Hiru gazte etxegabetu dituzte gaur goizean Bilboko Alde Zaharrean. Azet etxebizitza sindikatuak salatu duenez, «bortxaz kanporatu dituzte bizitokitik», eta ez diete «inongo alternatibarik» eskaini. Etxegabetzea salatzeko eta kaleratuei elkartasuna adierazteko, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean; 19:00etan abiatuko dira Santiago plazatik. «Gure eta gure auzokideen etxebizitzak defendatuko ditugu hortzez eta haginez, eta etxe kaleratze bakoitza barrikada bilakatuko dugu», azpimarratu dute.
Etxegabetzea gelditzen saiatzeko, Azetek deialdia egina zuen gaurko. Goizean goizetik bildu dira herritar ugari Artekalen. Sindikatuak sare sozialetan adierazi duenez, baina, heldu direnerako Polizia bertan zegoen jada, eta ez diete atarira heltzen utzi. Udaltzaingoa eta Ertzaintza izan dira bertan. «Auzokideek adierazitako elkartasunari entzungor eginez» gazteak etxegabetu dituztela adierazi du sindikatuak.
🔴 Batu erresistentziara!
— AZET Etxebizitza Sindikatua (@AzTaldea) September 23, 2024
Auzokideak atarira hurbiltzen hasi dira. Polizia dagoeneko bertan da eta ez digute atarira heltzen uzten.
Somera kaletik datorren kntoia ere itxi dute.
Denok Artekalera, denok borrokara! pic.twitter.com/qvDTowJJrB
Hiru gazteak «urte luzez hutsik» egon den Alde Zaharreko etxe batean bizi ziren. Duela hilabete batzuk, etxearen jabeak «desokupazio enpresa bat» bidali zuen, gazteak «indarrez eta era ilegalean» etxegabetzeko. Ez zuten lortu gazteak kaleratzea, eta «bide judizialetik» etxegabetu dituzte orain. Azetek salatu du euren kideek ez dutela aukerarik izan euren burua epaitegietan defendatzeko, etxegabetzea «epaiketa egin aurretik» gertatu delako. «Hori aski ez, eta erakundeek ukatu egin diete ezein etxebizitza alternatiba edota larrialdi egoeretarako errekurtso», erantsi dute.
Azeten arabera, «pobreen aurkako gerrak aurpegi asko» ditu, baina etxegabetzeak dira horren «adierazpenik krudelenetakoa». Nahiz eta «etxebizitza legeak, ezkutu sozialak eta alderdi sozialdemokraten arteko akordioak» egon, argi utzi dute azken hilabeteotan etxegabetzeek ez dutela etenik izan, «izan legezkoak edo legez kanpokoak, kamuflatuak edo esplizituagoak». Gaurkoari dagokionez, salatu dute hiru gazte kalean utzi dituztela, «haien bizitzen gainetik jabetza pribatua izateko ustezko eskubidea defendatuz». Eta gehitu dute: «Beste etxebizitza huts bat, beste hiru pertsona kale gorrian. Pobreon kontrako gerrak ez du etenik».