Hezkuntza sistemak beharrezko tresnak eta baliabideak jarri behar lituzke ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko? Baietz uste dute hiru herritarretik bik, Telesforo Monzon Euskal Herrigintza Laborategiak argitaratutako Naziometroaren laugarren neurketaren arabera. Zehazki, itaun horrekin ados daude galdetutako herritarren %42, eta oso ados %24,4. Aldiz, hamarretik bat dago horren kontra edo erabat kontra. Zehaztapen bat egin dute, ordea: galdera hori Nafarroan ez beste lurralde guztietan egin dute, baina Nafarroan, «Nafarroan dauden kultura nagusien (euskarari eta gaztelaniari loturikoak) ezagutza» bermatzeaz galdetu dute; %58,6 daude ados edo oso ados.
Naziometroaren laugarren neurketan, burujabetzari eta estatus politikoari lotutako ohiko galderez gain, hezkuntzari buruz itaundu dituzte herritarrak, eta emaitzak gaur goizean aurkeztu dituzte, Donostian eginiko agerraldi batean. Horren arabera, zerbitzu publikoen artean baloraziorik onena dutenen artean hirugarrena da hezkuntza, garraio publikoaren eta osasun sistemaren atzetik: galdetutako herritarretatik erdiek uste dute ongi edo oso ongi funtzionatzen duela hezkuntza sistemak (%49). Zerotik hamarrera, arlo horren balorazioa 6,47koa da, eta balorazio horretan apenas dagoen alderik eremu administratiboaren arabera: Nafarroan 6,6koa da puntuazioa, eta 6,4koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.
Barometroan zenbait alderaketari buruz galdetu diete herritarrei; esaterako, hezkuntzaren egoeraren bilakaeraz eta beste lurralde batzuekiko konparazioaz. Hori horrela, hirutik batek (%36,3) uste dute hezkuntzak hobera edo askoz hobera egin duela duela hamar urteko egoerarekin alderatuz gero, baina %27,1ek kontrakoa pentsatzen dute: egoerak okerrera edo askoz okerragora egin duela. Frantziako eta Espainiako hezkuntza sistemei erreparatuta, ordea, iritzi nagusia da Euskal Herriko egoera hobea dela (%42,4), eta %31,1ek diote berdina dela. %6,1ek baino ez dute uste hango eskolen egoera hobea dela. Joera hori guztiz kontrakoa da Europako Batasunarekin alderatuta: hirutik batek (%32,7) uste dute Euskal Herriko ikastetxeetako egoera okerragoa dela, eta %8k baino ez dute kontrako ikuspegia.
EUSKARA
Euskararen eta euskarazko irakaskuntzari dagokionez, bi ikusmolde daude ia parean: %32,7 dira euskarak ikasgai bat gehiago izan behar dutela uste dutenak, eta %33,1 ikasgai gehienak euskaraz ikasi beharko liratekeela diotenak. Esparru administratiboaren arabera, ordea, alde nabarmenak daude: euskara irakasgai gisa baino nahi ez dutenak gehiengoa dira Ipar Euskal Herrian (%55,6) eta Nafarroan (%42,2), baina Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren lehen aukera da irakasgai gehienek euskaraz izan behar dutela (%39,3).
SEGREGAZIOA
Segregazioaren aurkako neurriei dagokienez, proposatutako neurrietatik hiru babestu dituzte gehien; lehen aukera da ikasleen onarpenerako ikastetxe guztietan arau berdinak izatea (%79), eta bigarrena kuotarik ez kobratzea (%58,5). Horiez gain, babes handien duten hautuen artean hirugarrena da matrikula guztiak leku berean egitea –«udal bulegoetan adibidez»– eta ez ikastetxe bakoitzean (%44,7).
PUBLIKOA-ITUNPEKOA
Galdetutako herritarrei hiru aukera eman zizkieten, eta lehenetsitakoa izan zen itunpeko sarea mantentzea, «baina eskola publikoarekin baliabide eta betebeharretan berdinduta»; %44 daude horren alde. %21,4 daude egungo itunpeko sarea «dagoen bezala» mantentzearen alde, eta %19,5ek desagerraraziko lukete itunpekoa.
EUSKAL ESTATUAREKIKO JARRERA
Naziometroak euskal estatuaren eta erabakitzeko eskubidearen inguruan galdetu izan du aurreko hiru neurketetan, eta oraingoan ere aldagai horiei erreparatu die. Espainiako eta Frantziako estatuen lurralde antolaketarako formula batzuk aukeratzean, lehen aukera da oraindik ere «erkidegoei erabakitzeko eskubidea aitortzen» dien estatua (%31,5). Gainera, Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan edo Euskal Hirigune Elkargoan adostasun politikoa egongo balitz lurralde horren etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde, Espainiako eta Frantziako gobernuek erreferendum hori onartu beharko luketela uste dute hirutik bik (%66,5); datu horrek zazpi puntu egin du gora sei hilabetean, eta lehen bi neurketetan eskuratutako emaitzen artean kokatu da.
Aldiz, euskal estatuaren aldeko jarrera apalduz doa; estatuek onarturiko erreferendum ofizial batean emango luketen botoaz galdetuta, baiezkoa erantzungo luketela esan zuten %42,5ek 2020ko azaroan egin zuten lehen neurketan; portzentaje hori %39,5ekoa zen iazko martxoan, eta %37,5ekoa aurtengo apirilean.
Landa lana Aztikerrek egin du, martxoan eta apirilean 1.400 elkarrizketa eginda; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 575, 400 Nafarroan eta 425 Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.