Hiru milioi euroko zorra kitatu duela iragarri du 'Gara'-k

Baltasar Garzon epaileak itxitako 'Egin' kazetaren zorra ordaintzea lortu du egunkariak bi urteotan. Jasotako sostengua eskertu dute

Iñaki Soto, 'Gara'-ko zuzendaria, prentsaurreko batean. JON URBE / FOKU.
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak atzo iragarri zuen egunkariak lortu duela auzitegiek bizkarreratu zioten hiru milioi euroko zorra kitatzea. Eta hori lortzeko bidean jasotako babesa eskertu zuen.

Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Egin egunkaria itxi zuen 1998. urtean. Bost urte geroago Garzonek berak erabaki zuen Egin-ek Espainiako Gizarte Segurantzarekin zuen zorra Gara kazetari bizkarreratzea, «enpresen jarraipen ideologikoa» argudiatuta. Zor hori 4,7 milioi eurokoa zela ebatzi zuten orduan. Ez zuten kontuan hartu Espainiako Auzitegi Gorenak 2009. urtean Egin ixtea erabaki izana legez kanpokoa izan zela, eta Gara-k negoziatu egin behar izan zituen hiru milioi euro ordaintzeko epeak.

«Prentsaren askatasunean eta aniztasunean sinesten duen jendearen sostenguari esker, Gara-k kitatu egin du Egin-en zorra», idatzi zuen atzo Sotok. Harrotasunaren eta ezintasunaren arteko zerbait sentitzen duela adierazi zuen zuzendariak: «Ez zenuen zertan egin; behartu egin zaituzte, lortuko ez zenuelakoan. Horregatik, egiteak poz handia ematen du. Baina, aldi berean, diskriminazioak eta injustiziak sutan jartzen zaituzte».

Hogei urtez zorraren pisua gainean eduki dutela adierazi zuen Sotok, eta horrek Gara kazeta arriskuan jarri duela gaineratu. Bi urtean hiru milioi euro ordaintzea lortu izana goraipatu zuen, baina baita ahaleginaren kostua nabarmendu ere: «Borroka honetatik bizirik atera dira gizataldea eta komunikabidea, baina larri zaurituta, zamatuta, zigortuta».

Sotok nabarmendu zuen 10.000 harpidetza lortu izana «ikaragarria» dela. Bide batez, Hego Euskal Herriko administrazioen «utzikeria» salatu zuen. «Modu lizun eta bidegabean zigortu gaituzte. Batzuek erantzukizun handiagoa dute egoera horretan; beste aldera begiratu dute. Adibidez, euskal administrazioek». Hala, esan zuen aldaketa behar dela sektorea kudeatzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.