Euskal presoak. 13/13 auzia

Hiru eta zazpi urte arteko zigorrak 13/13ko lauri, ETAko kidetzat jota

Zuluetari zazpi urte eta sei hileko zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak; Enparantzari, lau urtekoa; Zuriarraini, hiru urte eta sei hilabetekoa; eta Sarriegiri, hiru urtekoa. Bertze hirurak, absolbituta

13/13 auziko zazpi auzipetuak, joan den uztailean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aitzinean. MARTA JARA / FOKU.
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon O. Urain
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun

Auzipetuak zain zeuden, eta, azkenean, iritsi da sententzia: Espainiako Auzitegi Nazionalak 13/13 auziko lauri jarri dizkie espetxe zigorrak, ETAko kide izatea leporatuta. Arantza Zuluetari ezarri dio zigorrik gogorrena, epaileek leporatu baitiote lehergaiak ere edukitzea. Zehazki, lau urteko zigor bat jarri diote «erakunde terroristako kide» izateagatik eta hiru urte eta sei hilabeteko bertze bat «armak eta lehergaiak edukitzeagatik». Guztira, beraz, zazpi urte eta sei hilabeteko zigorra. Gainontzeko hirurei ETAko kide izatea egotzi diete, eta honako zigor hauek jarri dizkiete: Jon Enparantzari, lau urtekoa; Naia Zuriarraini, hiru urte eta sei hilabetekoa; eta Iker Sarriegiri, hiru urte eta egun batekoa —atzerapenengatiko aringarria onartu diete—. Julen Zelarain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo, berriz, absolbitu egin dituzte —Zelarainen akusazioak joan den urrian erretiratuak zituen fiskalak—.

Ikusi gehiago:Mobilizazioetarako deia egin dute epaiaren kontra

Sententzia betearazteko aurretik behin-behinean auzi honi lotuta betetako kartzela zigorrak kendu beharko dizkiete orain jasotako espetxe urteei, eta ikusteko dago bertzelako auziengatik betetakoak ere kontuan hartuko ote dizkieten. Abokatuak biltzekoak dira sententzia bera eta hemendik aitzinerakoak aztertzeko —13/13 plataformak agerraldia eginen du gaur—. Alfonso Zenon abokatuak atzo BERRIAri jakinarazi zion, dena den, epaia oraindik ez dela irmoa, eta helegitea jartzeko aukera daukatela. Oraingoz, beraz, ez dute zigorturiko auzipetuak espetxeratzerik espero.

Epaia ezagutu eta berehala protestara deitu zuten atzo; Bilbon eta Larrabetzun (Bizkaia) kalera atera ziren iluntzean, eta gaurko ere deitua dute mobilizaziora Bilbon: 19:00etan bilduko dira, Arriagan. Donostian, berriz, 19:30ean elkartuko dira Txillardegi plazan.

Presoak batzeagatik

Atzo arratsean kaleratutako sententziak 549 orri ditu —abokatuek oraindik ez zuten auzitegiaren bidez jasoa—, eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak berak aitzinatu duenez, idatziak zehazten du auzipetuek zein «funtzio» zuten Halboka egituran, «zeinak kartzeletako frontea ordezkatu baitzuen». Epaileen arabera, «ETA talde terroristan erabat integratuta» zegoen Halboka, egitura horren barnean «fronte juridikoa» zegoen, eta abokatuek hor parte hartzen zuten. «ETAko kideen defentsa juridikoa» egitetik harago, abokatuek «lotura» egiten zuten presoen eta ETAren zuzendaritzaren artean, epaiak dioenez: «Erakunde terroristaren ildoak transmititzen zizkieten».

Sententziaren arabera, halaber, zigorturiko abokatuek «ETAren alde» lan egiten zuten Bilboko eta Hernaniko (Gipuzkoa) abokatuen bulegoetatik: «Norberak bere gaitasun profesionaletatik, [...] euren zerbitzuak talde terroristaren esanetara jarri zituzten; haien kokalekuetatik enkarguak bidali eta jasotzen zituzten, eta pertsonalki zuten harremana talde terroristako kide aktibo eta buruekin, askatasunez gabetutako euren afiliatuen ezagutza hobea lortzeko, horrekin euren konfiantza lortzeko, talde terroristarekin [...] estuki loturik segitzeko helburuarekin».

Epaileek gaineratu dute auzipetuek «ekintza eta helburu posibleak identifikatu eta seinalatzen» zituztela, eta «iraultza zerga biltzen laguntzen» zutela. Sententziaren arabera, aipaturiko delituak «egiaztatuta» gelditu dira epaiketan aurkezturiko frogekin: bertzeak bertze akusatuen deklarazioak, Guardia Zibilaren lekukotzak, perituen txostenak eta «bereziki» miaketetan atzemandako dokumentu informatikoak aipatu dituzte —CNI Espainiako zerbitzu sekretuek parte hartu zuten horien deskodetzean, guardia zibilek eurek epaiketan onartu zutenez—.

Horiek kontuan hartuta, Auzitegi Nazionaleko laugarren zigor salako epaileek ondorioztatu dute zigorturiko lau abokatuen jarduerak bat egiten duela «erakunde terroristako kide» izatearen delituarekin, «agerian gelditu» baita «laurek parte hartzen zutela erakunde terrorista horren helburuetan eta hartan militatzen zutela; ez zuzenean indarkeriazko ekintzak eginda, baizik eta askatasunik gabeko militanteen iraunkortasunean eta kohesioan lagunduta, bere garaian pertsona eta jabetzen aurkako ekintza ilegalak egiteko edo egiten saiatzeko babesa eman zien erakunde kriminalera lotuta segi zezaten».

Sententziak bere egin du epaiketan fiskalak defendatutako tesia, beraz, eta gibelera bota ditu defentsaren abokatuen argudioak. Epaileek frogatzat jo dituzte miaketetan atzemandako dokumentuak, zeinak erakusten baitute, haien arabera, «ETAren helburuekin bat egiten zuen jarduera bat» zutela, alde batetik «mezuak kohesionatzeko» eta bertzetik «ikerketapean, epaiketaren zain edo sententziak betearazten zeuden militanteak eta militante ohiak kontrolatzeko».

Saioa Agirreren eta Naia Zuriarrainen tortura testigantzei ez diete sinesgarritasunik eman. Izan ere, sententziak labur aipatzen duenez, euren tortura salaketak artxibatuta daude jada, eta, beraz, torturak ez daude «egiaztatuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.