Hiru biztanletik bat pobrezia mugaren azpitik bizi da

Elkartzen taldearen arabera, herritarren gutxieneko errenta bermatzeko neurriak hartu behar dira

Erredakzioa
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Elkartzen plataformak salatu duenez, Hego Euskal Herriko biztanleen herenak pobrezia mugaren azpitik bizi dira. Herritar batek duintasunez bizitzeko hilero 963 euro behar dituela neurtu du taldeak. Eta jakinarazi du Euskal Herriko hiru biztanletik bat kopuru hori baino gutxiagorekin bizi dela egun. Pobreziaren mugak zehazten du pertsona batek leku batean duintasunez bizi ahal izateko beharrezkoa duen gutxieneko errenta zein den. Datu hori lortzeko, gizarte baten errenta eta prezioak hartzen dituzte kontuan. Taldeak adierazi du auzoetako eta herrietako pobreziari amaiera eman behar zaiola, eta horretarako zenbait neurri hartu behar direla lehenbailehen.«Ezinbestekotzat» jo du aberastasunak banatzea ahalbidetuko duen mekanismoak ezartzea: «Euskal herritar guztiok gutxieneko diru sarrerak behar ditugu. Langabeek, azpi kontratatuek, pentsiodunek eta lan merkatutik baztertutakoek ere bai».

Elkartzen-en ustez, pobreziaren muga zehaztea da gutxieneko diru sarrerak ziurtatzeko lehen urratsa. Azaldu duenez, bi urte daramatza pobreziaren muga zehazteko irizpide homogeneo bat ezarri nahian. Helburu horrekin, txosten bat ere bidali zioten pobrezia aztertzen duen Eusko Legebiltzarreko Batzordeari. Izan ere, Elkartzen-en iritzian, indize hori neurtzeko Euskal Herrian orain arte erabili duten estatistika metodoa ez da neutrala. Plataformak behin eta berriz azpimarratu du datu hori zehaztea «oinarrizkoa» dela, «muga horren azpitik dauden pertsonen egiazko kopurua jakiteko eta errentak birbanatzeko politika eraginkor bat sortzeko». Gogorarazi du «sekula» ez dutela eskatu Europa osorako gutxieneko soldata bateratu bat ezartzea: «Herrialde bakoitzak sortzen duen aberastasunaren arabera, soldaten gaineko gutxieneko arau batzuk ezartzea eskatzen dugu».

Esplotazioaren aurka

«Munduko biztanleen %15, planetako gainontzeko %85 ustiatzeari esker bizi dira. Legeek ez dute hori saihestu, eta murrizketekin aldeak handitu egin dira, gainera», azaldu du Elkartzen-ek. Salatu du aberatsenek, ahalik eta etekin gehien lortzeko, eskulana gutxiago ordaintzen dutela, eta lehengaiak beste herri batzuk esplotatuz lortzen dituztela. Euskal Herrian ere arazo bera dagoela ohartarazi du: «Aberastasun pilaketa handien ondoan bizi dira pobrezia eta bazterkeria». Taldeak onartu du oinarrizko errenta ziurtatua soilik ez litzaiokeela aurre egingo pobreziari, baina euskal herritarren giza eskubideak bermatzeko ezinbesteko neurria dela diote. Baita esplotazioarekin amaitzeko ere: «Oinarrizko errenta pobreziaren mugaren parean egongo balitz, pertsona askok izango lukete aukera lan prekarioei uko egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.