Uztailaren 7an, Gazteluko plaza leporaino bete zuen Iruñeko mugimendu feministak, goizaldean gertatutako sexu eraso larri bat salatzeko. Gaur, mugimendu feministak berak jakinarazi du sanferminak hasi zirenetik bat ez baizik eta hiru izan direla «intentsitate handiko sexu erasoak» salatu dituzten emakumeak, eta beste seik «intentsitate txikiagoko erasoak» pairatu dituztela egunotan: «Berriz ere, gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu eraso egin dieten emakumeei», adierazi dute, ohar batean. Herri Sanferminak kolektiboak O-ko Andre Maria plazan duen festagunean egin dute agerraldia Iratxe Alvarezek eta Paula Garciak, mugimendu feministako beste hainbat kiderekin batera.
«Hiru egun baino ez dira pasatu jaiak hasi zirenetik, eta nahikoa da. Onartezina da gizon batzuek emakumeekin duten jarrera: ukitzeak, jokabide lerdetsuak, jazarpenak, hitz jario amaigabeak, bortxaketak, irainak... Nazkatuta gaude matxiruloez», azaldu du Garciak. Esan du emakumeek ez dutela «bidesaririk» ordaindu behar festetan aske gozatu ahal izateko eta haienak ere badiren esparruak okupatzeko: «Kaleak, gauak, jaiak gureak dira. Hauek gure sanferminak dira, gure jaiak, eta ez gara inora joanen. Hobe esanda: nahi dugun lekura joanen gara, eta askatasunez biziko ditugu gure jaiak». Feministek azpimarratu dute sanferminetan eta beste edozein festatan erasotzaileak direla «sobran» dauden bakarrak: «Gure hirian ez dugu erasotzailerik onartuko, eta kanporatuko ditugu; aurrean izanen gaituzue».
Ikusi gehiago
Hedabideen ardura
Hedabide batzuek indarkeria matxistari ematen dioten trataera ere kritikatu du Alvarezek, eta gogorarazi die sexu erasoen kontrako borroka gizarte osoaren ardura dela, baita komunikabideena ere: «Onartezina da batzuek birbiktimizazioa eragitea, erasoen xehetasun morbosoak azalduz, eta askotan, gainera, gezur hutsak kontatuz». Mugimendu feministaren esanetan, jendeak «ez du zertan jakin ez emakumearen inguruko daturik ez gertaeraren inguruko detaile nazkagarririk». Are, gertatutakoaren nondik norakoak kontatzea «erasoa jasan duen emakumeari» dagokiola gaineratu du Alvarezek: «Hark erabaki behar du noiz, nola eta non kontatu baldin eta kontatzea erabakitzen badu».
Azkenik, mugimendu feministako kideek txalotu egin dute erasoon harira «herriak eman duen erantzuna», eta gaineratu dute bide horretatik lortuko dela «erasotzaileak kanporatzea eta, behingoz, jai parekideak bermatzea».