Urkullu, hiru agintaldi argi-itzalekin

Krisitik krisirako agintaldia izan da Iñigo Urkullurena. Ia hamabi urte egin ditu Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa, eta erdizka bete ditu agindutakoak. Ekonomia izan da haren ardura nagusia.

Iñigo Urkullu
Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
aitor biain
2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Hiru legealdi egin ditu Iñigo Urkullu Renteriak (Alonsotegi, Bizkaia, 1961) Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa. Ia hamabi urte horietan, bere izaera eta estiloa ezarri ditu lehendakaritzan: pertsona serioa eta neurritsua izatearen ospea hartu du, eta ezaugarri horiek markatu dute haren politika egiteko modua ere. Erakundeen eta ekonomiaren egonkortasuna eta autogobernua izan ditu iparrorratz, kudeaketa eta elkarrizketa bidetzat hartuta. Oposizioak, ordea, maiz leporatu izan dio gizartearekiko deskonexioa legealdiz legealdi areagotu izana.

Zaratatsua izan da, ordea, azken legealdia izango duela jakinarazteko modua, eta bigarren plano batean utzi ditu azken urteetan bozetan lortutako emaitza onak. Imanol Pradalesen hautagaitzarekin azken hauteskunde zikloan EAJk izandako boto galera eten nahi dute jeltzaleek, eta ziklo politiko berri bati bide eman. Baina ezin da ukatu Urkullu oraindik orain balio handiko figura dela EAJrentzako. Haren gizon lasaiaren irudia baliagarria izan baita herritar askoren konfiantza bereganatzeko eta eraginkortasuna lehenesten duten sektoreekin konektatzeko.

Eusko Legebiltzarrerako azken hiru hauteskundeetan lortutako emaitzak dira horren lekuko: botoetan gorabeherak izan baditu ere, eserleku kopuruei eusteko gai izan baita EAJ haren eskutik; are gehiago, handitu ere egin ditu. Egin kontu: 2012an, 27 legebiltzarkide lortu zituen, 385.000 boto ingururekin; 2016an, 28 legebiltzarkide, 398.000 botorekin; eta 2020an, 31 legebiltzarkide, 350.000 botorekin.
 

Botoetan gorabeherak izan baditu ere, Eusko Legebiltzarrerako azken hiru hauteskundeetan eserleku kopuruari eusteko gai izan da EAJ haren eskutik. Gizon lasaiaren irudia baliagarria izan da da herritar askoren konfiantza bereganatzeko.

Joan den astean publikatutako Soziometroak, halaber, emaitza onak ematen dizkio EAJri. Urkullu lehendakarigai izango ez zela jakin aurretik egindako inkestak 29 eserleku ematen dizkie jeltzaleei; 2020an baino bi gutxiago dira, baina Urkulluk bozetan lorturiko bigarren emaitzarik onenak lirateke. Hori gutxi ez, eta Eusko Jaurlaritzari eusteko modua izango luke EAJk, PSE-EErekin gehiengo osoa lortuta.

Laburbilduz: EAJren helburuak bete dituen buruzagia izan da Iñigo Urkullu. Baina agintean emandako urteen higadura gero eta nabariagoa da harengan ere, eta lehen aldiz lehendakari izendatu zutenean agindutakoa erdizka beteta utziko du Ajuriaenea. Izan ere, krisi ekonomiko baten testuinguruan iritsi zen Urkullu lehendakaritzara, eta beste krisi baten erdian utziko du orain; kasu honetan, zerbitzu publikoen gainbeherari lotutakoa.

Paradoxikoki, ordea, ekonomikoa izango da nagusiki haren legatua. Kontu publikoak orekatzea eta langabezia tasa %8tik behera kokatzea lortu badu ere, ez baita gai izan Gernikako Estatutua osatzeko Madrilek eskualdatu gabe dituen eskumen guztiak bereganatzeko, ez eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin estatus berri baterako akordioa egiteko ere.

2012-2016

Identitatea albo batera

Patxi Lopez - Iñigo Urkullu

Gutxiengoan izendatu zuten lehendakari Iñigo Urkullu 2012an. Patxi Lopezen hiru urteko agintaldiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzaren lema berreskuratu zuen EAJk haren eskutik, eta Juan Jose Ibarretxeri hartu zion lekukoa lehendakari jeltzaleen zerrendan. Oso bestelako bidea hartu zuen Urkulluk haren aldean, ordea. Ibarretxeren Estatutu Berrirako Proposamena Madrilgo kongresuraino iritsi eta ezetza jaso ostean itxi zioten bidea hari, baita EAJn ere. Urkulluk Jaurlaritzara iritsi orduko alboratu zuen.

Hauteskunde kanpainan data zehatza jarri zion autogobernuari buruzko galdeketari, hala ere. 2015erako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berri bat berresteko kontsulta bat antolatuko zuela agindu zuen hauteskunde kanpainan, eta handik urtebetera, 2013an, jada agintean zela New Yorkera egindako bidaia batean, 2020an Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea erabiliko zuela ere agindu zuen. Paperean geratu ziren asmo guztiak, ordea.

Naziotasunaren gaiak baztertu eta gizarte gaietan jarri zuen arreta hala, ekonomiaren susperraldia helburutzat jarrita. 2008ko Atzeraldi Handiaren ondorioei aurre egitea egokitu zitzaion. Artean, ahul eta eztulka ari zen industria oraindik, eta mamuak urrundu ezinik. 2013ko Fagor Etxetresnak kooperatibaren hondoratzea izan zen horren erakusle; 5.000 langiletik gora zituen. Legebiltzarrean gehiengorik ez izateak ere zaildu egin zion hasieran aurrekontuak onartzea, eta arriskuan jarri zuen haren agintaldia. PSEren babesa lortu zuen gerora, eta egonkortasun instituzionala.

Patxi Lopez lehendakari zela iragarri zuen ETAk jarduera armatuaren amaiera, 2011ko urriaren 20an, eta Urkulluren legealdi hasieran jada jarduera armatua amaitua zegoen. Ondorengo urteetan nagusiki bakea eta bizikidetza izan zituen hizpide lehendakariak, eta ETAren biktimen aitortza izan zuen lan ildo.

2016-2020

Ustekabeko suak 

ZALDIBARKO HONDAKINDEGIA

Sozialisten eskutik ekin zion Urkulluk bere bigarren agintaldiari, koalizio gobernua eratu baitzuten EAJk eta PSE-EEk urteetan aldenduta egon ondoren. Gutxiengoan osatu zuten Eusko Jaurlaritza, ordea, eta horrek oposizioarekin akordioak egin beharra eragin zion, aurrekontuak horren lekuko: PPrekin birritan eta Elkarrekin Podemosekin behin onartu zituen. Ekonomiaren susperraldia lehenetsi zuen, eta estatus berrirako akordioa alboratu; izan ere, Eusko Legebiltzarrean lantaldea eratzea eta testu artikulatu bat adostea lortu bazuten ere, ez zuen jarraipenik izan.

Profil propioa markatu zuen Urkulluk ETAren behin betiko amaieran ere. Ez zen izan Bakegileek Baionan antolatu zuten armagabetzearen ekitaldian, 2017ko apirilean; kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku utzi zituela iragarri zuen ETAk orduan. 2018an ere, ETAren desegitea iragartzeko Kanboko (Lapurdi) konferentzian parte hartzeari uko egin zion, gonbidapena jaso arren. Horren ordez, agerraldi bateratua egin zuen Uxue Barkos orduko Nafarroako lehendakariarekin batera, Bertizen (Nafarroa).

Aldiz, bere lekua izan zuen Urkulluk Kataluniako prozesu independentistak eragindako gatazkan. Bitartekaritza lanak egin zituen Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen eta Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen artean, 2017ko udazken hartan. Independentzia deklarazioa saihestea izan zen haren helburu nagusia, bi agintarien arteko elkarrizketa erraztu asmoz. Huts egin zuen haren eginahalak, ordea. Eta Junts eta EAJren arteko harremanak gaiztotu egin zituen.

Etxean, agintaldiaren amaieran piztu zitzaizkion Urkulluri bere bigarren agintaldiko bi surik handienak. Osakidetzako oposizioen iruzurrei lotutakoa izan zen lehenengoa 2018ko ekainean, Osakidetza egiten ari zen lan eskaintza publikoan irregulartasunen zantzuak zabaltzen hasi zirenean hainbat iturri. Gerora, hedatuz eta sakonduz joan zen krisia, auzia epaitegietara iritsi arte. Krisi haren ondorioz, dimisioa eman zuen Jon Darpon Osasun sailburuak. Urkulluren gobernuan urte hauetan guztietan kargua utzi behar izan duen sailburu bakarra izan da.

Zaldibarko zabortegiaren amiltzea izan zen bigarren krisia, eta, akaso, handiena. 2020ko otsailean luizi bat gertatu zen Verter Recycling enpresaren zabortegian, eta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak azpian harrapatu zituen. Lehendakariak ez zuen ezer esan lau egunez, eta ez zen zabortegira joan ezbeharra gertatu eta ia astebete igaro arte. Gertakari haren ondorioz, kritika ugari jaso zituen Urkulluk, baina tinko eutsi zion bereari. Jaurlaritzak «okerrak» aitortu eta «autokritika» egin zuen lehendakariak zabortegiko kudeaketaren inguruan, baina Verter Recycling enpresarengan jarri zuen istripuaren ardura guztia.

Bi hilabete lehenago, 2019ko abenduan, De Miguel auziaren sententzia eman zuen argitara Arabako auzitegiak: EAJko hiru goi kargudun zigortu zituzten epaitu den ustelkeria kasu handienetako batean. Urkulluk zintzotasunez jokatu izana defendatu zuen, eta EAJk ez zuela zerikusirik izan azpimarratu. Atsekabea agertu zuen zigortuak alderdi kideak zirelako.

2020-2024

Izurria eta deskonexioa

Iñigo Urkullu

Osasun krisiak markatu du haren hirugarren eta azken agintaldia. COVID-19aren izurriaren gordinenean izendatu zuten Urkullu hirugarrenez lehendakari, bozak 2020ko apiriletik uztailera atzeratu ondoren, eta, hain zuzen ere, gaitzari aurre egiteko neurriek eta horiek hartzeko moduek eragin zuten gizartearen desatxikimendua gobernuarekiko. Jaurlaritzaren kudeaketa zurrun, hertsi eta zorrotzak ireki zuen agintariaren eta herritarren arteko arrakala, gerora zabalduz eta handituz joan dena.

Izan ere, pandemiak agerian utzi zuen zerbitzu publikoen eta, nagusiki, Osakidetzaren gainbehera, eta aurreko legealdian piztutako su txikiak areagotzea eragin zuen horrek, hala osasun arloan nola zaintzarenean. Oposizioen auzia itxi gabe, osasun zerbitzu publikoaren egoerak inoiz baino gehiago jarri zuen jomugan Urkulluren gobernua.

Gizartearekiko urruntze hori mugimendu sozialetan ere islatu da gerora. Testuinguru horretan kokatu daiteke Emakunderen afera. Lehendakaritzako egituratik atera baitzuen lehenik, eta, 2013tik zuzendari zen Izaskun Landaida kargugabetu ondoren, mugimendu feministaren kritikak eraginez. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrak ere jomugan jarri zuen gobernuaren kudeaketa, zaintza lanak pribatizatzeko hartutako norabidea dela eta.

Arlo ekonomikoan, pandemiaren ondorengo susperraldiari nahiz Ukrainako gerrak eragindako inflazio handiko testuinguruari aurre egitea tokatu zaio. Ekonomia motelaldian sartu bada ere, ez dio aparteko estualdirik eragin gobernuari; are, inoiz izandako aurrekonturik handienarekin, langabeziaren beheranzko joerarekin eta 2008ko kopuruetatik hurbil dela itxiko du agintaldia. Eta Ekarpen Legea eta kupoa ere berrituta.

Arlo politikoan, bestalde, bere ekarpena egin nahi izan dio lurraldetasunaren aferari. Estatus berririk ez, baina Espainiarekiko aldebikotasunaren ildoaren harira, konstituzioaren interpretazio berri bat adostea proposatu zuen Urkulluk udan. «Konbentzio konstituzional bat» eratzea galdegin zuen, «erabakitzeko gaitasunean» sakontzeko eta «estatuaren plurinazionaltasunean aurrera egiteko». Proposamenak ez zuen harrera ona izan Espainian, ordea, eta zalantzan jarri zuten haren legezkotasuna. Euskal Herrian ere ez du aparteko harrerarik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.