Hiru ahots eta bi konpas euskarak sindikalismoan behar duen tokiaz

UEUren ikastaro batean agerian geratu da sindikalismoan zer alde dauden euskararen inguruko politiketan; ELA eta LAB propio ari dira horiek sustatzen, harago egiteko. CCOOrentzat, «hizkuntza distantzia» eta «eleaniztasuna» tentuz aritzeko motiboak dira.

Lan mundua euskalduntzeari buruzko mahai ingurua Udako Ikastaroetan.  JON URBE / FOKU
Sabin Zubiri, Pello Igeregi eta Urko Aierbe, gaur. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2024ko ekainaren 13a
19:30
Entzun

Lan eta bizi euskaraz. Eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko estrategia berriak arnasguneetatik ikastaroa egin dute gaur Tolosan (Gipuzkoa), UEU Udako Euskal Unibertsitatearen udako ikastaroen barruan. Sindikatuetako ordezkariekin egin dute mahai inguruetako bat. Urko Aierbe (LAB), Pello Igeregi (ELA) eta Sabin Zubiri (CCOO) izan dira mintzakideak. Kontseiluko koordinatzaile Manex Mantxolak zuzendu du solasaldia. Ikuskeren arteko aldea agerikoa izan da. Eta aurrez ere ezaguna. ELAk eta LABek bat egiten dute, oro har, lan ildoan. Bestelakoa da CCOOren begirada. Hiru ahots izan dira, eta argi utzi dute euskarak lan munduan izan behar duen etorkizuna bi konpas ezberdinetan izkiriatu nahi dutela.

Lan mundua euskaratzearen alde egiteko ahaleginetan ari dira ELA eta LAB, Euskalgintzaren Kontseiluak arlo horretan egin dituen proposamenekin bat eginda. Esaterako, 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak negoziatzeko nahia adierazi zuten hiru erakundeek 2020an. Bi sindikatuak, halaber, usu atera dira kalera salatzeko «oldarraldi bat» dagoela administrazio publikoan hizkuntza eskakizunak murrizteko eman diren epaien atzean. CCOOk bestelako jarrera du, eta auzibideak ere abiatu izan ditu hizkuntza eskakizunen kontra, iritzita langileen eskubideen aurkakoak direla.  Bi ikuskeren arteko dema nabarmena da, eztabaida iturri ere bada usu, eta gaur, solasaldiaren hasieran, Mantxolak berak «begirunea» eskatu du.

Zubirik, alde horretatik, esan du «hizkuntza politikan ere aniztasun demokratikoaren alde» egin behar dela. Haren mezuaren beste gakoetako bat «eleaniztasuna» izan da; hain justu ere, nabarmendu du euskararen ezagutzari dagokionez askotariko egoerak daudela langileen artean, eta, hori horrela, beti kontuan hartu behar dela «egoera soziolinguistikoa». Gaia usu «polemikaren» lorratzetan aipatzen bada ere, «hizkuntza distantziari» erreparatu nahi izan dio, eta adierazi euskara «zaila» dela beste hizkuntza batzuekin alderatuta. Horiek aintzat hartzen ez badira «arrakalak» agertzen direla azaldu du. Adibidez, Lanbideren 2018ko datu batzuk eman ditu, 2016ko Inkesta Soziolinguistikoko datuekin ere osatuta, erakusteko langabetuen artean ez-euskaldunak gehiago direla. Esan du halakorik ez gertatzea dela CCOOren xedea. «Zubiak, ez hesiak», aldarrikatu du. «Klase arrakalarik gabeko herrialde eleaniztun bat dugu helburu».

Igeregik eta Aierbek, berriz, gogoratu dute beren-beregi euskararen alde hartutako neurriak defendatu behar direla. «Logikoa da zapaldua den hizkuntza baten alde egitea», argudiatu du Igeregik. «Logika neoliberal batean, gainera, hizkuntza gutxituek zailagoa dute», ohartarazi du. Bide horretan, «euskararen defentsa gizarte kohesioaren defentsa» ere badela azaldu du, eta gehitu «errotze bide bat» ere badela «euskal herritar berrientzat». «Gure sindikatuarentzat, ezinbestekoa da euskararen defentsa». Aierbek ere gogoratu du euskararen egungo egoera «zapalkuntza» baten ondorio dela, eta horregatik egin behar dela propio lan munduan ere euskara sustatzearen alde.

Egitekoen artean dute denek «barrura begirako» lana: sindikatuak ere euskalduntzekoa. Ari dira bide horretan urratsak egiten. Adibideak ipini dituzte. Aierbe: «Egun, LABeko liberatuen %96 euskaldunak dira». Lan itunen bidez euskararen aldeko neurriak sustatzeko modua badute, eta ari dira. Ahal duten heinean, eta barne «kontraesanak» ukatu gabe. «Negoziatzeko orduan, hizkuntzaren gaia izaten da erortzen lehenengoa. Hala da, eta horri buelta bat eman behar diogu benetan lan mundua euskaldundu nahi badugu», onartu du Aierbek. Argi du arautegian ere eragin behar dela. «Estatus berri bat behar du euskarak, eta lan munduari begirako araugintza berri bat ere behar dugu, borondatetik derrigortasunera egingo duena».

Igeregik gogoratu du lanpostu publikoak eskuratzeko orduan beste hainbat «eskakizun» ere egiten zaizkiela langileei, hizkuntzarekin lotutakoez bestelakoak, eta horiek ez direla auzitan jartzen. «Euskararen ezagutzak sarbidea mugatzen omen du administrazioan. Hori euskararekin bakarrik aipatzen da», kritikatu du. «Xenofobo ere deitu gaituzte, eta hala deitu gaituzten horiek indarrean iraunarazten dute lege bat jatorriz EBkoak ez diren langileei galarazten diena administrazio publikoan lan egitea. Baina xenofoboak gu gara».

«Estatus berri bat behar du euskarak, eta lan munduari begirako araugintza berri bat ere behar dugu, borondatetik derrigortasunera egingo duena».

URKO AIERBE LAB sindikatuko ordezkaria

Sindikatu barruan egin dituzten urratsetan, langileen euskalduntzearen alde egindakoak nabarmendu nahi izan ditu Zubirik.  «Azpimarratuko nituzke euskara errazago ikasteko proposamenak», argudiatu du. «Uste dugu langileak lagundu egin behar direla». Hain zuzen, euskaltegiak doakoak izateko eskatu du, eta lanorduetan ikasteko «liberazioak» ezartzeko. Hizkuntza eskakizunei dagokienez, euskaldunen «aniztasun asimetrikoa» aintzat hartzeko neurriak ere eskatu ditu, eta azterketa eta egiaztatze sistema eraberritzeko urratsak.

Oldarraldia adibide

Euskararen aurkako oldarraldiaren inguruan ere bi bloke agertu dira solasaldian. «Zalantzarik» ez da Aierberentzat, «oldartuta» daude euskararen aurka epaileak eta ez da «ausaz» gertatzen ari. Helburua argi du: «Euskararen normalizazio prozesua geraraztea eta, ahal bada, atzera egitea». Hortik aldarria: «Premiazko akordio soziopolitiko bat behar da oldarraldia gerarazteko». Bat dator Igeregi: «Oldarraldia da politikoa, judiziala eta sindikala».

«Xenofobo ere deitu gaituzte, eta hala deitu gaituzten horiek iraunarazten dute indarrean lege bat jatorriz EBkoak ez diren langileei galarazten diena administrazio publikoan lan egitea».

PELLO IGEREGIELA sindikatuko ordezkaria

Zubiriren ustea oso bestelakoa da. «Guretzat, ez dago oldarraldirik». Horren gaineko salaketa bi «faltsukeriatan» oinarrituta dagoela uste du. Batetik, hizkuntza eskakizunen aurkako helegiteak jartzea «normaltasun demokratikoaren» seinale dela argudiatu du, eta gehienak «partikularrak» direla, gainera. Bestetik, uste du indarrean dagoen araudiaren gaineko interpretazio okerretan oinarrituta daudela oldarraldiaren gaineko salaketak. Zuzenean mintzatu zaie solaskideei. «Agian batzuek uste zenuten araudi jakin bat genuela, baina beste bat dugu». Hortik oldarraldiaren ukazioa: «Ez da prebarikazioa, ez da legea ezkutuan aldatzeko konspirazio bat».

«Agian batzuek uste zenuten araudi jakin bat genuela, baina beste bat dugu. [Oldarraldia] Ez da prebarikazioa, ez da legea ezkutuan aldatzeko konspirazio bat».

SABIN ZUBIRI CCOO sindikatuko ordezkaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.