Hiru lagun atxilotu ditu Ertzaintzak, gizakien salerosketaren kontrako operazio batean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, atxilo hartu dituzte hainbat emakume sexualki esplotatzea leporatuta.

Ertzain batzuk kalean, ezbehar bat ikertzen, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE
Ertzain batzuk, kalean, ezbehar baten ikerketan, artxiboko irudia. DAVID AGUILAR / EFE
2024ko urriaren 14a
19:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gizakien salerosketaren kontrako operazio batean, emaztekiak sexualki esplotatzen zituen sare batetik lau emakume askatu ditu Ertzaintzak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez, Gasteizko instrukzio epaitegiak apirilean abiatu zuen ikerketa, Ertzaintzak jakin zuenean hainbat emakume sexualki esplotatzen zituztela. Hiru lagun atxilotu dituzte, sexu esplotaziorako gizakien salerosketako delitua egotzita.

Biktimek salatu zutenez, taldeko arduradunek sexualki esplotatzen zituzten, eta dokumentazioa nahiz lortutako dirua atxikitzen zieten; gainera, egunean gehienez bi orduz atera ahal ziren kanpora. Ertzaintzak hainbat leku erregistratu ditu: Gasteizko bi etxe, ile apaindegi bat, eta Donostiako etxe bat eta lokal bat. Horietan dokumentuak aurkitu dituzte, baita ordenagailu batzuk, datafonoak, dirua eta droga ere.

Biktimak aske utzi ondoren, Emakundek sexu esplotaziorako salerosketaren biktimei arreta emateko duen protokoloa jarraitu dute, eta GKE gobernuz kanpoko erakunde batek artatu ditu. Atxilotuak, berriz, ertzain etxera eraman dituzte, eta epailearen esku geldituko dira gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.