OSASUN KRISIA NAFARROAN

Hiru greba eta hamaika mobilizazio: Nafarroa, marea zuri baten atarian

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, batetik, eta Satsek, bestetik, lanuzteak antolatu dituzte datozen asteetarako. Sindikatu Medikoaren grebak bigarren eguna du gaur.

LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuen agerraldia gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 2a
13:24
Entzun

Arazoari garaiz heldu ez, eta eskuetan lehertu zaio Nafarroako Gobernuari. Sindikatu Medikoaren grebak bigarren eguna du gaur, antolatzaileek ez baitute negoziazioetan urratsik antzeman —arratsaldean biltzekoak dira Osasunbideko arduradunekin berriz—. Su hori itzali aurretik, baina, beste bi piztu zaizkio Osasun Departamentuari: alde batetik, Osasunbideko gehiengo sindikalak —LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk— grebara deitu ditu osasungintzako langile guztiak, otsailaren 15erako. Satse erizaintza sindikatuak, berriz, mobilizazio estrategia propioa ondu du, eta iragarri du hainbat lanuzte eta protesta eginen dituela otsailaren 18tik aurrera.

Osasunbideko intersindikalaren deialditik kanpo gelditu da Afapna. Sindikatuen deialdian eta greba prestatzeko bileretan parte hartu zuen elkarte horrek, baina, gaurko agerraldian jakinarazi dutenez, «azken unean erabaki du atzera egitea eta greba bateratua ez babestea». Hala eta guztiz ere, deialdi horiek guztiak aintzat hartuta, baliteke azken hamar urteetako mobilizazio sortarik handiena izatea Nafarroako osasun sistema publikoak datozen asteetan.

«Pandemiaren ondorioz, agerian gelditu dira bai osasun sistemaren egiturazko defizitak, baita lantaldeak dituen arazo larriak ere», azaldu dute Osasunbideko sindikatuek gaur, otsailaren 15eko grebaren aurkezpenean. LABeko ordezkari Lander Peirok irakurri du idazkia euskaraz, eta UGTko Itziar Perezek, berriz, gaztelaniaz. Sindikatuon irudiko, «zinismo handiz» jokatu dute bai Espainiako Gobernuak eta bai Nafarroakoak. «Jendaurrean esaten dute zerbitzu publikoen alde daudela eta, aldi berean, langile publikoak pobretze bidean jartzen dituzte, haien lan baldintzak gero eta gehiago hondatuta. Bere buruari gobernu aurrerakoi deitzen badio ere, guztiz kontserbadorea izan da, legealdia bukatzen utzi baitu lantaldeko kolektibo profesionalen aldarrikapenei heldu gabe», esan du Peirok.

Nafarroako Gobernuak eta Sindikatu Medikoak orain arte izan duten aldebiko harremana ere kritikatu dute gainerako sindikatuek, horrek ohiko eztabaidaguneak urardotu dituelakoan: «Nafarroako Gobernuak negoziazio mahaiak debaluatu ditu, megafonia aparatu huts bat balira bezala erabiltzen baititu. Sindikatuok badakigu haien asmo bakarra dela itxurak egitea, alde bakarreko informazio hori negoziazio prozesu baten edo elkarrizketa sozialaren ondorioa dela aurkezteko, baina oso argi erakutsi dute ez dutela sinesten eztabaida bide horietan. Eta larriagoa dena: sindikatuekiko konfiantza giroari traizio egin diote». Zehazki, LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernuak legealdi osoa eman duela «sindikatuen eskakizunei ezetz esaten», baina men egin diela Sindikatu Medikoaren aldarrikapenei. «Esaten ziguten legez ezinezkoa zela soldatak igotzea, eta, orain, kolektibo profesional jakin batzuetarako igoerak proposatzen dituzte».

Oro har, Osasunbideko lantaldea «erabat desmotibatua, engainatua eta gutxietsia» sentitzen dela salatu dute, eta, egoerari buelta emateko, greba deialdia egin dute otsailaren 15erako. Berez, egun bateko greba izanen da, sindikatuek Osasun Departamentuarekin negoziatzeko esperantza baitute, baina ordurako aurrerapausorik sumatzen ez badute, ez dute baztertu greba mugagabe bihurtzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.