Ekitaldi sinbolikoa egin dute gaur Altzon (Gipuzkoa). Altzoko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Batzar Nagusiek hainbat ekitaldi egingo dituzte aurten Gipuzkoa hitzaren lehen erreferentzia idatziaren milurtekoa ospatzeko, eta ekitaldi sorta horri Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 deitu diote. Horien artean, Batzar Nagusiek Altzoko herriari oparitutako hiru hagin landatu dituzte gaur, Gipuzkoako armarrian ageri diren hiru zuhaitzen oroigarri.
Hagin bana landatu dute Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakariak, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Olano Altzoko alkateak. Aurretik, hitza hartu dute hiru agintariek. Ezeizabarrenak gogoan izan du Jon Esnal, 1991tik 1995era Batzar Nagusietako lehendakari izan zena, ostiralean hil baitzen. Ondoren, azaldu du hiru haginak Gipuzkoako hiru «bailaren» ikur direla, eta lurraldea osatzen duten herrien arteko berdintasunaren eta elkartasunaren erakusle direla.
Olano alkateak kontatu du haginak Aiako Harritik, Herniotik eta Aralartik eramandakoak direla, eta begirada zabaldu du: «Altzotik abiatu eta Nafarroako Azkaratera doan mendi bidearen albotan hamarnaka, ehunka hagin topa genitzake. Gipuzkoa eta Nafarroaren artean mendez mende izan diren harremanen lekuko dotoreak dira, artadi, pagadi eta hariztiekin batera».
Ordezkaritza zabala
Mendozak, berriz, esan du Euskal Herrian oso errotuta egon den ohitura dela «esanahi berezia duten zuhaitzen babesean batzartu, hitz egin, elkarri entzun, eztabaidatu eta, ondoren, komunitatearen mesedetan erabakiak hartzekoa». Eta egungo testuinguruarekin lotu du hori: «Munduan zehar indibidualismoa eta kontsumismoa hedatzen ari den honetan, guk kontrako norabidean eragin nahi dugu».
Ekitaldian txalaparta jo dute Juan Mari Beltranek eta Aitor Beltranek, eta, aipatutakoez gain, beste zenbait politikari ere elkartu dira Altzon: Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiko kide Zelai Amenabarro, Jesus Zaballos eta Jorge Mota, eta alderdi guztietako batzarkideak, besteak beste, EH Bilduko Maddalen Iriarte, EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga, PSE-EEko Alberto Albistegi, PPko Iñigo Manrique eta Elkarrekin Gipuzkoako Miren Etxebeste. Han izan dira Irune Berasaluze, Felix Urkola, Xabier Arruti eta Goizane Alvarez foru diputatuak ere.