Hiru gizon atxilotu dituzte asteburu honetan Gasteizen, haien bikotekideei —hirurak emakumeak— eraso egitea leporatuta. Gasteizko Udaltzaingoak jakinarazi du larunbat goizaldean atxilotu zutela gizon horietako bat, haren bikotekideak larrialdi zerbitzuetara deitu eta gero; salatu zuen gizonak eraso egin ziola. Salburua auzoan egin zion gizonak eraso emakumeari. Udaltzainek biak atxilotu zituzten; gizona, indarkeria matxista leporatuta, eta emakumea, «etxeko indarkeria» egotzita. «Elkar jo zutela» zehaztu du Gasteizko Udaltzaingoak.
Gau berean atxilotu zuten beste gizon bat Txagorritxu auzoan. Haren bikotekideak salatu zuen gizonak jo egin zuela etxe batean. Gau horretan ere atxilotu zuten beste gizon bat, Zabalgana auzoko taberna batean, haren bikotekideari jazartzea leporatuta.
Gainera, Gasteizko Udalak jakinarazi du duela hamar egun gertatutako sexu eraso baten salaketaren berri jaso duela. Sexu erasoa gaitzetsi du, eta erasoa jasan duenaren eskura jarri ditu «behar dituen baliabide psikologiko, juridiko eta sanitario guztiak». Gainera, ordezkari instituzionalek eraso matxista horren aurkako arbuioa erakutsiko dute bost minutuko kale agerraldi batean, bihar, 12:00etan, Plaza Berrian. Udalak dei egin du mugimendu feministak antola litzakeen mobilizazioetara ere batzeko.
Donostian, berriz, Ertzaintza ostiral goizaldean Donostiako Katalunia plazan, bertako aparkalekuaren inguruan izandako sexu eraso bat ikertzen ari da.
Horrez gain, gizon baten aurkako epaiketari ekin diote gaur Gipuzkoako Auzitegian; 5 urteko alabari sexu erasoak egitea leporatzen diote. Fiskaltzak hamar urteko espetxe zigorra eskatu du gizonarentzat.