Hamaika arrazoi daude biharko greba feminista orokorrean parte hartzeko. Mugimendu feministak, sindikatuek eta eragile sozialek urri hasieran aurkeztu zuten herri akordioa, eta bertan bildutako aldarrikapenek modu batera edo bestera ukitzen dituzte herritar gehienak. Azken asteotan grebari atxikimendua agertu diote ehunka lagunek, eta horietako hiru ahots jaso ditu BERRIAk.
Erkuden Txokarro: «Desgaitasunen bat dugunok beste liga batean jokatzen dugu»
Zaindua izateko premia eta ingurukoak zaindu beharra. Bi baldintza horiek aspaldi zeharkatzen dute bete-betean Erkuden Txokarroren bizitza (Iruñea, 1974). Bi seme-alabaren ama bakarra izanik, guraso edadetu batzuen alaba izanda, ezinbestean hartzen ditu bere gain hainbat zaintza lan. Ordea, elbarritasun fisiko bat ere badu Txokarrok, eta, hortaz, laguntza bereziak behar ditu zenbait gauzatarako. «Ordea, halakorik ez ditut jasotzen». Zaintzaren ezinbestekotasunaren aldarri ozena egiten du, bizitzak erdigunean jartzearen aldekoa.
Txokarrok Ehlers Danlos gaixotasun arraroa du, nahiz eta berak muzin egin ohi dion gaitza «arraro» gisara deskribatzeari. «Nire gaixotasuna oso sinplea da: nire gorputzeko kolagenoak akats bat dauka, eta kolagenoaren funtzioa, berez, kola baten gisakoa izatea da. Horregatik, artikulazioak atera egiten zaizkit, guztiak». Nabarmendu duenez, eritasunak kanpoari zein barrenari eragiten dio: «Bistakoena da gurpildun aulkian ibili behar dudala, kontu handiz ibili behar dudalako egiten ditudan mugimenduekin, baina larriena barruko organoetan dago». Edozein kasutan, aulkia du helduleku eta babes. «Eutsi egiten dit».
Egunero, etenik gabe sumatzen ditu mugak eta trabak. «Beti aldarrikatzen dut desgaitasunen bat dugunok beste liga batean jokatzen dugula. Sistema kapitalistak pertsonekin egiten duen lehen bereizketa hau da: etekinerako baliagarri zaizkionak eta horretarako baliagarri ez garenak», azpimarratu du Txokarrok, eta ziztuan kritikatu balizko sailkapen hori: «Horrek ez du esan nahi baliagarri ez garenik. Kontua da, adibidez, ezin dugula lan egin kapitalismoari ahalik eta etekin gehien emateko adinako abiaduran». Hain zuzen, Txokarrok argudio horri erreparaturik esan ohi du gehien jasaten duen zapalkuntza kapazitismoa dela, eta, segidan, matxismoa; eta klasearen auzia ere ezin ahaztu. Irmo salatzen du soilik dirudunek dutela zainduak izateko eskubidea, «eta ez gainerakoek». Gainean pilatzen zaizkion zapalkuntzak dira horiek guztiak, «oso pisuak».
Edonola ere, Txokarrok behin eta berriz nabarmentzen du kapazitismoak itotzen duela estuen. Are, aitortu du espazio feministetan ere sarri piztu izan zaiola sentipen garratz bat barrenean. «Aditzen dut jendea kristalezko sabaiari buruz hizketan, eta bai, badago, baina, aldi berean, gu oraindik ezin gara eraikinean sartu ere egin».
Horiek horrela, zaintzari buruzko eztabaidetan, Txokarrok «zainduen» ahotsen falta sumatzen du maiz. «Ez instituzioak ez herritarrak ez daude ohituta desgaitasunak ditugun pertsonekin hitz egitera eta gure hausnarketak entzutera. Sistemak mendekotasunean oinarritutako negozioa egin du; gakoa hori da. Etekinak lortzen ditu, baita printzipioz baliagarri ez zaizkion gorputzen kontura ere». Zahar etxeak jarri ditu adibide, baita zenbait elkarte ere: «Instituzioek beren buruak zuritzeko baliatzen dituzte».
Kontzientziazio lan handia egin behar dela ere azpimarratu du; klixeak eta aurreiritziak eraisteko, besteak beste. «Batzuetan, esaten didate: ‘Ze indartsua zaren, ze miresgarria zaren’. Eta ez, barkatu, kontua ez da hori. Edo gure eskubideak aldarrikatzen ditugunean, esaten digute: ‘Ozpindua zaude aulki gurpildunean zaudelako’. Jendeak uste du aulki honetan ibiltzea arazo bat dela, eta ez da hala. Muga ez dut nik, inguruak baizik».
Adituko dituenik gabe
Gainera, eraitsi beharreko beste «eskema» batzuk ere aipatu ditu. «Esan izan didate, nire izaeragatik, ez dudala bat egiten ezintasuna duen pertsona baten profilarekin. Nolakoa izan behar nuke nik, ba, profil hori betetzeko?». Dioenez, ezpainak pintatuta eramateagatik ere aurpegiratu izan dizkiote halakoak. Bestalde, Txokarrok salatu du jendeak nekez pentsatzen duela bera ere zaintzaile izan daitekeela. «Zaintzen dut, eta utzi behar izan diot neure burua zaintzeari besteak zaindu ahal izateko».
Txokarrok esan duenez, elbarritasunak dituztenen premiak ez dira behar adina aintzat hartzen, oro har, eta mugimendu sozialek deituriko mobilizazioetan ere sarri izaten dituzte trabak parte hartzeko. «Gauzarik sinpleetan ere sumatzen da: manifestazioak irauten duen bitartean pixa egiteko toki egokirik ez badugu, hor jada badago muga bat. Nik bi aukera izaten ditut: ez joatea, edo fardela jarri behar izatea, berez horren beharrik ez dudan arren». Hala eta guztiz ere, Txokarrok esan du asmoa duela biharko mobilizazioetan parte hartzeko. Dena dela, erabakiak unean izanen duen gorputzaldiaren araberakoa izan beharko du, ezinbestean, baita eguraldiaren araberakoa ere. «Ez bustitzeko behar dudan tramankuluak 300 euro balio du. Ez bustitzea ere luxua da, beraz».
Ana Mezo: «Etxeko txikienak zaintzen jarraitzen dugu, baina guk ere zainduak izan behar dugu»
«Zaintza eskubide bat da; beraz, pertsona guztiek izan behar dute». Argi erran du Ana Mezo Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Haiek ere bat egin dute biharko greba feminista orokorrarekin, beren belaunaldiak zaintza oso presente duelako egunero, aspalditik: «Etxeko txikienak zaintzen jarraitzen dugu, baina guk ere zainduak izan behar dugu. Adinean gora goazen heinean, beti behar dugu zerbait».
Pentsiodunek urtebete baino gehiago daramate zaintzaren inguruan hausnartzen. Mezok gogora ekarri du mugimenduko emakumeen bigarren batzarra egin zutela iaz, eta bertan adostu zutela hurrengo bilkurarako zaintzari buruz gogoeta egin behar zutela. Erran eta egin. Talde txikietan lehenbizi eta handiagoetan gero, zaintza hizpide izan dute emakume pentsiodunek azken urtean. Hala, aurtengo batzarrean dekalogo bat onartu dute.
Dekalogoa abiapuntu, sei ondorio aurkeztu zituzten azkeneko bilkura hartan: mobilizazioa dela «bide bakarra» zaintza unibertsalak, kalitatezkoak eta duinak lortzeko; mendeko pertsonak etxean bizi direnean haien zaintzak «profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikokoa» izan behar duela; egoitzek eta eguneko zentroek publikoak izan behar dutela, eta zaintzaren kalitatea izan behar dutela lehentasun; zaintza zerbitzuek hurbilekoak izan behar dutela eta erabiltzaileek erabakitzeko gaitasuna izan behar dutela; zaintzako langileen lan baldintzek duinak izan behar dutela; eta zaintzan diharduten etxeko langileak zaintzaile profesional gisa aitortu behar direla, eta horiek «berehala» sartu behar direla Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean.
Izan ere, Mezok dio gaur egun beren kolektiboan dauden emakume anitzek lan produktiboa alde batera utzi eta etxera erretiratu zirela gazteagoak zirenean, 1960ko hamarkadaren bueltan: etxeko zaintza egitera. «Lan produktiboan ez ziren egon, ez zuten ezer ez kotizatu gero pentsio bat kobratu ahal izateko, baina andrazko haiek gastu publikoa murriztu zuten. Sistemari eutsi zioten». Gehitu du garai hartako emakumeek egindako lanaren ondorioz instituzioek ez zutela beharrik ikusi zaintzari lotutako zerbitzuak abiatzeko, haur eskolak edo zahar etxeak, adibidez.
Hala, garai hartan eremu produktibotik at lan egin izanak eta egun zaintza pribatizatuta egoteak mesede gutxi egiten die andre horiei. Beren pentsioak gutxieneko kopuruetara iristen ez direnez, ahalmen murritza dute elikadura duina eta osasuntsua izateko, baita behar dituzten botikak erosteko ere. «Zaintza diruaren menpe dagoenez, emakume horien eta beren belaunaldiko gizonen artean desberdintasun handiak daude». Horregatik diote zaintza ezin dela merkatuaren menpe egon: «Zaintza sistema publiko eta komunitarioa behar da».
Carolina Clemente: «Zaintza, eskubide ez, pribilegio bihurtu da»
Putas en Lucha (Putak Borrokan) kolektiboak ere bat egin du greba feminista orokorrarekin: «Gizartean bazterturik edota prekaritate larrian daudenek osatzen dute, hein handi batean, sexu langileen kolektiboa. Egoera horretara iritsi gara lan feminizatuak oso prekarizatuta daudelako», azaldu du Carolina Clemente kideak. Hau da, lan prekarioenetan diharduten emakume anitzek ez dute behar bertze diru sarrerarik beren gastuak ordaintzeko, eta prostituzioan amaitzen dute. «Sexu lanetan aritzeko hautua orain baino libreagoa izan dadin borrokatzeko modua da greba».
Alde horretatik, zaintzaren pribatizazioaren ondorioak salatu ditu: bakarrik dauden eta adingabeak nahiz adinekoak zaindu behar dituzten emakumeek diru gehiago behar izaten dute zaintza beharrei aurre egiteko, eta horregatik amaitzen dute anitzek sexu lanean. «Zaintza, eskubide ez, pribilegio bihurtu da», borobildu du. Egoera horri buelta emateko irtengo dira bihar kalera: «Uste dugu noizbait lan sistema hobetzen bada, sexu lanetan aritzen diren horiek benetan hala nahi dutelako egingo dutela, eta ez beste irtenbiderik ez dutelako».
Izan ere, Clementeren arabera, kolektibo jakin batzuetakoek ez dute beste aukerarik izaten, hala nola migratzaileek, ijitoek eta emakume transexualek. Hala, migratzaileen kontrako abusuak, ijitoenganako arrazakeria eta transexualenganako jarrera baztertzaileak salatu ditu, zailtasunak jartzen baitzaizkie lan merkatura sartzeko, eta sarri prostituzioa baita haien aterabide bakarra. Lan horretan ere gorabehera nahikoa izaten dute: «Ez daukagu babestuko gaituen legerik; beraz, patronalak edozein baldintza inposa diezaguke ordutegien edo bezeroen inguruan».
Lan eremutik kanpo ere, amesgaiztoa ez da amaitzen: «Behin lan horietara iristen zarela, gobernuak mehatxatu egiten zaitu esanez lege batzuk onartuko dituela, zure lana arriskutsuago bihurtuko dutenak eta klandestino egin». Horri gehitu behar zaio, gainera, emakume horiek ezin direla gaixotu, eta ez dutela opor egunik edo bertze edozein lan eskubiderik. Zaintzarekin lotutako adibide bat jarri du Clementek: «Sexu langile aritzea da ume baten zaintza kentzeko irizpideetako bat. Ez du zentzurik, ez baitago modurik frogatzeko emakume bat sexu langilea bada ama txarra izango dela». Beraz, gurpil amaiezin baten antza du egoerak: emakume batek bere seme-alaben zaintza gal dezake haien beharrak asetzeko baliabide nahikorik ez badu, eta berdin baliabide horiek sexu lanaren bidez lortzen baditu. «Kontraesana da», dio Clementek, etsita.