Motoziklismo proba bateko partaide batek inguruan bildutako ikusleen aurka jo du gaur arratsaldean, Jaizkibelen (Gipuzkoa). Bost pertsona zauritu dira, eta horietatik hiru larri eraman dituzte ospitalera. Ezbeharra Gi-3440 errepidean jazo da, Jaizkibelgo paradore zaharretik gertu.
Biarritzen (Lapurdi) ospatzen ari den Wheels and Waves jaialdiaren barneko proba batean gertatu da istripua. Punks peak sprint race izeneko abiadura lasterketa ari ziren egiten Jaizkibelgo errepideko zuzengune batean. Bertan, 13:00ak aldera, errepidetik atera da partaideetako bat, eta bost ikusle zauritu ditu. Ertzainak ikerketa hasi du ezbeharra zergatik gertatu den argitzeko.
Wheels and Waves jaialdia gaur hasi da, eta igandera arte iraungo du. Motoziklismoa, surfa eta skatinga uztartzen ditu, eta, Biarritzen egiten ari dira, baina zenbait irteera egingo dituzte. Gaur Jaizkibelera moduan, larunbatean Donostiako hipodromora joatekoak dira, eta Senperen ere (Lapurdi) egingo dituzte zenbait ekitaldi.