BERRIA saria

Hiru aldiz ikusezin

Iqbal Hakkouk eta Azima Alaoui. Etorkizun hobea izateko utzi zuten gaztetan Maroko. Euskal Herrian daude orain biak. Bakarrik datozen neska adingabeek bizi duten egoeraren isla dira.

jarraia215343.jpg
Olatz Silva Rodrigo.
2022ko ekainaren 30a
15:41
Entzun

Pianoa jotzea da Iqbal Hakkuken ametsa, eta piano-irakasle izatea. Marokon jaio zen, duela 19 urte, Meknes herrian. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaituta dauka hemen, urte bat errepikatu behar izan bazuen ere. Marokon jaio arren, Hakkuk jada ez da Marokon bizi. Batxilergoa hasita zeukanean, 16 urterekin, erabaki bat hartu zuen: Marokotik alde egin eta Europara joango zen.

Hakkukek hartutako erabakia ez da erabaki berezia, neska gazte askok egiten baitute hautu hori. Gero eta gehiago dira euren herrialdea utzi eta bizimodu duin baten bila bidea hasten duten neska adingabeak. Migrazio-prozesua mutilekin lotu da beti, baina emakumeen presentzia areagotuz doa. Horien artean adingabeak ere badaude. Gero eta gehiago badira ere, ikusezin dira oraindik ere.

«Gurasoei ideia ez zitzaien asko gustatu, baina onartu egin zuten», azaldu du Hakkukek. Pateraz gurutzatu zuen Mediterraneo itsasoa, Tangertik (Maroko) abiatuta. Bi saiakera behar izan zituen Espainiako kostaldera ailegatzeko. «Gasolinaren usainarengatik pixka bat zorabiatuta heldu nintzen, baina esango nuke Cadizera ailegatu ginela», dio Hakkukek. Hamabi ordu eman zituen pateran.

Patera ez da Mediterraneo itsasoa gurutzatzeko bide bakarra. Azima Alaui, Fez (Maroko) hiriko neska gaztea, kamioi batean ezkutatuta heldu da aurten Andaluziara. Nahiago du benetako izena ez eman. Bidea 15 urterekin egin du, Tangertik Algecirasera. Gutxi gorabehera bi ordu iraun zuen bidaiak.

Nesken presentzia txikia

Bi neskak Euskal Herrian daude orain. Iqbal Hakkukek 19 urte beteko ditu ekainean. Nafarroan dago, Iruñean. Azima Alaui adingabea da oraindik: 15 urte ditu. Gipuzkoan bizi da; Donostian. Biak 18 urte baino gutxiago zituztenean heldu ziren Espainiako Estatura, haien ardura zuen heldurik gabe.

2020an, Gipuzkoako Foru Aldundiak lau neska adingabe hartu zituen tutoretzapean, eta 132 mutil. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, urte horretan bertan 368 gazte adingabe hartu zituen babespean. Horietatik hamar ziren neskak. Nafarroako Gobernuak 64 gazte hartu zituen babespean 2020an, guztiak mutilak.

Nesken presentzia txikiagoa dela adierazten dute datuek, baina batzuek ez dute uste datuek errealitatea islatzen dutenik. Elena Aiarza EAEko Arartekoko Haur eta Nerabeen Bulegoko arduraduna da. Berak uste du neska gehiago ailegatzen direla Euskal Herrira: «Ziur aski, neska gehiago heldu dira guregana, baina, ez dakit zergatik, ez dira ailegatzen haurren gizarte-zerbitzuetara».

Gazteek hamaika arrazoi dituzte beren herrialdetik alde egiteko: babesa edo leku seguru bat bilatzea, tratu txar eta abusuen ondotik ihes egitea edota euren bizi proiektua betetzeko nahia. Arrazoi horiek ez ezik, neskek beste zergati batzuk badituzte ihes egiteko, CEAR-ek Vidas que cruzan fronteras txostenean azaltzen duen moduan: «Genero-indarkeria da emakume askok ihes egiteko arrazoia». Ana Guerra Martzillako (Nafarroa) adingabeen zentroan lan egiten duen hezitzaileak dio neskek ihes egiteko zergati gehiago dituztela: «Askatasuna bilatzen dute, haztea eta beraientzat bizitzea, garatu gabe dituzten trebetasun guztiak aurkitzea, Marokon izango ez duten bizitza izatea».

Euskal Herrirako helduera

Azima Alauik argi zuen Donostiara heldu nahi zuela: «Marokoko lagunek esaten zidaten Donostia ondo zegoela, ondo egongo nintzela bertan». Donostiara autobusez heldu bezain pronto, Poliziarengana jo zuen. Adingabea zenez, Uba zentrora eraman zuten. Bertan dago orain.

Iqbal Hakkukek Frantziara joan nahi zuen. Espainiara ailegatu zenean, hiru hilabete eman zituen neskentzako Cadizko zentro batean. Euskal Herrira abiatu zen gero. Hainbat zentro eta pisutatik igaro ondoren, Iruñean dago orain. Aurtengo martxoaren bukaeran, Iruñeko neska batekin bizitzera joan da, Zakan enpresak egindako egitasmoari esker. Zakan enpresa jende solidarioaren bila ari da Nafarroan, gazte horiei logela bat alokatu diezaien.

Sorgin gurpila

«Atzerritarrei buruzko araudi guztia atzerritarrak ez iristeko dago pentsatuta», ohartarazi du Aiarzak. Estatura ailegatzen diren gazteek traba asko dituzte dokumentazioa lortzeko. Estatuak eskatutako fitxetan jartzen dituzten datuak egiaztatu behar dituzte, beren herrialdeko agiriak aurkeztuz.

Bizileku-baimena Atzerritarren Bulegoan eskatu behar dute, eta berrituz joan. Horretarako, gazteek lan-kontratu bat behar dute edo ikasten ibili. Adingabeak baldin badira, lan egiteko baimena ematen diete; 18 urte baino gehiago badituzte, ordea, ez. Beatriz Vera Nafarroako Zakan enpresako hezitzailea da. Bere ustez, baimenaren kontuak ez du zentzurik: «Ezin duzunean lan egin, baimena ematen dizute, eta lan egin dezakezunean, lan egiteko baimena kentzen dizute». Lan- eta bizileku-baimena sorgin gurpil bat dira, amaitzen ez den soka bat.

Gizabanakoa gauza bihurtzen duen etiketa

MENA etiketa duten gazteek estigmatizazio-fenomeno kezkagarria eta diskriminazioa jasaten dituzte. Arazo hori azalarazi nahi izan dute hainbat gaztek Nafarroan Una mochila, una vida antzezlanean. Bertan, salatu egin dute MENA terminoaren erabilera: «MENA oso hitz negatiboa da; gazteak gauza bihurtzen ditu». Antzezlanean, gazteek aitortu egiten dute MENA hitzak gaizki sentiarazten dituela, arriskutsuak balira bezala ikusten dituztela, lapurtzera, arazoetan sartzera edota lana kentzera etorriko balira bezala; baina ez da horrela. Iqbal Hakkukek parte hartu du antzezlanean.

Ubako egoera desberdina da. Bertakoentzat MENA hitza termino deskribatzailea besterik ez da, programako arduradunak azaldu duenez: «Gazteek oraindik ez dute gizartea ezagutu; ezta termino horren etiketa negatiboa ere». Azima Alauik hilabete gutxi daramatza Gipuzkoan. Klasean jendea ezagutu du, eta harreman ona dauka haiekin, baita zentroko gainerako mutilekin ere. Hala ere, Kamelek ez du zalantzarik: arrazakeria egon badago, eta hori «justifikaezina» da.

Ikusezintasun hirukoitza

Eskasa da bakarrik datozen neska adingabeen inguruko informazioa. Emakumeak eta migratzaileak ez ezik, adingabeak izateak ere areagotu egiten du neskek jasaten duten ikusezintasuna. Adingabeak, emakumeak eta migratzaileak. Hiru ezaugarri horiengatik ikusezintasun hirukoitza jasaten dute bakarrik datozen neska adingabeek. Ikusezintasun hirukoitz horretaz Arartekoaren bulegoko kideak argi dauka bere iritzia: «Neska gazteak ikusgai egin behar dira». Aurrerantzean ere ikusezin baldin badira, ezin izango dute lortu gizarte demokratiko batean eta giza eskubideak errespetatzen dituen gizarte batean merezi duten babesa.

Azima Alauik ez du Marokora bueltatu nahi; nahiago du Donostian egon. Badaki zer egingo duen etorkizunean: «Erizaina izan nahi dut».

Iqbal Hakkukek nahiago du Euskal Herrian geratu, nahiz eta asko sufritu duen. Bisitan bakarrik bueltatu nahi du. Bere egoerak modua ematen badio, abenduan familia bisitatzera joateko aukera izango du. 2019ko maiatzaren 28tik ez du familia ikusi. Bigarren Hezkuntzako titulua homologatzea lortzen badu, erizaintza-laguntzaile erdi-mailako gradua ikasiko du. Alde batera utzi beharko du piano-irakasle izatearen ametsa, independentea izatearen truke.

Ikusi gehiago:Bakoitzak bere sistema

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.