Hiru abokatu eta beste zazpi lagun auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak jakinarazi du Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin bildu zela Frantzian, espetxean, apirilaren 16an

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi abokatuak ETAkoak izatea egotzita auzipetu ditu Javier Gomez Bermudezek, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Baita Naia Zuriarrain ere; haiekin abokatuen Bilboko bulegoan aritu zen 2010eko apirilera arte, atxilotu zuten arte. Operazioan atxikitako Joxe Domingo Aizpurua ere ETAko kide izatea egotzita auzipetu du, eta Julen Zelarain ere bai —Amnistiaren Aldeko Mugimenduan aritzegatik hamar urteko espetxea betetzen ari da—. David Pla iheslaria multzo berean sartu du. Saioa Agirre ETAri laguntza ematea egotzita auzipetu du —Etxerat-eko kide zen, eta 2010eko operazioan atzeman zuten—, Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondo bezala.

Gomez Bermudezek auzipetze autoan dioenez, «espetxeetako fronteari» egitura eman zion Halboka taldeko kide izan ziren akusatuak. ETArentzat «presoen eta preso ohien kolektiboa» betidanik «garrantzitsua» izan dela dio, eta horiek «kontrolpean» izateko sortu zuela Halboka.

Bi «azpiegitura» bereizten ditu horren barruan: presoen eskubideen alde jardun duten «eragile sozialak» biltzen ditu batean. Amnistiaren Aldeko Batzordeekin eta Askatasunarekin batera, Etxerat ere espresuki aipatzen du.

«Koordinazio Taldea» da bigarren «azpiegitura», Gomez Bermudezen esanetan. Talde horrek presoak koordinatzeko eginbeharra duela dio, eta EPPK dela arlo horren «lege estalgarria».

Akusatu gehienei «Koordinazio Taldeko» kide izatea egotzi die epaileak; presoen eta ETAren arteko komunikazioa ahalbidetzea. ETArentzat iraultza zerga biltzeko bitartekari aritzea ere leporatu die zenbaiti, besteak beste.

Zuluetaren aurka gogor egin du epaileak, jomugan jarrita. Arduradun nagusitzat jo du, eta ETAri helburuak zerrendatzen laguntzea ere egotzi dio. Ustez abokatuen Bilboko bulegoan egindako miaketa batean atzeman zituzten argazki batzuek ETAren zulo baten kokapena argitzeko baliagarri zirela eta, armak eta lehergaiak izatea ere leporatu dio Zuluetari.

Deklaratzeko ordua uztailaren 23rako jarri die epaileak, eta hiruna mila euroko bermea eskatu die. Zulueta eta Enparantza preso dira beste auzi batengatik.

Bestalde, EPPK-k jakinarazi du apirilaren 16an HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin bildu zela Paris inguruko Reauko kartzelan. Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre mintzaideak HNTko Pierre Hazanekin egon ziren. Ray Kendall taldeko kide eta Interpoleko buru ohia ere bileran parte hartzekoa zen, baina espetxeko agintariek sarrera eragotzi ziotela azaldu du EPPK-k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.