Hiru enbaxadoreren bilkura

BERRIAko, 'Vilaweb'-eko eta 'Nós Diario'-ko zuzendariek mahai inguru bat egin dute, hizkuntza gutxituetan egindako kazetaritzak dituen erronken inguruan.

Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendaria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Maria Obelleiro Nós Diario-ko zuzendaria, herenegun. JON URBE / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Galiziako errepubliketako enbaxadoreak izan zitezkeen, baina ez ziren. Hiru nazio horiek osatutako Galeusca-n, diplomazia kazetaritzaren bidezkoa da, besteak beste, eta alor horretako hiru enbaxadorek bilkura bat egin zuten herenegun, Donostian. BERRIAko zuzendari Martxelo Otamendi, Vilaweb-eko zuzendari Vicent Partal eta Nós Diario-ko zuzendari Maria Obelleiro euskarazko, katalanezko eta galizierazko kazetaritzaren enbaxadoreak dira, eta hizkuntza gutxituetan egindako egunkari nazionalek dituzten erronken inguruan hausnartu zuten.

Igandero, BERRIAn, Vilaweb-en eta Nós Diario-n iritzi artikulu bana argitaratzen dute hirurek, elkarren alboan, Zuzendarien Galeusca atalean. Hala ere, egunkarietako letra artetik atera izan dira, elkarrekin jendaurrean hausnartzeko. Bartzelonan eta Santiago de Compostelan egin izan dituzte solasaldiak, eta herenegun Donostiaren txanda izan zen. BERRIAren hogeigarren urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietako bat izan zen hiru zuzendarien mahai ingurua. Enbaxada bila ibilitakoek beren arteko entente cordiale-a berretsi zuten ONCEren Donostiako egoitzan.

2020ko urtarrilean sortu zuten galizierazko Nós Diario egunkaria. Asteartetik larunbatera argitaratzen dute paperezko edizioa, eta egunero eskaintzen dute informazioa webgunean. «Galizian galizierazko egunkaririk ez egotea anormaltasun historiko bat zen», berretsi du Obelleirok. Orain, galizierazko egunkari nazional bakarra da Nós Diario. Zuzendariak nabarmendu du «kazetaritza ausarta» egiten dutela, eta hori harpidedunen konpromisoari esker lortu dutela.

Hala ere, Galiziako Xuntaren jokabidea gaitzetsi du: «Galiziako Gobernuak ez digu inolako laguntzarik ematen. Areago, astez aste boikotatzen gaitu. Galiziako hedabideen sistema Xuntak finantzatzen du; ez dago joko araurik, eta ez dago irizpide objektiborik. Dauden irizpide objektibo urriak ez dituzte betetzen, Nós Diario-ri laguntzak ukatzeko. Alderdi Popularrari eraso egingo ez dion bezero sare bat sortu dute».

Ondoren, Partalek hartu du hitza; mahaikideen eta publikoaren harridurarako, euskaraz. «Maisua izan da, lagun bat izan da, erreferentzia bat izan da. Katalan asko zorretan egongo gara beti berarekin», esan dio Otamendiri. «Hau da irakurtzeko gai naizen euskara apurra», esanez bukatu du euskarazko hitzaldia, txalo eta irribarre artean.

Gaztelaniaz ekin dio, gero, hizkuntza gutxituetako hedabideen erronkez hausnartzeari. Gogorarazi du Vilaweb dela egungo egunkari digitaletan «zaharrena». 1995ean sortu zuten, eta 2004tik du egunkari digital baten forma; ez du papereko ediziorik. «Garai berri batean sartzen ari gara; garrantzitsua izango da hedabideen iraunkortasuna, eta ez dut uste laguntzek askorako balioko dutenik. Hedabide bat iraunkorra ez bada, ez da independentea», nabarmendu du Vilaweb-eko zuzendariak.

Gaineratu du Vilaweb ez dela katalanez argitaratzen den egunkari nazional bakarra, eta hori «zoriontzekoa» dela. Gainerako egunkarietatik bereizteko, hark zuzentzen duenak «kalitatea» eskaintzen duela nabarmendu du: «Shakiraren eta [Gerard] Piqueren arteko banaketaz hitz egin ez duen egunkari katalan bakarra gara, esaterako». Besoa altxatu du Otamendik, berehala. «Katalana esan dut, Martxelo», zehaztu dio Partalek, barre txikiarekin.

Berrikuntzaren garrantzia

Berrikuntzari ere garrantzia eman dio Partalek, eta aipatu du Paraulogic jolasa Vilaweb-ek eskaintzen duela; Berbaxerkaren bertsio katalana, alegia. «Jauzi handi bat izan da kultura katalanarentzat», azaldu du. Audioari ere erreparatzen hasiak direla erantsi du. Gai horri heldu dio Obelleirok ere: astean behin grabatzen dituzten eztabaidak azpimarratu ditu. «Hobetzen ahalegintzen gara, ditugun baliabideekin. Horrela hasi ginen eztabaidak egiten. Esaterako, As bestas filmari buruzko debate bat egin genuen. Gizartean eztabaida handia eragin zuen filmak: batzuen ustez, Galizia atzeratuaren irudi espainiartua ematen du, eta beste batzuek uste dute munduan jartzen gaituela». Ildo horretan, Obelleirok esan du Galiziak ez duela berezko agenda mediatikorik, eta Nós Diario gizartea «galiziartzeko» sortu zutela.

Bilkuraren anfitrioia izan denez, Otamendik mahaikideei galderak egin dizkie bereziki, baina hitza ere hartu du, bere iritzia emateko. Esaterako, lerro editorialari buruz jardun du: «Euskarazko egunkari bakarra dugunez, ahalegintzen gara gustura egon daitezen euskaraz irakurtzeko prest dauden guztiak, baina hori lortzea zaila da. Le Monde-ren irakurle guztiak ere ez daude gustura egunkariak idazten duen guztiarekin».

Hedabideek irakurleekin eraiki behar dituzten harremanen garrantzia azpimarratu dute hiru zuzendariek. «Harpidedunek askotan deitzen digute esanez ea zergatik elkarrizketatu dugun hau, edo ea zergatik kontatu dugun bestea», esan du Obelleirok, irakurleen atxikimendua goretsiz. «Ongi etorri klubera», erantzun dio Otamendik, barrez.

Hirurek nabarmendu dute zuzendarien lanaren zati garrantzitsu bat eskaintzen diotela harpidedunekin harreman zuzena izateari. Partalek zehaztu du harpidedun guztien gutunei pertsonalki erantzuten diela, eta harremana izateko modu zuzen hori ere ikusi duela BERRIAlagunen ereduan. Izan ere, finean, enbaxada bila aritu diren hiru zuzendariei bidea erakutsi dietenak irakurleak ere izan dira: herritarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.