Hiriko etxe batean hainbat gizonezkok bortxatu zutela salatu zuen joan den asteburuan emakume batek Iruñean, Espainiako Poliziaren aurrean. Edari batean ezagutzen ez zuen substantziaren bat bota ziotela azaldu zuen, eta sexu harremanak izatera behartu zutela. Andrearen arabera, txandaka, guztiek bortxatu zuten. Joan den igandean ipini zuen salaketa emakumeak; erasoa larunbat gauean izan zela azaldu zuen. Gaur arratsaldean zabaldu du albistea Efe berri agentziak. Aurretik hainbat hedabidetan ere agertu da.
Emakumearen arabera, bere borondatearen aurka hartu zuen substantzia horren eragina igaro zitzaionean jabetu zen erasoaz, eta salaketa jartzeko urratsa egin zuen orduan. Espainiako Poliziaren arabera, gutxienez hiru gizon atxilotu dituzte salaketaren harira, eta epailearen aurretik igaro dira.