Ekhi Erremundegi Beloki.

Hiru bloke eta aste bat

2024ko uztailaren 1a
15:57
Entzun

Fronte popularra izan da lehen indarra Ipar Euskal Herrian Frantziako Asanblearako bozetan. Lehen indarra izan da hiru hautesbarrutietan, eta baita Baionan, Maulen eta Donibane Garazin ere. Ezkerrekoek 55.206 boto eskuratu dituzte orotara, 2022ko bozetan NUPESek eta EH Baik atera zituztenak baino 16.535 gehiago.

Bi irakasgai atera daitezke emaitza horretatik: ezkerreko indarrak batzen direnean eta Euskal Herria aitortzen duten hautagaitzak aurkezten dituztenean, orduan lortzen dituzte emaitzarik onenak. Eskuin muturraren gorakadaren aitzinean, ezkerrekoa da hari buru egiteko proiektu eraginkorrena. Frantziako Estatuari begiratzea ere interesgarria da: eskuin muturra gailentzen da eremu gehienetan; Euskal Herrian, desberdin bozkatzen da, oraindik.

Baina hori ezin da izan lehen itzuliak utzitako argazkiarekin bozkariatzeko arrazoi bat: 44.214 herritarrek hautatu dute Batasun Nazionalaren boto papera hauteslekuetan. Eskuin muturra lehen indarra izan da Aturrialdeko kasik herri guzietan —Hiriburu eta Bastida dira salbuespenak—, eta biziki emaitza altuak lortu ditu Lapurdi barnealde eta kostaldean. Lehen indarra da Senperen eta Ainhoan; bigarren indarra da Baionan, Uztaritzen, Urruñan eta Hendaian; ezkerrarengandik boto gutxira gelditu da Miarritzen, Angelun eta Donibane Lohizunen. Eremu horietan bizi dira Ipar Euskal Herriko herritar gehienak.

Batasun Nazionala, Errepublikanoak eta Ensemble hautatu dutenak batuta, Ipar Euskal Herriko biztanleen herenak baino gehiago dira.

Hipotesi bat baino gehiago formulatu daitezke eskuin muturraren bilakaera hori esplikatzeko. Batetik, pentsa daiteke Frantziako parametroen arabera eman dutela botoa herritarrek, egunero diskurtso xenofobo eta arrazistak normalizatzen dituzten telebista kateei so. Bestetik, bilakaera demografikoak eta hirigintza arloan Ipar Euskal Herrian egindako hautuek izan duten eraginaz galdera egitea ere zilegi izan daiteke. Eskuin muturra inoiz baino gorago den eremu horietan izan dira biztanleriaren emendatze handienak azken urteetan; Aturrialdean bereziki, RN lehen lekuan ezarri duten udalerriak dinamika eta harreman sozial gutxiko lo herri bilakatuak dira aspaldian.

Edonola ere, izan den parte hartze handiak Ipar Euskal Herriko pultsu politikoa hartzeko aukera ematen du. Hiru bloke nagusi desberdindu daitezke; elektoralki hirurak parekoak: ezkerra, zentro-eskuina eta eskuina, eta eskuin muturra. Baina, Batasun Nazionala, Errepublikanoak eta Ensemble hautatu dutenak batuta, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren herena baino gehiago dira. Ehun mila herritar baino gehiago aberatsenen aldeko politika sozioekonomikoak babesten dituztenak; ehun mila herritar baino gehiago Poliziaren bortizkeriak babesten dituztenak; ehun mila herritar baino gehiago iazko abenduan onartu zuten immigrazio legea babesten dutenak. Fronte Popularra iritsi da lehena elektoralki, baina ez da ezkerra Ipar Euskal Herriko lehen indar politikoa.

2002ko apirilean, Jean Marie Le Pen Frantziako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulira pasatu zen. Sekulako mobilizazioak izan ziren, bai Frantziako Estatuan, eta baita Ipar Euskal Herrian ere. Hogei urte berantago, eskuin muturraren kontra Baionan antolatutako manifestazioek ez dute ordukoen aparientziarik ere. Eskuin muturrarekiko beldurra mendratu da; antifaxismoak indarra galdu du karrikan. Nola irauli urteetako joera?

Bigarren itzulia

Anartean, heldu den igandean izanen da bozen bigarren itzulia. Hiru hautagaiko lehiak izanen dira laugarren eta seigarren hautesbarrutian. Bosgarrenean, Lasserre erretiratu da, eta Capdevielle eta RN izanen dira buruz buru. Fronte Popularraren aldekoa izan daiteke konfigurazio hori. 7.000 botoren aitzina du Etxanizek, 3.300 botorena Capdeviellek eta 1.800ena Dufauk —harentzat izan daiteke konplikatuena—.

Paperaren gainean ezkerrak ez du boto erreserbarik, baina bi aldetatik tira dezake. Abstentziotik lehenik: parte hartze handia izan bada ere, eremu guzietan ez da berdin bozkatu. Baiona iparraldeko Breuer langile auzoko bozka bulegoetan, adibidez, %46,74 eta %52,70 izan da parte hartzea —Europakoetan baino aise handiagoa—. Ezkerrak izan dezake gaitasuna aste batez hautesle berri batzuk eskuratzeko.

«Bakarrak gara programa bat dutenak», zioen Dufauk igande gauean; «herritarrek etxebizitza bat lortzeko dituzten zailtasunak ez dira immigrazioaren kontrako neurriekin konponduko», adierazi zuen Sandrine Derville PSko Angeluko hautetsiak. Etxez etxe eta merkatuetan herritarrekin zuzeneko harremana egitea izan da NFPren parioa lehen itzuliko kanpainan; aste bat dute indar guziek horretan eman eta jendea konbentzitzeko.

6.000 boto inguru lortu dituzte jeltzaleek Ipar Euskal Herrian; oraingoz ez dute kontsignarik eman.

Beste bi ezezagun ere badira: nora joanen dira errepublikanoen botoak? Christian Deveze eta Florence Lasserre Ensembleko hautagaiek erreserba horretatik arrantza egiten ahalko dutela espero dute, baina ez da baztertzekoa eskuin muturrari ere fabore egitea. Galdera antzekoa da EAJren botoekin ere: Euskal Hirigune Elkargoan Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko burua baztertzea eragin duen Devezen alde eginen dute, ala Dufau abertzalearen alde? Bosgarrenean eta laugarrenean Capdevielle eta Etxanizen alde egin lezakete. 6.000 boto inguru lortu dituzte jeltzaleek Ipar Euskal Herrian.

Dena dela ere, azken urteetako hauteskundeen emaitzak begiratzea bezalakorik ez da ikusteko bigarren itzulietako emaitzak ez direla lehen itzulietako emaitzen matematiken araberakoak. Aste bat gelditzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.