Hiru aste, Paris helmuga eta helburu

Bagoaz, Sare eta Etxerat elkarteek antolaturik, gaur abiatuko da abenduaren 7an Parisera iritsiko den Frantziako espetxeen bira; Mont-de-Marsanen hasiko da

Espetxeetako Bira egiteko eragileek erabiliko duten furgoneta atzo Baionan, abiatzeko prest. BERRIA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2017ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Gaur Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxetik abiatuko da Bagoaz, Sare eta Etxerat elkarteek antolatu duten Espetxeetako Bira. Hiru astez hogei bat kartzelatan eta hiritan izango dira. Helburua eta helmuga da Frantziatik barna sostenguak biltzea abenduaren 9an Bakea Euskal Herria eta Orain presoak lelopean Parisen egingo den manifestaziora begira.

Abiatze gisa, Mont-de-Marsango kartzela atarian prentsaurreko bat eskainiko du gaur, 11:30ean, ordezkaritza zabal honek: ospitaletako CGT sindikatua, ospitaleetako CFDT, LAB, LDH, Bakegileak, Bake Bidea, Sare, Etxerat, Bagoaz, Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Batzordea, Bizi, Atxik Berrituz, Herriarekin, Aitzina, Ernai, Sortu, EH Bildu, EH Bai eta preso ohien talde batek. Hautetsien ordezkaritza bat ere izango da han, baita Vincent Bru diputatua, Josu Juaristi EH Bilduko eurodiputatua, Emilie Dutoya alderdi sozialistako kontseilari orokorra eta Lucien Betbeder Ipar Euskal Herriko hautetsien biltzarreko lehendakaria ere. Antolatzaileen arabera, lehen geldialdia Mont-de-Marsanen egitea erabaki dute EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibo kideek han bilduak izatea eskatzen dutelako.

Bagoaz-eko bozeramaile Emilie Martinek azpimarratu duenez, «harrera biziki ona» jaso dute geldialdia egingo duten hirietako eragileen artean. Horri esker, egitarau oparoa osatu ahal izan dute. «Oraindik finkatzekoa ditugu azken etapetakoak», zehaztu du Martinek. Eskualde bakoitzean hango kartzeletako administrazioko zuzendariekin biltzea dute xede; lehena izango da Tolosako eskualdekoa (Okzitania). Hitzordu horietan bake prozesuaz hitz egingo dute; bereziki, presoen egoeraz eta haien hurbilketaz. Eskualdeko kartzeletako administrazioko zuzendaria eskualde osoko kartzeletako zuzendari guzien zuzendari nagusia da.«Goragoko haren arduraduna Paris da», azaldu du Bagoaz-eko eledunak.

Joan den maiatzean hasi ziren espetxeetako bira antolatzen, eta zortzi pertsonaz osaturiko talde batek egingo du bidaia: Bagoaz-eko kideak, logistikako arduradunak eta komunikaziokoak; bakoitzetik bi pertsona. Presoen senideek ere parte hartuko dute biran; hala nola hamabost bat izango dira guztira. Eskualde bakoitzean, hango kartzeletan preso direnen bi senide joango dira, eta bileretan parte hartuko dute. Martinek azaldu duenez, Frantziara presoen gaia eramateko nahikeria horretan Giza Eskubideen Liga izan dute «erreferente». «Asko lagundu digute, eta etapa batzuetan haien etxeetan lo egingo dugu».

Abenduaren 7an, Espetxeetako Birari bukaera eman, eta bakegileek hartuko dute lekukoa, abenduaren 9ko mobilizazio handia egin bitartean. Egun horietan Paris inguruko kartzeletara joango dira. Lehen egunean Reauko presondegitik Fleury Merogisera; abenduaren 8an, Fleury Merogisetik Fresnesekora; eta abenduaren 9an, Fresnesetik Montparnasse geltokira. 12:00etan iritsiko den martxari harrera egingo diote tren geltokian, eta ordu erdi berantago abiatuko da manifestaldia Parisko karriketan barna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.