Hiru herri, elkarlanean

Erabakitzeko eskubidearen alde gizartean gehiengoak osatzeko beharra aipatu dute Maurik, Alvarezek eta Bravok. Galizia, Katalunia eta Euskal Herriaren artean indarrak batzera deitu dute.

Alvarez, Mauri eta Bravo, atzo arratsaldean, Martxelo Otamendiren gidaritzapean. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Hamaika Gara ekinbideko sustatzaileek antolatu duten zazpi solasaldiko zikloaren barneko laugarrena izan zen, atzo arratsean: Galeusca: hiru herri erabakitzeko bidean. Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren gidaritzapean, Marcel Mauri Kataluniako Omnium Culturaleko ordezkaria, Maria Xose Bravo Via Galega taldeko kidea eta Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramailea aritu ziren hizketan. Herrialde bakoitzean prozesuak zertan diren aztertu zuten, eta Espainiako Estatuaren aitzinean batera aritzeko beharra azpimarratu zuten. Europako Batasunak lurralde gatazken aitzinean izan duen jarrera gaitzetsi zuten hiru hizlariek.

Azken urteetan, Katalunia izan da atentzio gehien piztu duena, eta 2010etik gaur arte independentismoak izan duen gorakada aipatu zuen Maurik. Baina, iragan otsailean izandako bozen ondotik, gobernua osatzeko adostasuna lortu ezinik ari dira, eta egoera konplikatua dela aitortu zuen. «Alderdien artean akordio bat behar da. Ez bada iristen, hauteskundeetara jo beharko da berriz, eta Kataluniak jakin beharko du egoeraren mailan egoten», adierazi zuen. Omniumekoak «zubi lana» egiten saiatzen direla erran zuen. «Beti saiatzen gara adierazpen publikorik ez egiten, presio gehiago ez sortzeko; bestela, funtzio hau ezin genezake bete». Hala ere, argi erran zuen independentismoa ez dela «alderdien gatazken» menpe. «Proiektu partekatua da gizarte zibilean. Behetik gorako mugimendurik gabe ez ginateke gauden tokian», ebatzi zuen.

Gure Esku Kataluniako prozesutik inspiratuta sortu zela erran zuen Alvarezek, eta, gaur egun, herri mailako akordioak lortzea dela egiten ari diren lanetako bat. Horretarako, konfiantza harremana sortzen saiatzen dira, ideia politiko ezberdinetako herritarren artean. Haren hitzetan, Euskal Herrian ere bada borondate bat erabakitzeko eskubidearen inguruan. Hamaika Gara prozesuan 50 eragiletik gora bildu dituzte. «Gure oinarri komunak kontuan hartu ditugu, zeri buruz eta nola erabaki nahi dugun. Denek izan nahi dugu etorkizunaren jabe; denek erabaki nahi dugu egunerokotasuneko gaien inguruan».

Via Gallegan 70 elkarte inguru batzen dira, hiru oinarriren inguruan: Galizia nazio bat da munduan, autodeterminazio eskubidea du, eta demokrazia erabakitzea da. Hiru urteko epea eman diote horien buruari lan pedagogikoa egiteko. Oraindik babesak indartzeko beharra ikusten du. «Ez dakit tresna egokia litzatekeen erreferendum bat proposatzea», aitortu zuen.

Espainiako Estatuaren aitzinean hiru herrialdeek indarrak batzeko beharra azpimarratu zuten hiru hizlariek. Mauri: «Azken urteetan ezerk jarri baditu kolokan Espainia borboniko eta lotsagarri honen oinarriak, gure subiranismoaren aldeko apustuak jarri ditu. Elkarri lagundu behar diogu». Baikortzat jo zuen alderdi subiranisten artean aliantzak sortu eta Espainiako Kongresuan proposamenak aurkeztea. Alvarezek iragarri zuen Kataluniako eragileekin elkarlanean abiatuko dituzten ekintza batzuk aurkeztuko dituztela aurki.

Europan esperantza gutxi

Kritiko mintzatu ziren hiru hizlariak Europako Batasunak autodeterminazio eskubidea gauzatzeko eskaerei eman dizkien erantzunekin, eta adierazi zuten deus gutxi espero dutela Europako erakundeetatik. Hala ere, Erresuma Batuak EB utzi ondotik Eskozian eta Irlandan gertatu daitekeenari adi egonen dira guztiak. Alvarez: «Esparru bat ireki dezake autodeterminazio eskubidearen alde. Aukera horri ihes egiten uztea larria litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.