Pobreziaren kontrako nazioarteko eguna da bihar, eta, hori dela eta, Donostiako Zero Pobrezia plataformak bizikleta martxa batera deitu du, Beste mundu bat beharrezkoa eta posiblea da: desberdintasunak ezabatu! lelopean. Haizearen Orrazitik aterako da, 12:00etan, eta Bulebarrean amaituko da. Plataformak 21 entitate biltzen ditu, eta horren bi bozeramaileetako bat da Iñigo Odriozola (Donostia, 1973) —Gema Hierro da bestea—: «Gehienak gara garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak». Pobreziaren aurkako eguna dela eta, Oxfam Intermon GKE gobernuz kanpoko erakundeak egindako ikerketa bat nabarmendu du: COVID-19aren ondorioz, baliteke 500 milioi pobre baino gehiago egotea munduan; EAEn, hain zuzen, 15.500 gehiago.
Ohartarazi duzue COVID-19ak geldiarazi egin dituela pobreziaren eta bazterketaren aurkako borrokan emandako aurrerapausoak. Zertan nabaritu duzue?
Zenbaki makroei dagozkie aurrerapauso horiek. Adibidez, muturreko pobreziari dagokionez, munduan zenbakiak jaitsiz joan dira azken 20 urteotan, poliki izan bada ere. Pandemiak, ordea, frenatu egin du joera hori, eta, 20 urtean lehen aldiz, handitu egingo da berriz: 115 bat milioi pertsonak nozitu dezakete aurten, Munduko Bankuaren arabera. Kontua da aberastasuna nola banatzen den, eta uste dugu sistema honek ez duela bermatzen ongizatea. Bai, eman dira aurrerapausoak, baina beste datu askok esaten dute sistema honek ez digula erantzunik ematen benetako ongizatea bermatzeko eta giza eskubideetan oinarritutako gizarte bat sortzeko.
Pandemia lehertu zenetik, zer eginkizun daukate instituzio publikoek pobrezia eragozteko ahaleginean?
Oraindik ez daukagu erantzun zuzenik. Eusko Jaurlaritzak ikerketa bat plazaratu du duela gutxi, zeinak esaten duen auzo pobreenetan, langabezia tasa handiena duten horietan, COVID-19arekin kutsatzeko arriskua bestelako auzoetan halako bi dela. Aurrera eramango dituzten politikei dagokienez, oraingoz ematen du aurten, behintzat, ez dutela murrizketarik egingo ongizate politiketan. Guk hori defendatzen dugu, baita garapenerako lankidetza politikak ez ahaztea ere, nazioarteko elkartasun hori mantendu behar baitugu. Tira, ikusiko dugu zein den bilakaera datorren urteko aurrekontuetan.
Iruditzen zaizue COVID-19aren hedapenak erakusten duela neurri globalak hartu behar direla. Nola artikulatu daitezke?
Esan izan dugu globalki borondate politikoa falta dela. Argi ikusten dugu arazoa globala dela, eta, bai, bakoitzak bere lekutik neurriak hartu behar ditu, baina badauzkagu helburu global batzuk denon artean adostutakoak eta ez ditugunak gure agenda politikoetan behar bezala txertatzen; adibidez, giza garapen jasangarrirako 2030 Agendak jasotakoak [NBEk bultzatu zuen]. Instituzio publikoek, enpresek, erakundeok, horri jarraituz egin dezakegu bidea.
Dena den, plataformakook ihes egin nahi izan diogu logika humanitarioari. Bai, laguntzek garrantzia dute, noski, baina haratago jo nahi dugu, eta iruditzen zaigu gauza asko errotik aldatu behar direla. Bakoitza bere aldetik ari da erantzuten, bere burua salbatzen, eta, horrela jarraitzen badugu, ez da irtenbide justurik egongo. Edo denok batera eraikitzen dugu konponbidea, edo zaila izango da.
Horretarako, garapen eredua aldatu beharra aldarrikatzen duzue. Aipatutako borondate falta hori aintzat hartuta, posible ikusten duzu?
Posible ikusten dugu, eta egun itxaropen mezu bat plazaratu nahi dugu, gainera. Azkeneko hamabost urte hauetan ikusi dugu pertsona eta erakunde batzuk bizitza erdigunean jartzen ari direla. Badaude pertsonak, badaude ereduak horren erakusgarri, eta uste dugu horiei jarraitu behar diegula. Izan ere, pandemia honek erakutsi digu sistema hau zein ahula den. Hori oso argi ikusten dugu.
Pandemiaren hasieran mezu hau errepikatzen zen, mantra baten gisara: «Hobeak egingo gaitu».
Itxaropen mezu bat eman nahi dugu. Garapenerako erakundeok ez badugu egiten, nork egingo du... Azken hilabeteotan ikusi da, adibidez, zaintza oso garrantzitsua dela eta sistema ekonomikoan integratu behar dela. Emakumeak orokorrean eta etorkinak aritzen dira zaintza lanetan. Zer gertatuko da datozen urteetako aurrekontuetan? Bermatuko dituzte pertsona horien guztien lan eskubideak? Gizarteak benetan baloratuko ditu pertsona horiek? Edo lehengora bueltatuko gara? Galdera horiek hor daude.
Herritarrek nola erantzuten diete egiten zaizkien deiei?
Ikusten dugunaren arabera, arazoren bat gertu tokatzen denean, eta proiektu humanitario jakin bat denean, agian errazagoa da kontzientziatzea. Baina, pobreziaz globalki pentsatzen hasten garenean, gehiago kostatzen zaigu jendea mobilizatzea. Hiritartasun globala duten hiritarrak eraikitzea gehiago kostatzen da. Begirada global hori izatea funtsezkoa iruditzen zaigu gauzak aldatzeko.
Hamabost urte pasatu dira plataforma eratu zenutenetik. Zer balantze egiten duzue?
Gure balantzea positiboa da. Plataforman gaudenok ulertu dugu sarean lan egitea askoz ere eraginkorragoa dela; aldarrikatzeko eta salatzeko bozgorailu garrantzitsu bat da plataforma. Bestetik, egia da kostatzen dela oinarri soziala zabaltzea eta boluntarioak lortzea, eta gustatuko litzaigukeela, gainera, ekintzetara ere jende gehiago erakartzea.
Iñigo Odriozola. Donostiako Zero Pobreziako bozeramailea
«Hiritartasun globala duten pertsonak eraikitzea gehiago kostatzen da»
Pobreziaren aurkako nazioarteko eguna da bihar, eta plataformaren eledunak uste du horri aurre egiteko bizitza jarri behar dela erdigunean, eta NBEk bultzatutako 2030 Agendan jasotakoei jarraitu behar zaiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu