzen dio Jaurlaritzari, batez ere planifikazioa eta kudeaketa aldatzeko, eta, horregatik, Osakidetza «eraldatzeko» legez besteko lau proposamen erregistratu ditu koalizioak Eusko Legebiltzarrean.
«Bestelako harreman bat behar dugu estatuarekin, parez parekoa, eta orain da hori lortzeko garaia; nazio aitortza eskuratu, eta gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea nahi dugu»
NEREA KORTAJARENAEH Bilduko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean
Etxebizitzari dagokionez, berriz, koalizioko eledunak salatu du EAJk jabetzaren eta alokairuaren inguruan bultzatu duen eztabaida ez dela «benetakoa». «Benetako eztabaida ez da bata ala bestea aukeratzeko askatasunaren ingurukoa; auzia da egungo egoerak ez duela bermatzen etxebizitzarako dugun eskubidea». Erantsi du «joko arauak aldatu» egin behar direla hori eragozteko, «arlo publikotik esku hartuz merkatuan».
Kortajarenak estatus berriaren edukiari erreparatu dio gero, eta 2025. urtea jo du nazio auzia «fase errosolutibora» eramateko urtetzat. Uste du EAJ eta EH Bildu «nahiko ados» egon daitezkeela estatus berriaren inguruko eztabaidan. Nabarmendu du berrogei urte joan direla Gernikako Estatutua bete gabe, eta, transferentziak egiten ari diren honetan, gogoratu du eskumenak lortzeak ere ez duela bermatzen askatasunez baliatuko direnik. «Estatuak erabat kamustu ditu gaitasun horiek azken urteetan. Bestelako harreman bat behar dugu estatuarekin, parez parekoa, eta orain da hori lortzeko garaia; nazio aitortza eskuratu, eta gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea nahi dugu».
Alderdi abertzaleak eta PSE-EE gai izango ote dira ados jartzeko? Madrilen itun sendo batekin eta herri gisa agertzeko bide gisa, hizpidera ekarri izan da hiru talde horiek akordio bat egiteko aukera, baina ematen du PSE urrun dagoela. «Denok azaldu ditugu gure nahiak, baina, adierazpenak adierazpen, isilean lan egitea tokatzen da. Akordio zabalak desiragarriak dira, baina erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo zabala dago legebiltzarrean, eta horrek pisua izan behar du irtenbideak topatzeko orduan».
Konstituzioaren menpeko
Ekain Rico PSE-EEko legebiltzarkideak ziurtatu du adostasunak badirela alderdien artean estatutua berritzeko, «eta ez gutxi». «Orain bi legealdi hor geratu zen zirriborro bat, erabakitzeko eskubidea hizpidera ekarri zutenean: autodeterminazio eskubidea esateko izen polit bat da hori». Erantsi du zati handi bat egina zegoela, eta «batzuek» ez zutela akordioa burura eraman nahi izan.
Ricok azaldu du «herritarren eguneroko arazoak konpontzea» dela lehentasuna PSErentzat, eta, horri jarraikiz, azken urteetan lortu diren eskubide sozialak jaso nahi ditu estatutu berrian: «adibidez, DSBE laguntza». Ricok uste du «estatutu berria estatus berri bihurtu nahi izan zutelako» dagoela berritu gabe Gernikako Estatutua. Baina alderdi abertzaleek ganberan gehiengo zabala dute gaur egun ere, eta helburu hori bera dute. «EAJk eta PSE-EEk sinatu dugun gobernu akordioan argi azaltzen da estatutu berri bat adosteko helburua; ez da estatus berririk aipatzen».
«Autonomia estatutu bat eta konstituzio bat ez dira gauza bera. Estatutua beste esparru juridiko baten menpekoa da; muga batzuk ditu, alegia»
EKAIN RICOPSE-EEko legebiltzarkidea
PSEko legebiltzarkidearen arabera, sozialistak prest daude estatutu berriak nazio hitza jaso dezan, baina baztertu egin du aitortza horrek ondorio juridikoak izatea. «Autonomia estatutu bat eta konstituzio bat ez dira gauza bera. Estatutua beste esparru juridiko baten menpekoa da; muga batzuk ditu, alegia. Uste dut alderdiek garbi dugula hori, eta herritarrei ez zaiela gezurrik esan behar».
Edonola ere, PSEk beste lehentasun batzuk ditu 2025aren hasierarako; osasunari lotutako arazoak, esaterako. «Aukera ona dugu osasunaren aldeko ituna egiteko, eta haren bitartez Osakidetza eraldatzeko». Etxebizitzari ere berehala erreparatu dio Ricok: «Buru-belarri gabiltza soluzioen bila, eta garrantzitsua da eragile guztiak batera aritzea, ezin baitugu ahaztu udalek rol garrantzitsua dutela auzi horretan».